NAIZ

LAB: «Etxeko langileak langabezia prestazioa jasotzeko baldintzak arintzea lortu dugu»

LABek jakitera eman duenez, Bilboko lan arloko 6. epaitegiak arrazoia eman dio sindikatuari, eta ebatzi du 2022ko urriaren 1a baino lehenagoko kotizazio aldiak aintzat hartu behar direla 52 urtetik gorako langabezia subsidiorako baldintzak aztertzean, 16/2022 errege dekretu-legeak zuzenduz.

Bilbon asteazken honetan egindako agerraldia.
Bilbon asteazken honetan egindako agerraldia. (LAB)

LAB sindikatuak asteazken honetan iragarri duenez,  Bilboko lan arloko 6. epaitegiak ebatzi du 2022ko urriaren 1a baino lehenagoko kotizazio aldiak aintzat hartu behar direla 52 urtetik gorako langabezia subsidiorako baldintzak aztertzean. Hala 16/2022 dekretu-legeak dioena zuzendu du epaiak.

Sindikatuaren ordezkariek agerraldi batean azaldu dutenez, Europako Batasuneko Auzitegi Gorenak 2022ko otsailaren 24ko epaian ebatzi zuen etxeko langileek langabezia prestaziorik ez izatea dakarren disposizio oro 79/7 zuzentarauaren aurkakoa izango dela; hau da, diskriminatzailea dela. Horrela, egoera hori zuzendu asmoz, 16/2022 errege dekretu-legea onartu zuen Espainiako Gobernuak, zeinak etxeko langileen hainbat eskubideren hobekuntza arautu zuen; besteak beste, langabezia prestaziorako kotizazio betebeharra eta ondoren prestazio hori jasotzeko eskubidea. Arau hori 2022ko urriaren 1ean sartu zen indarrean, eta, «ondorioz, data horretara arteko kotizazio aldiak ez dira kontuan hartzen langabezia prestazioa eta subsidioa kalkulatzerakoan».

«Orain esku artean dugun kasuan, hain zuzen, aztertzen dena da ea etxeko langile baten 2022ko urriaren 1a baino lehenagoko kotizazio aldia aintzat hartuko den 52 urtetik gorako langabezia subsidioa kalkulatzerakoan. Aztergai dugun kasuan, langileak zituen kotizazio aldiak etxeko langileen erregimen berezikoak zein erregimen orokorrekoak ziren, eta SEPEk ukatu egin zion subsidiorako eskubidea», nabarmendu dute, eta langileak 52 urtetik gorako subsidioa eskuratzeko baldintza guztiak betetzen zituela adierazi dute, «hain zuzen, edozein pentsio kontributibo jasotzeko baldintzak betetzea adina izan ezik, hau da, 15 urteko kotizazio aldia».

«Betetzen ez zuen baldintza zen bere lan-bizitzan 6 urtez langabeziagatik kotizatu izana, baina, eta hemen dago koska, 2022ko urriaren 1a baino lehenagoko etxeko langileen erregimen berezian kotizaturiko aldian aintzat hartuz gero, sobera betetzen zuen baldintza. Eta hori izan da LAB sindikatutik borrokatu duguna, argudiatuz Europako Batasuneko Auzitegiaren epaia zein direktibaren aplikazioa zuzenak direla eta ez dela zertan aldaketa legal bati itxaron horiek betearazteko. Eta Bilboko lan arloko 6. epaitegiak arrazoia eman digu, ulertuta europar auzitegiak diskriminatzailetzat jo zuela etxeko langileek langabeziagatik ezin kotizatu izana, eta hortaz, 2022ko urriaren 1a baino lehenagoko kotizazio aldiak aintzat hartu behar direla 52 urtetik gorako subsidioen baldintzak baloratzean. Eta ulertzen dugu langabeziagatiko prestazioari ere bete-betean aplikatu ahal zaiola», gaineratu dute.

«Epai oso garrantzitsua»

Azpimarratu dutenez, «epai hau oso garrantzitsua da, eta etxeko langileei arrazoia ematera dator. Izan ere, epai honek dioenari jarraituz, edozein etxeko langilek, gainontzeko edozein langilek bezala, 2022ko urriaren 1a baino lehenagoko kotizazio aldia aintzat hartzeko eskatu ahalko du langabezia prestazioa edo subsidioa eskatzean».

«Halaber, epai honek agerian uzten du beste behin etxeko langileek jasaten duten egoera diskriminatzailea. Azken errege dekretu-legeak, 16/2022ak, zioen 2022ko urriak 1etik aurrerako kotizazioak soilik hartuko zirela aintzat, eta epai hau hori zuzentzera dator», esan dute, epai honek «etxeko langileen lan-eskubideen defentsan dugun ibilbide luzea» berresten duela ohartarazi aurretik.

Diotenez, «epaia oso esanguratsua da guretzat. LABeko etxeko langileen sail sindikalak kolektibo honek dituen eskubideak aldarrikatu ditu, beste langileak dituztenekin parekatzea eskatuz. Etxeko langileen borroka justua da, eta haien lanak Euskal Herriko bizitzak sostengatzen dituztela aldarrikatu dugu. Lehen aldiz, justizia-esparru batera hurbildu gara, zeina 16/2022 errege dekretu-legearen erreformak berak ukatzen baitigu».

«Etxeko eta zaintzako langileek langabezia-prestazioa eta subsidioa jasotzea baino gehiago merezi dute; euren lana eta kotizazioak modu erreal eta atzeraeraginkorrean aitortzea merezi dute. Behar horrek elkarrekin egotera eta antolakuntza kolektiboa borrokarako tresna eraginkor bakar gisa defendatzera bultzatzen gaitu. Sektore hau gure sindikatuaren apustua da, eta urratsak ematen jarraituko dugu eskubide guztiak onar daitezen», esan dute.