Audioliburuak, literatur zaletasuna pizteko tresna gisa
Azken urteetan podcastek indarra hartu dute eta horiekin batera audioliburuen gorakada eman da. Hasiera batean irakurri ezin zutenentzako tresna baziren ere, egun edonork kontsumitzeko sortuak dira. Euskal literaturak ere pauso txikiak eman ditu bide horretan, Alberdania argitaletxearen eskutik.
Lehen irratia asko entzuten zen, baina telebistaren ondorioz indarra galdu zuen. Atzean gelditu zen Orson Wellesek ‘Munduen Gerra’ audionobelarekin sortu zuen ikara kolektiboa. Orain, berriz, sare sozialen erabilerak joera berriak sortu ditu. Gazteak ohituta daude horien bidez entretenimendua kontsumitzera eta pantailak bilakatu dira produktuak ikusteko, irakurtzeko eta entzuteko bide nagusiak.
Podcastek (internet bidezko irratsaioak, bakoitzak nahi duenean entzuteko prest daudenak) sekulako indarra irabazi dute eta, horrekin batera, audioliburuak irakurri ezin dutenentzako tresna baliagarriak izatetik ohiko kontsumorako produktu bilakatu dira.
Euskarazko literatura ere ari da bere bidea egiten, eta Alberdaniak hartu du lehen lekukoa. 30 urte bete berri dituen argitaletxea aitzindaria izan zen gure hizkuntzan liburu elektronikoaren aldeko apustua egiten, eta orain ere aitzindaria da entzuten diren liburuak sortzen.
«Ez dago oso argi audioliburuen bideak zer emango duen, baina saiatu gabe ez dugu sekula jakingo, beraz, Jaurlaritzak iaz lehen aldiz atera zuen dirulaguntza baliatu genuen. Uste dugu euskarazko literaturak presente egon behar duela, gainerako literaturak dauden toki guztietan ez bada, gehienetan. Egotea bera ez da gutxi», aipatu digu Jorge Gimenez Bench Alberdaniako editoreak.
Bere hitzetan, bizi garen garaiotan irakurleen galera da argitaletxeen «kezka nagusienetako bat», bereziki euskararen alorrean. «Gure erronka handienetariko bat da jende gaztearen irakurtzaletasuna bultzatzea eta uste dugu audioliburua horretarako bide oso egokia izan daitekela», azaldu du.
«Jende askok audioaren aldeko apustua egiten du, bai informazioa jasotzeko garaian eta baita entretenimendua bilatzeko unean ere. Literaturak bietatik dauka zerbait, beraz, uste dugu audiolilburuek egin dezaketela aurrerapauso bat, irakurzaletasunean baino gehiago, literaturzaletasunean; guri inporta zaiguna testua da, ez hainbeste euskarria», azpimarratu du editoreak.
Egun hiru dira literaturaren euskarriak: papera, liburu elektronikoa eta audioliburua. «Auskalo etorkizunean zeintzuk izango diren! Ni seguru nago gehiago eta desberdinak izango direla, eta literaturak, bereziki euskal literaturak, denetan egon beharko du. Euskal literaturak erronka horiei hasieratik heltzea oso garrantzitsua da», adierazi du Gimenez Benchek.
Audioliburu uzta
Orain arte 14 audioliburu argitaratu ditu Alberdaniak. Lehen biak Eitb-ren «esperimentu» baten fruitu izan ziren, eta gerora beste 12 sortu dituzte. Salgai duela bi hilabete jarri zituztenez ezin dute balantze komertzialik egin eta, editorearen arabera, urtebete pasatu arte ezingo dituzte datuak aztertu.
Hala ere, lehen esperientziari buruz hitz egin digu. Kontatu du bi liburuak Eitb-ko webgunean jarri zituztela entzungai –ezin ziren deskargatu–, doan, eta harrera ona izan zutela, batez ere ‘Lo potolo’ haurrentzako liburuak.
«Beste hizkuntzetako editoreetatik dakiguna da audioliburuena merkatu diferentea dela, jarduera nagusia ez dela izaten hainbeste liburuak deskargatzea, baizik eta zatika entzutea. Eta horretarako badaude bazkidetza bidezko plataformak, aukera hori ematen dutenak. Ez da liburua erosten, baina liburua entzuteko ordaindu egiten da», azaldu du.
Audioliburua sortzeko prozesua luzea eta mardula dela ere kontatu digu. Lehenik, editoreak zein libururen audioa grabatuko duten erabakitzen du. Kontutan izan behar du ez bakarrik liburuaren kalitatea, baizik eta entzuna izateko liburua izango dela. Bigarren urratsa liburu horren estilo eta moldeari egokitzen zaion esataria topatzea da. Kasu batzuetan idazleak berak egin dezakeen arren, ez da ohikoena, eta ahozko testuarekin ohituta dauden profesionalak kontratatzen dituzte: bikoiztaileak, irratiko kolaboratzaileak, aktoreak... ahotsa ere kontutan izaten da.
Aukeraketa egin ostean, estudiora joaten dira. Bertan gauzak asko zaintzen dira eta kalkulatu behar da audioliburu ordu bakoitzeko lau lan ordu behar direla gutxienez. Esan, zuzendu, egokitu eta berriro esan, hori da prozesua, geldo xamarra, eta horregatik garestia dela dio Gimenez Benchek. Instituzioek horretan laguntzea eskertzen du, zama arintzeko. «Ordu asko dira eta parte hartzen dutenak espezialistak dira, dagokion eran kobratu behar dute», aipatu du. Amaieran, «azken edizio lana egiten da eta listo».
Liburuak aukeratzeko garaian irizpideak zertxobait aldatu dira aurtengo argitalpen planean, haur eta gazte literaturaren alde egin baitute batez ere (6 liburuk osatuko dute uzta). Beste irizpide bat da grabatu nahi den liburua nobedadea izatea, entzulearen arreta piztu ahal izateko.