NAIZ

Hegazti gripearen aurrean harturiko neurriak salatzeko mobilizazio berria deitu du ELBk

Hegazti gripea berpizten den bakoitzean haien ahate eta oiloak kanpoan hazten dituzten euskal ekoizleek ondorioak pairatzen dituen haien etxaldeetan «beste balore eta moldeen arabera» jardun arren. ELB sindikatuak mobilizazioa deitu du larunbat honetan Donapaleun.

Ahateak Irisarriko etxalde baten pentzean.
Ahateak Irisarriko etxalde baten pentzean. (Guillaume FAUVEAU)

Kanpoko hazkuntzaren egoera zinez larria da. Ipar Euskal Herrian haien ahate eta oiloak kanpoan hazten dituzte ekoizleek etengabe pairatzen dutelako, haien esanetan hazkuntza industrialaren eskutik etengabe hedatu den gaixotasunari aurre egiteko Pirinio Atlantikoen Departamenduko albaitaritza zerbitzuaren arduradunek ematen dituzten aginduak.

Kasurik hoberenean kabalak hesiturik atxikitzeko agindua jasotzen dute. Unerik larrienetan, azkeneko urtetan nahi baino maizago gertatu den bezala, prebentiboki kabalak akabatzeko agindua ematen dute.

Hegazti gripearen aurkako txertoa baliatuko dute, antza denez, udazkenetik aitzin gizakiengan ondoriorik ez badu ere animalientzat zinez kaltegarria den osasun arazoa bideratzeko.

Izan ere, gaur gaurkoz ohiko moldeak baliatzen ditu frantziar Nekazaritza Ministerioak. Behin eta berriro, ekoizteko moldeak aintzat hartu gabe, denontzako neurri berdinak aginduz.

Aurreneko agerraldiekin gertatu zen bezala, alarma gorria piztu eta berriz ere kanpoko hazkuntza kolokan jartzen dituzten neurriak plantan eman berri dituzte Ipar Euskal Herrian.

Are, ELB sindikatuko ordezkariek aste honetan salatu dutenez, «Estatuak erabaki du beren kabalen barnean zerratzea errefusatuko dute laborariak legez kanpo izanen direla joan den larrazkenetik goiti».

Hiru hazle zigorrtu dituzte

Hori gutxi balitz, hiru hazle zigortu berri ditu osasun zerbitzuen ikuskaritzak haien etxaldeetan praktika ematen duten hazkuntza eredua aintzat hartzen ez dituen neurriak ez errespetatu izana egotzita.

«Ministerioaren zentzugabeko politika sanitarioa» beste behin ere auzian emateko, eta euskal hazleak «haien baloreen kontra doazen neurriak hartzera behartu nahi dituztela» salatzeko mobilizazio berri bat antolatzeko erabakia hartu du sindikatuak, kazeta.eus atariak jaso duen albistearen arabera.

«Kanpoko hazkuntzaren, kabalen eta laborarien sustenguz», ELBk Donapaleuko merkatu estalian hitzordua eman du, uztailaren 8an, 12.00etan abiatuko den mobilizazio berri batentzat.

Bertan piknik partekatua egin ondoren, 14:00etatik aitzin, protesta ibilaldia egiteko asmoa dute lurraldean maiatzaren hastapenaz geroztik kanpoko hazkuntzak pairatzen duen krisiari irtenbidea emateko premia agerian jartzeko.

«Industrialen praktiken aitzinean Estatuak duen utzikeria eta, beraz, hegazti gripearen hedapenean duten parte hartzea salatzen dugu», adierazi du sindikatuak.

Bide batez oharra argia egin du: «Laborantza herrikoiaren defendatzaile gisa, kalitatearen eta kabalen ongi izatearen hautua egiteagatik laborariak zigortuak izatea ez dugu onartuko».