NAIZ

Elgeamendin egin nahi duten zentral eolikoaren aurkako protesta egin du Arabako Mendiak Askek

Arabako Mendiak Aske plataformak deituta, ‘Babestu Maite Duzun Mendia’ ekimenari bukaera eman diote Elgeamendira martxa bat eginez, bertan eraiki nahi duten zentral eolikoaren aurka protesta egiteko.

Elgeamendin egin dute protesta.
Elgeamendin egin dute protesta. (Arabako Mendiak Aske)

Arabako Mendiak Askek antolatutako ‘Babestu Maite Duzun Mendia’ ekimeneko azken mendi martxa burutu dute gaurko egunez. Azken asteetan mahai gainean jarri dituzte «inposatu nahi diren zentral eoliko eta fotoboltaikoengatik arriskuan egon litezkeen mendi nahiz soroak», hala nola, Mendialdean Laminoria, Aramaion Durakogain, Arabako Lautadan Durana, Añañan Cantoblanco, Orozkon Jesuri eta Barrundian Elgeamendi.

Goizeko 10.00etan abiatu dira Marieta herritik eta 3,1 km-ko ibilbidea egin dute Elgeamendira iritsi diren arte. Bukaerara iritsitakoan, bertaratutakoen artean 25 metroko diametroa duen aerosorgailu baten oinarria irudikatu dute. Ostean, Santa Marina ermitara abiatu dira Euskal Herriko Hazien Sareak emandako haziez betetako poltsatxo batzuk banatu dituzte gerturatu direnen artean.

Irakurri duten adierazpenean argi utzi nahi izan dute energia berriztagarrien aldekoak direla, «baina ez era honetako proiektuen aldekoak». Izan ere, salatu dute «neurriz kanpoko proiektu hauetan» ez dela tokiko herritarren ahotsa kontutan hartzen eta jadanik legez babesturik diren naturguneak proiektu hauekin zeharo babesik gabe eta zapalduta gelditzen direla.

Jakitera eman dute Elgeamendin Capital Energy enpresak 200 metroko altuerako 6 aerosorgailuko zentral eoliko bat eraiki nahi duela. Halaber, azaldu dute Arabako Foru Aldundiko teknikariek txosten batean nabarmendu dutela zentral eoliko honek ingurumenean izango lukeen eragina handia izango litzatekeela.

Mendi martxa honen bidez «Green izena darabilten enpresen jarduera» salatu nahi izan dute. Era berean, aipatutako proiektuak landa-eremuarentzako «guztiz neurriz kanpokoak» direla ere aldarrikatu dute: «Zentzu honetan enpresa hauei ez zaie batere axola ez beraien zentralek eragiten duen ingurugiro kaltea, ezta landa-eremuarekiko ondorio larriak ere».