NAIZ

Dolua eta esker ona Abadiñon, Mamdiaye 10 urteko haurra gogoan

Mamdiaye, igandean itota hil zen 10 urteko umea, gogoan izan dute astearte honetan Abadiñoko auzokideek, familia babestuz Udalak deitutako minutu bateko isilunean. Esker ona adierazi du bere osaba batek, senideen izenean.

Minutu bateko isilunean batu dira auzokideak eta senideak Abadiñon.
Minutu bateko isilunean batu dira auzokideak eta senideak Abadiñon. (Abadiñoko Udala)

Erabateko samina eragin du Abadiñon igande arratsaldean jazotako ezbeharrak. Mamdiaye, 10 urte baino ez zituen haurra, bertako ibai batean hil zen itota, jolasean baloi baten atzetik zebilean uretara erori ondoren. Gauzak honela, hiru dolu egun deitu ditu Udalak eta gaur asteartean minutu bateko isilunea egin dute ehun bat auzokidek Plazan, umearen senideak ahalik eta gertuen laguntzeko asmoz.

Esker oneko hitzak izan ditu Mamdiayeren osabak, Talla Diopek, senideen izenean. Mikel Urrutia alkatea (EH Bildu) eta bere taldearen elkartasuna aipatu du, «bihotzez» eskertuz. Aitak Senegaldik Bizkaiko herrira iritsi zedin laguntza eman du Udalak. Gainera, bere gain hartuko ditu umearen gorpua Senegalera, bere bizilekura, aberriratzeko gastuak.

Muntsaratzen gertatu zen zoritxarreko istripua, igande arratsaldean. Uretara erori zen mutikoa, eta Ertzaintzaren Erreskate taldeko kideak bertaratu eta 45 minutuz aurrera ateratzen ahalegindu ziren arren, azkenean ez zen posible izan. Oporrak herrian igarotzen ari zen Mamdiaye.

Arreta sikologikoa eskaini zaie senideei une latz honetan. Alkatearen hitzetan, «familiarekin eta Abadiñoko komunitate senegaldarrarekin egoteko unea da, oso trantze gogorrean babesteko garaia».