NAIZ

Hegazti gripearen aurrean harturiko neurriak salatu dituzte Donapaleun

ELB sindikatuak mobilizazioa deitu du larunbat honetan Donapaleun hegazti gripearen aurrean harturiko neurriak salatzeko. Euskal hazleak «haien baloreen kontra doazen neurriak hartzera behartu nahi dituztela» ohartarazi dute.

Donapaleun larunbat honetan egindako manifestazioa.
Donapaleun larunbat honetan egindako manifestazioa. (Patxi BELTZAIZ)

Jendetza bildu da larunbat honetan Donapaleun hegazti gripearen aurrean harturiko neurriak salatzeko. Izan ere, Ipar Euskal Herrian haien ahate eta oiloak kanpoan hazten dituzten ekoizleek etengabe pairatzen dute, haien esanetan, hazkuntza industrialaren eskutik etengabe hedatu den gaixotasunari aurre egiteko Pirinio Atlantikoen Departamenduko albaitaritza zerbitzuaren arduradunek ematen dituzten aginduak.

ELB sindikatuko ordezkariek aste honetan salatu dutenez, «Estatuak erabaki du beren kabalen barnean zerratzea errefusatuko dute laborariak legez kanpo izanen direla joan den larrazkenetik goiti». Eta, hori gutxi balitz, hiru hazle zigortu berri ditu osasun zerbitzuen ikuskaritzak haien etxaldeetan praktika ematen duten hazkuntza eredua aintzat hartzen ez dituen neurriak ez errespetatu izana egotzita.

«Ministerioaren zentzugabeko politika sanitarioa» beste behin ere auzian emateko, eta euskal hazleak «haien baloreen kontra doazen neurriak hartzera behartu nahi dituztela» salatzeko mobilizazio berri bat antolatu du sindikatuak, eta bide batez oharra argia egin du: «Laborantza herrikoiaren defendatzaile gisa, kalitatearen eta kabalen ongizatearen hautua egiteagatik laborariak zigortuak izatea ez dugu onartuko».