Maite Ubiria

Ikurrinez eta euskal irriaz beteriko ekitaldia egin du Gure Eskuk Bidasoaren gaineko zubian

Gora Euskal Irria oihuen artean haurrek zein helduek girotu dute Irun eta Hendaia arteko kalejira. Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoen laguntzaz, gaur zabaidu duten Etorbidea zubia ikurrinez bete dute Bidasoaren bi ertzeetan herri bat dagoela nabarmentzeko.

Gure Eskuk antolaturiko kalejiran parte hartu dute lagunek Etorbidea zubian.
Gure Eskuk antolaturiko kalejiran parte hartu dute lagunek Etorbidea zubian. (Gorka RUBIO | FOKU)

Irungo Santiago auzoan emana zuen hitzordua Gure Eskuk astelehen honetan, eta eguerdian dagoeneko giroa sumatzen zen. Izan ere Pirritx, Porrox eta Marimotots heldu direlatik, orduan bai, frontoia gogotsu jotzen zuen eguzkiak berak gradu bat edo beste gora egin du.

Haurrek txaloka hartu dituzte pailazo maitagarriak eta kantak errepikatzeko aukerarik ez dute galdu. Sudur gorrien hirukoteak, bere aldetik, erabakitzeko eskubideak onurak baizik ez dituela, baita txikien bizimodua hobetzeko orduan, azaldu dute.

Marimotots 'filosofoari' eman dio ikasgaia hori egiteko ardura Porrotxek eta abestiak bezain harrera ona ukan du azalpen azkarrak.

Gure Esku sarearen bozeramaleek ekimenaren nondik norakoak eman dituzte.

Joan zen ekainaren 23an, orduan guztiz hesituta zegoen Etorbidea zubian eman zuten prentsaurekoan azaldu zuten bezala, gaurko ekimenaren bidez «Bidasoa ez dela muga bat, zubia baizik» aldarrikatu dute.

Tourrak gaur ez duela ez Espaina atzean utziko ezta Frantzian sartuko ere argitu dute, euskal zaleei gaur ere «Bidasoaren bi aldeetan herri bat dagoela» erakusteko gonbidapena helaraziz.

Era berean, frantziar agintariek berrezitako kontrolek migranteen biziak arriskuan jartzen dituztela salatu dute, Bidasoa ibaia zeharkatzen hil diren etorkinak oroituz.

Hitzartzea amaitu bezain pronto, pailazoen segizioa martxan jarri da, Santiago auzoa zeharkatzen duen bide gorrian ziren ibiltarien harridura, hasieran, eta ondoren, irrifarra eraginez.

Santiagotarrak arraun taldearen klubaren parean, Erika eta Patrick zur eta lur ziren.

Okzitaniako Tolosatik heldutako bikotea Tourraren hirugarren etapa ikustera bertaratu da. Denbora egin nahian Irunera joan eta pailazoek irekitzen zuten tropelarekin egin dute topo.

«Errana ziguten euskal herritarrek sekukakoak egiten zituztela Tourraren denboran, zoratzen zirela txirrindularitzarekin, baina honek aurreikuspen guztiak gainditzen ditu!» aitortu digu Erikak.

Bide gorriaren azken zatian helduta nola jarraitu?

Santiago zubia ezin zeharkatu. Goizeko 11.00etarako itxita zegoen. Frantses polizia bati galdetuta honek zubia hutsik izanen zela «baita Tourra helduko denean ere» argitu digu.

Txirrindulariak ikurrinez osaturiko korridore baten erdian «frantses lurraldean» sartzea agian gehiegizko irudi dela pentsatu dute antolatzaileek. Akaso.

Irrien herria ez da, ordea, lehen oztopo horrekin etsitu. Santiago zubi buruan, Irungo aldera, geroztik jarriak ziren nafar bandera erraldoia eta Gure Eskuko banderolari azken bistazoa bota eta gaur, bi urteren buruan, zabaldu duten Avenida edo Etorbidea zubira desbideratu dira.

Kantuz eta dantzaz zapaldu dute berriz ere libre dagoen oinezkoentzako pasabidea.

Hori poza hori! Alta, zubiaren bestaldean, han non bi urtez hesiak izan diren polizien lerroa agertu da, berehala. Hasieran urduri, gero harriturik eta finean, nahiko patxadaz, hartu dute uniformedunek pailazoek giroturiko ekimena.

 

‘Maite zaitut’ hit-parede-a kantatzeari egin eta fite dantzan jarri dira kalejiran parte hartu duten lagunak. Handik aurrera ‘Hator, hator’ eta ‘Txoriak txori’ kantatu dute, zubia pasatzeko asmoarekin heldutako herritarrek bideoak grabatzen zituzten bitartean.

Ikurrina eskuetan ezin sartu Hendaiara

Hendaian ez diete sartzen utzi ikurrina zeramaten lagunei, eta bertan bizi zen batek baino gehiagok komeriak izan ditu poliziei azaltzeko ikurrina eramatea eta frantses nortasun agiriak izatea bitxia izan daitekeela, baina Euskal «Irripublika» lortzeko bidean kontraesanak ez direla falta.

Behin helbidearen kontua argituta, orduan aurrera, baina ikurrina, hori bai, Irunen utzita.

Irudiz, Tourra Hego Euskal Herrian dagoenean miresten duten ikurrinen uholdea ez dute hainbeste preziatzen beraientzat dituzten euskal lurraldeetan azaltzen denean frantses agintariek.

Hala jakitera eman dute, gutxienez, gaur poliziek, kosta ala kosta zubi liberatu baten itxura hartu duen Etorbidea zubian.

Horretan ere kirol lehiatik haratago mezu politikoa barreiatu du Tourrak.

Bere aldetik, «erabakitzeko eskubidearen alde lanean jarraitzeko» engaiamendua agertu du, zabalik den zubia zeharkatzeko debekuaren aurrean Gure Eskuk.

Badandilaren luzeran jende ilara osatuz amaitu du bere ekimena. Ikurrinen agerraldia bururatu aitzin, gomendio berezia eman dute antolatzaileek: bai gaur, Tourra Gipuzkoa atzean utzita Lapurdira igaroko denean, baita ostegunean, lasterketak kuku labur bat Zuberoan eginen duenean ere, «euskal herritar gisa azaltzeko eta animatzeko txirrindulariak».