NAIZ

Eroskik 9.500 langile-bazkide eta 1,3 milioi kontsumo-bazkiderekin amaitu du urtea

Eroski kooperatibak 9.500 langile-bazkide eta 1,3 milioi kontsumo-bazkiderekin amaitu du 2022ko ekitaldia. Urte horretan 32 milioi euroko emaitza positiboa lortu du; horietatik 29 milioi erreserbetara bideratuko ditu, eta 2,8 milioi Mendeko Finantza Ekarpenen interesak ordaintzera.

Leire Mugerza eta Rosa Carabel, maiatzean egindako batzar nagusian.
Leire Mugerza eta Rosa Carabel, maiatzean egindako batzar nagusian. (NAIZ)

Eroskik Ohiko Batzar Nagusia egin zuen maiatzaren 25ean Bilbon eta bertaratutako bazkideek bai kooperatibaren urteko banakako kontua, bai Eroski taldearen kontu kontsolidatuak onartu zituzten.

Eroskiko kontseilari ordezkari Rosa Carabelek ekitaldiko jarduera errepasatu zuen eta aurreko urtean baino etekin apalagoa izan dutela adierazi zuen (%45,4 gutxiago), «kostuak handitu egin direlako, emaitza finantzarioak normalizatu egin direlako eta, batez ere, marjinak murriztea erabaki dugulako prezioei eusteko». Hala ere, positiboki baloratu zituen joan den urteko emaitza ekonomikoak: «Salmentak ongi joan dira, Ebitda hazi egin da, emaitza arrunta oso positiboa da eta egoera ekonomikoa sendotzen ari da».

Zenbakietatik harago, Rosa Carabelek balioan jarri zuen Eroskiren proiektu kooperatiboa, «guztion ekarpenekin eraikia dagoena». Horrela, 2022ko ekitaldian 1.268 pertsona egin zituen kooperatibako bazkide, eta, hala, langile-bazkideen kopurua 9.500 pertsonara iritsi zen.

Kontseilu Errektoreko presidenteak, Leire Mugerzak, kontsumitzaile kooperatiba gisa duen eredua aldarrikatu zuen, «banaketa enpresa gisa sortzen den aberastasunaren banaketa orekatsua bilatzen duen eredua, besteetatik bereizten dena erabakitzeko eta erabakia aplikatzeko dugun moduagatik, guztion artean egiten baitugu».

Eroski taldearen kontu orokorrei dagokienez (optikak, gasolindegiak edo kirol dendak hartzen dituena), iaz 64 milioi euroko emaitza positiboa lortu zuen (%38,8 gutxiago) eta Ebitdak (interesen eta zergen aurreko mozkina) 280 milioi euroak gainditu zituen. Finantza zorrari dagokionez, Eroskik 44 milioi euro gutxitu zuen, eta 909 milioi euroan utzi zuen. Gauzak horrela, 2009tik guztira 2.514 milioi euro murriztu du bere zorra.