Izaro Izu

Zezenketen aurkako kalejira eta zezenketa, biak aldi berean eta jendetsu

Iruñea Antitaurinoa kolektiboa eta hiriko peñak elkarri begira daude baina oraindik bakoitza beren tokian. Kalejira egin dute zezenketen aurkakoek, azken urteotan bezala, lehenengo zezenketa burutzen ari ziren ordu berean.

Iruñea Antitaurinoa kolektiboaren kalejira.
Iruñea Antitaurinoa kolektiboaren kalejira. (Iñigo URIZ | FOKU)

18.30ean hasi da Sanferminetako Feriari dagokion lehenengo zezenketa Iruñean, eta ordu erdi beranduago abiatu da Udaletxe Plazatik zezenak hiltzeari behingoz uzteko eskatu duen kalejira, Iruñea Antitaurinoa kolektiboak bultzatuta. Batean zein bestean, jai giroa nagusi; peñen txarangak Zezen Plazan, 3Indarrok elektrotxaranga Alde Zaharrean barrena.

Poliki indarra hartzen ari den aldarrikapena da Iruñea Antitaurinoarena, bertatik sortua eta uztailaren 5ean nazioarteko animalistek egin ohi duten protesta ikusgarritik aparte dagoena, mezu propioa erabiliz. Baina oraindik Iruñeko Zezen Plaza beterik agertzen da arratsaldero uztailaren 7tik 14ra bitarte, bertan sortzen den giro aparta dela eta. Gaur ere honela gertatu da.

Kalejiran bildu direnek eskua luzatua dutela nabarmendu dute. Izan ere, milaka lagun horiek (20.000 inguru biltzen da plazan, munduko hirugarren handiena delarik) «festazaleak direla, ez zezenzaleak» argi dute Iruñea Antitaurinoko kideek. Datu ezaguna da Sanferminetatik kanpo Iruñean zezenketak egiten saiatu denean, ez dutela jenderik erakarri.

«Horregatik, zezenketara joaten diren herritarrei eskatzen diegu zezenari erreparatzeko: ireki ditzatela begiak, ikusteko nola torturatzen duten, labana behin eta berriz sartuz, haren sufrimendua hogei minutuz luzatuz. Animalien tratu txar legeztatua da: dibisa, eztenak, banderatxoak, ezpata, estokea eta puntilla, azken hori debekatuta dago hiltegietan bere krudelkeriagatik», adierazi dute antitaurinoek. Eta peñetako kideei honela zuzendu zaizkie: «Urrats bat eman dezaten eta animalien aurkako tratu txarrak sar ditzaten herritar gehienok nahi dugun jai ereduari buruzko eztabaidan».

Bitartean, Zezen Plazan ohiko algaraz egin diote «ongi etorria» Cristina Ibarrola alkate berriari, lehen zezenketa honetan presidente gisa aritu baita. Txistu asko entzun ditu kontrako aldetik eta zenbait txalo itzalpeko eserlekuetatik. Juan Jose Padilla toreatzaile ohia ekarri du aldera lehenengo bi egun hauetan Ibarrolak, gonbidatu berezi bezala.

Eraso sexisten aurkako pankarta ere ikusi ahal izan da, eta txubaskero eta «aterki» bilakatutako eguzkitako koloretsu ugari ere bai, euriaz babesteko. Zezenketa hasi aurretik euri zaparradak izan dira eta plazarako bidean uneren batean euriak harrapatu ditu peñak –batzuek atera aurretik itxarotea erabaki dute–, baina ohiko umore onarekin aurre egin diote egoerari eta inor ez da kikildu. Gero atertu egin du.