Ez da txapel ofizial bat, baina azken urtean kantxan erakutsitako nagusitasuna garaipen handi batekin berresteko modua aurkitu Jokin Altunak Erik Jakari 22-14 gailenduta, bere sanferminetako lau eta erdiko 3 txapelketa eskuratuta. Hori bai, emaitzak iradoki dezakeena baina garaipen landuagoa izan da amezketarrarena, partidaren lehen erdi luzean asko estutu baitu lizartzarrak. Pilotari beste abiadura bat emanda, deseroso sentiarazi du Baikokoak Altuna III.a, kantxan ondo non kokatu ez zekiela, baina txapeldun handiek hori dute, distiratsu ez daudenean ere partidak aurrera ateratzeko gai direla eta sakean topatu du Aspeko aurrelariak garaipenerako bidea. Lehen zati horretan ezustean harrapatua zuen Jaka lehen pilotakada zabalera botaz, baina benetako mina partidako unerik erabakigarrienean egin dio, lau sake askoz ortodoxoago baina zitalekin markagailuan aurrea hartu eta 22. kartoira zuzenean joanda.
Pronostikoetan Jokin Altuna oso faborito irten arren (100-20ri ere irten da dirua), hasiera-hasieratik Erik Jakak eraman du partidaren ekimena. Denbora asko pasa da, agian bi pilotari hauexek Buruz Buruko finala elkarren aurka jokatu zutenetik, lizartzarra horren oldarkor eta eraginkor ikusten ez genuela eta alde politak lortu ditu markagailuan, handiena 8-3koan.
Saketik hasita, Baikokoak bizi erabili du pilota, aukera zuenean errematea bilatuz eta jokoan ere pilotari abiadura ematea kosta zaion Altuna baino gutxiago behintzat, izan gabe. Jokoaren ekimena berea izan da eta, ideiak oso garbi eta errematean asmatuz, nagusi izan da.
Ondoen zenean, ordea, bi akats larri eginda –saketik falta bat eta aukera aukerako pilota batean huts eginda– bizia eman dio amezketarrari eta lehia hortxe orekatu da berriz. Hori bai, aurrera pausua ematea kosta egin zaio amezketarrari eta markagailua bederatzina berdindu bai, baina aurretik jarri ezinda aritu da.
Hori bai, egin duenean atzera begiratu gabe zuzenean joan da 22. kartoira. Hamar tanto egin ditu jarraian, horietako lau saketik lortutakoak, eta hortxe aurkitu du ordura arte izandako zalantzen erantzuna. Fisikoki ere Erik Jakak ere gehixeago nabaritu partidaren gogortasuna, baina gustura egoteko moduan da, denbora luzez txapelduna asko estutzeko gai izan da eta.
Tolosa zalantza handiekin itzuli da
Hiru hilabete luzez kantxetatik kanpo egon ondoren, Xabi Tolosak gaur jantzi ditu berriz praka zuriak eta Dariok lagunduta, 22-10 galdu du Artola-Eskirozen aurka. Emaitzak bestelakorik iradoki dezakeen arren, partida hasiera gogorra izan da eta anoetarrak igarri du azken hilabeteetan geldirik egon izana. Pilotariak aitortu du partida hasiera xamarrean sentsazio arraro bat sumatu duela inguruan eta kezkatuta aritu dela eta ez du gustura amaitu egindako lanarekin, «Oso berde ikusi naiz. Entrenamenduetan askoz itxura hobea eman dut, ez da gauza bera entrenatzen edo lehian aritzea eta ikusi beharko da hurrengo egunetarako zer egin». Gutxienez minik gabe amaitu du.
Fitxa teknikoa
Erik Jaka: 14
Altuna III.a: 22
Pilotakadak: 227. Iraupena: 51,33 minutu. Markagailua: 3-0, 3-3, 8-3, 8-7, 9-7, 9-9, 11-9, 11-10, 13-10, 13-12, 14-12, 14-22. Sakeak: 3 (falta 1) Jakak eta 6 Altuna III.ak. Egindakoak: 7 Jakak eta 11 Altuna III.ak. Galdutakoak: 2 Jakak eta 5 Altuna III.ak. Gorabeherak: Labrit goraino bete da Sanferminetako Lau eta Erdikoaren finalerako, harmailetan giro bikaina zela. Aitor Aranguren izan da Erik Jakaren botileroa eta Gorka Altuna Jokin lehengusuarena.