Natura eta mendia ardatz hartzen duten liburu gehienak adinean nagusi direnentzat bideratuta daude. Baina noizean behin ildo zehatz hori desbideratzen da, eta beste adin tarte batzuk hartzen ditu. Horien artean haurrak daude.
Bada, Sua Edizioak argitaletxeak ‘Adi natura’ liburu bilduma aurkeztu berri du. 3 eta 12 urte bitarteko umeentzako liburuak dira. Eta liburuak aipatzen ditugu hiru eduki direlako protagonismoa dutenak: ‘Narrasean’, ‘Nork hil du trikua?’ eta ‘Gazte naturalisten koadernoa’. Lehenbiziko bi liburuen egileak honakoak dira: Paul Caballero, Katti Olaizola eta Jon Patxi Aiastui. Hirugarrenarena, berriz: Jonathan Rubines.
Argitaletxeko arduradunek aurreratu dute haurrei Euskal herria, bere zentzu zabalenean, ezagutzen, maitatzen eta gozatzen lagunduko dieten liburuak egiten ari direla: «Lehenengo urratsa hurbilekoa izan behar da, hori ez badugu maite, nekez maiteko dugu urrunagokoa ere. Bilduma honen helburu nagusia umeek euren ingurune hurbila ezagutzea da. Ikas dezatela ikasten, ukitzen aurrean duten hori. Zentzu horretan, naturarekiko kontaktua berreskuratzeko lagungarri ere izan nahi dute gure liburuek».
‘Adi natura’ bildumarekin argi geratzen da ezagutza ez dela aspergarria izan behar, eta ez duela zertan ordenatua izan ere. Batez ere, haur txikienengan ezagutza hain teorikoak edo akademikoak ez baitira aproposak: «Jolastiago izan nahi dugu. Hortaz, bildumako liburuek ardatz ludikoagoak dituzte, dela istorio bat, dela misterio bat argitzea… Eta ikertzaile bihurtuta, inguruko guztia ezagutuz joango dira».
Gai anitzak
Ingurumenarekin zuzenean lotutako edukiak azaltzen dira liburuetan: energia, elikagaiak, klima aldaketa, ekologismoa, biodibertsitateari mehatxuak, baliabide naturalak, hondakinak…
Haatik, bildumaren arduradunek argi eta garbi dute, gai horiez guztiez gain, beste batzuek ere azpimarra behar dutela: «Oso garrantzitsua da guretzat paisaia kulturala ere. Euskal Herria osatzen duten dimentsio guztiak kontuan izatea. Garrantzitsua da ere erabiltzen ditugun begiradak aukeratzea: elikadura, burujabetza, feminismoa… Haurrek senez dute beste izaki bizidunekiko interesa eta enpatia; hortik abiatuta euren jakin-mina pizten asmatu nahi dugu».
Arestian aipatu dugun bezala, 3 eta 12 urte bitarteko umeentzako liburuak dira. Alabaina, adin tarte ezberdinak eratu dituzte eta horiengana liburu ezberdinekin hurbiltzen dira. Hain zuzen ere, adinaren arabera, haurrengana heltzeko modua oso desberdina da.
‘Narrasean’, adibidez, 3 eta 6 urteko umeentzat pentsatuta dago: «Etxea da haurraren jardute-gunea; baita inguruko natura ere: euliak, inurriak, zizareak… Hala nola etxe-eskola barru-inguruko txori eta animaliak».
‘Nor hil du trikua?’ liburuak (8-10 urteko bitartekoak), berriz, ikerketari garrantzia ematen dio. Bide batez, Euskal Herriko natura inguruetan zer gertatzen den ezagutzeko aukera ere izango du umeak.
Amaitzeko, ‘Gazte naturalisten koadernoa’-k (4 eta 12 urteko haurrentzat), izenburuak azaltzen duenez, helburu oso zehatza du: umea koadernoko orrialdetan murgildu. Jakina, naturan zer aurkituko duen irudikatzeko. Hortaz gain, koadernoak landare eta animalia espezieak ezagutzeko gakoak eskaintzen ditu.