Naroa Apaolaza

EAEko 65 urtetik gorako emakumeen ia %25ek indarkeria matxista jasan du, ikerketa baten arabera

Iratxe Herrerok eta Carlos Diaz de Argandoñak ikerketa bat argitaratu dute Araba, Bizkai eta Gipuzkoan adineko emakumeek pairatu izan duten eta jasaten duten indarkeria matxistaren inguruan. Emakundek urtero ikerketarako eskaintzen dituen beketako bat jaso du.

Iratxe Herrero, Miren Elgarresta Emakundeko zuzendaria eta Carlos Diaz de Argandoña, ikerketaren aurkezpenean.
Iratxe Herrero, Miren Elgarresta Emakundeko zuzendaria eta Carlos Diaz de Argandoña, ikerketaren aurkezpenean. (Jaizki Fontaneda | Foku)

‘Genero-indarkeria eta adineko emakumeak Euskal Autonomia Erkidegoan: zaurgarritasun ezkutua agerian uzten’ ikerketa argitaratu dute Iratxe Herrerok eta Carlos Diaz de Argandoñak Araba, Bizkai eta Gipuzkoako 65 urtetik gorako emakumeek pairatu duten indarkeria matxista aztertzeko. Bertan, adin tarte horretako emakumeek indarkeria matxistaren aurrean duten jarrera eta haien soziologia ikertu dute.

Iratxe Herrerok eta Carlos Diaz de Argandoñak adineko pertsonetan espezializatutako aholkularitzan lan egiten dute eta horren bidez ikusi dute adineko emakume askok, indarkeria matxista jasan duten arren, ez dutela adierazten. Herrerok adierazi du askotan adineko emakumeak ez direla biktimatzat identifikatzen eta askotan «ikusezinak» bilakatzen direla.

«Adineko emakumeek jasaten duten indarkeria matxista fenomeno historiko eta ahaztua da», nabarmendu du Herrerok. Egin duten ikerketan jasotzen denez, Araba, Bizkai eta Gipuzkoan, 65 urtetik gorako emakumeen %23,4k indarkeria matxista jasan du bere bizitzan zehar, eta momentu honetan %6 pairatzen ari da. Kontuan hartuta gizartearen laurden bat adin tarte horretako pertsonak direla, sakonki ikertu beharreko alorra dela uste dute ikerlariek.

Egileen arabera, gizartean hain errotuta dagoen adinkeria da arazo nagusietako bat 65 urtetik gorako emakumeen artean indarkeria matxista identifikatzerako orduan. Alde batetik, adineko emakumeak «ezberdin» tratatzeko joera dagoenez, normalean eskainitako baliabideak ez dira eskuragarriak haientzat. Bestetik, adinkeriak ezartzen dituen estereotipoak direla eta, adineko gizon bat tratu txarren emailea izatea «ezinezkotzat» jo ohi da.

Hori dela eta, adineko emakumeak zaurgarritasun egoeran daudela nabarmendu dute. Txostenean jaso dutenez, kontuan izan behar da indarkeria matxista aitortzen ez zen gizartean hezi zirela, inolako independentzia ekonomikorik gabe. Horretaz aparte, adin tarte horretako emakumeek pairatzen duten indarkeria denboran asko luzatzen dela azaldu du Diaz de Argandoñak; jasotako datuen arabera 40-50 urte inguru igarotzen dituzte indarkeria fisikoa zein psikologikoa pairatzen. «Kasu askotan bikote harremana hasi zenetik eman da indarkeria eta horrek askotan egoera normalizatzea eragiten du», azaldu du ikerlariak.

Horren ildotik, ikerketak azaleratu du 65 urtetik gorako emakumeek indarkeria psikologikoa eta ekonomikoa jasaten dutela gehienbat. Momentu horretan indarkeria «kroniko bihurtzen» da eta horrek are gehiago zailtzen du biktimak identifikatzea. Fenomeno hori «eustearen kultura» gisa izendatu dute ikerketan. «Emakume hauentzat beren etxea zerbait sinbolikoa da; bertan isolatzeko joera dute eta ia ezinezkoa iruditzen zaie hortik ateratzea», azaldu dute.

Horregatik, ikerketaren ondorio nagusietako bat da adineko emakumeak normalean seguru sentitzen direla elkarteetan; hori dela eta bertan indarkeria matxista identifikatzeko profesionalak izatea beharrezkoa ikusten du Herrerok.

Argitaratutako ikerketa alor honetan egin den lehenengoa da eta Diaz de Argandoñak adierazi du beharrezkoa dela ikertzen jarraitzea eta Emakundek horrelako ikerketak sostengatzen jarraitzea, gerora, politika publikoetan eragina izateko.