NAIZ

Tourreko erakustaldiagatik zorionak eman, eta Vueltarako ekimena iragarri du Gure Eskuk

Gure Eskuk euskal herritarrak zoriondu ditu Tourrean «ezinezkoak diruditen gauzak posible egiteko gaitasuna erakutsi dutelako». Espainiako Vueltan lanketa bera eginen duela iragarri du.

Gure Eskuk Tourrean aurrera eraman duen ekimenaren balantzea egin du ostegun honetan Bilbon.
Gure Eskuk Tourrean aurrera eraman duen ekimenaren balantzea egin du ostegun honetan Bilbon. (GURE ESKU)

‘Euskal Herria munduan – Euskal Herriak erabaki’ ekimenaren balorazioa egin du Gure Eskuk Bilboko Karolan. Josu Etxaburuk adierazi du Bilbotik Baionara zein Zuberoan argi ikusi dutela nazioartean nondik ari zen igarotzen Tourra: Euskal Herritik.

Hilabeteak zeramaten erraten Tourraren oihartzunaz baliatuko zirela ikurrin uholde bat sortu eta Euskal Herriaren erabakitzeko eskubidearen aldeko aldarria lau haizetara zabaltzeko. Elkarrekin lan eginez hori lortu dutela eta pozik mintzatu da mugimenduaren bozeramailea: «Oso hunkigarria izan da bide bazterretan bizi izan duguna. Lasterkariak errespetuz animatu ditugu eta, aldi berean, gure nortasuna, ikurrak eta aldarriak harro zabaldu ditugu».

Ikurrina burujabe izan nahi duen herriaren ikur bezala aurkeztu du Gure Eskuk. Eta gehitu du «ezinezkoak diruditen gauzak posible egiteko gaitasuna» erakutsi dutela euskal herritarrek nazioartean.

«Elkarri eskua emateak burujabeago egiten gaitu, eta hori da aurrera egiteko jarraitu nahi dugun bidea. Norabide berean aurrera goazenean herri gisa erronkei aurre egiteko gai garela erakutsi dugu», gehitu du ondarroarrak.

Iraileko ekimena, Nafarroa Berriz Altxarekin batera

Irailean eginen duten herri ekimenaren berri ere eman du Gure Eskuk. Izan ere, irailaren 9 eta 10ean Espainiako Vueltaren bi etapa Euskal Herritik igaroko dira. Irailaren 9ko etapa, Zuberoa zeharkatu eta Larra-Belaguan amaituko da eta irailaren 10ekoa Nafarroan izanen da oso-osorik, Iruñean hasi eta Lekunberrin bukatu arte. Hori dela eta, bi egun horietan Gure Eskuk eta Nafarroa Berriz Altxak hainbat ekimen antolatuko dituzte zazpi herrialdez osatutako lurralde honen erabakitzeko eskubidea aldarrikatzeko.

Ostegun honetako agerraldia etorkizunerako hausnarketa batekin amaitu du Etxaburuk: «Erabaki nahi duen herria gara, harrera herria, gure artean ez dugu mugarik nahi eta gaurko helmuga abiapuntu, pedalkadaz pedalkada, burujabetza osoa lortu arte, bidean jarraituko dugu».