NAIZ

20 urteko kartzela zigorra bukatu da Joseba Segurola urretxuarrarentzat

20 urteko kartzela zigorra gainditu du Joseba Segurola Beobide urretxuarrak. Igande honetan bete du kondenaren azken eguna. Hirugarren graduan eman du azken zatia. Aurretik etxetik oso urrun izan zuten: Murtzian.

Segurolaren argazkia, bere herrian, Urretxun, 2007. urtean eginiko mobilizazio batean.
Segurolaren argazkia, bere herrian, Urretxun, 2007. urtean eginiko mobilizazio batean. (Gotzon Aranburu | Foku)

Bi hamarkada luzez espetxaldia jasan ostean, igande honetan Auzitegi Nazionalak ezarritako kondenaren azken eguna bete du Joseba Segurola Beobide urretxuarrak, Etxeratek NAIZi baieztatu dioenez, eta ondorioz ez da espetxera itzuli beharko.

Zigorraren azken zati hau hirugarren graduan eman du Segurolak, Lakuako Gobernuaren Justizia sailak onartuta, Martuteneko espetxeko Tratamendu Batzordeak hala proposatu ondoren.

Murtzia, Burgos, Donostia

Aurretik lehen gradutik bigarrenera pasa zuen Gobernu espainolaren menpe den Espetxe Zuzendaritzak, 2021. urtean hain zuzen ere, eta une berean Euskal Herriratzeko erabakia iragarri zuen, Burgosetik Donostiara.

Gaztelara ekarri ostean Murtziako espetxean gatibu izan zuten Joseba Segurola ‘Pifo’, etxetik ia 1.000 kilometrotara.

Berriozarren atxilotu zuten Urretxuko bizilaguna, 2003. urteko uztailean, «Nafarroa komandoa» berrosatu nahi izatearen akusaziopean, eta geroztik egon da espetxe zigor hau betetzen. 24 urte zituela eraman zuten; 44 ditu orain.

Nafarroan izandako atxiloketa hau ez zen berarentzat lehena izan, aurretik Ertzaintzak eraman egin zuelako, kale borrokako akusazioak zirela medio, 2001. urtean. Bi urteko zigorra ezarri zion orduan Espainiako entzutegi bereziak.