‘Etxera’ aldarria agertu da Iruñeko Udaletxe Plazan 12.00etan, eta indar handiagorekin oraindik ordubete beranduago Redin aldean, Zumalakarregiren Atearen parean. Ehunka eta ehunka lagun bildu ditu urteroko ekitaldiak, non oraindik dozenaka nafar herritarrei Sanferminetan egotea egozten zaie salatu duten, eta horietako gehienak kalea zapaltzen egon beharko luketela (espainiar legedia eskutan) erantsi duten.
Urruntze politika aurten amaitu bada ere, etxeratzeko prozesuari jartzen zaizkion oztopoak ekarri dituzte gogora hitzaldi labur batean, bereziki gradu progresioekin gertatzen ari denari erreferentzia eginez. Eta gero txanpan botilak ireki eta guztiek topa egin dute euskal presoen alde, ahalik eta lasterren auzi hau konpontzeko konpromisoa berresten.
Aldarri honek berak ehunka lagun atera zituen kalera pasa den ostiralean Iruñean, kultur eta jai adierazpen askotxok lagunduta (irrintzilariak, joaldunak, abeslariak, bertsolariak...), Sanferminetako bezperetan.
Partehartzaileek gaurkoan nabarmendu dutenez, gero eta jendetsuagoa bilakatzen ari da ekitaldi hau, gizartean eragiten duen kezka zabalaren seinale emanez. Gazte asko hurbildu dira hitzordura.
Jendetza brindisean. pic.twitter.com/J5WyXwxJ8g
— Alberto Matxain Beraza (@albertomatxain) July 6, 2023
‘Hator hator’ abesteari ekin diote ehunka lagun hauek, bi txistulariren laguntzaz.