Maddi Txintxurreta
Aktualitateko erredaktorea / redactora de actualidad
Interview
Mertxe Aizpurua
EH Bilduren hautagaia Espainiako Kongresurako

«PSOEk ez du erabat ikusi zein zen arriskua eta orain hor dago, ate-joka»

Kazetaritzatik Madrilgo Kongresura egin zuen 2019an eta han jarraitu nahi du diputatu lanetan datorren legegintzaldian, edozein dela ere hauteskundeek irekiko duten agertokia: EH Bilduren Gipuzkoako zerrendaburua da Mertxe Aizpurua (Usurbil, 1960).

Urduri ote dagoen galdetuta, ezetz, Estatuko hauteskundeak uztailaren 23ra aurreratzea denentzako sorpresa izan bazen ere, EH Bildu «etxeko lanak eginda» harrapatu zuela. Datozen bozek ireki ditzaketen agertoki guztietarako prest dagoela ziurtatu du.

Larritasun handia antzematen da hauteskunde aurrerapen honetan... eskuina eta ultraeskuina badatoz? Zer sumatzen duzue Madril aldean?

Badirudi gogo horrekin datozela, eskuina eta ultraeskuina batera datozela. Bien artean ari dira gobernuak osatzen, akordioetara iristen eta finkatuta uste genituen hainbat eskubide hankaz gora jartzen. Hori da beraiek nahi dutena, eta egia da, arriskua hor dago, baina EH Bildu da bermerik honena eskuinari eta ultraeskuinari dike bat jartzeko.

Berriz Euskal Herriko eta Kataluniako ezkerrak «Espainia salbatzera» behartuta daudela sentitzen duzue?

Ez, nik inoiz ez dut pentsatu Espainia salbatzera goazenik, ezta hori egin dugunik ere. Beste gauza bat da, momentu batzuetan, babesa eman dugula, ez Gobernuari, baizik proposatu dituen neurriei. Legeei begiratu diegu, edukiei, eta horren arabera egin dugu gure politika. Gu ez goaz Espainia salbatzera, euskal herritarrekin hartutako konpromisoari bide ematera baizik. Hori da egiten ari garena eta hori egingo dugu aurrerantzean ere.

«Hasieran esan genuen nolabaiteko aukera bat irekitzen zela gauzak egin ahal izateko eta hastapen hartan ezinezkoak ziruditen gauzak ere lortu ditugu»

Nola baloratuko zenuke EH Bilduren Kongresuko jarduna azken legegintzaldian? Zehaztutako helburuak bete dituzue?

Esango nuke hein handi batean bete ditugula. Gure Kongresuko jarduna emankorra izan da, ekimen ugari lortu ditugu eta legeetan izan dugun eragina oso garrantzitsua izan da. Ez soilik lege batzuk gure babesarekin onartu direlako, baizik lege horiek hobetu ditugulako euskal herritarren onerako. Hasieran esan genuen nolabaiteko aukera bat irekitzen zela gauzak egin ahal izateko eta hastapen hartan ezinezkoak ziruditen gauzak ere lortu ditugu. Gure eragina erabakigarria izan da eta gure botoei probetxu handia eman diegu; oso pozik gaude egindako lanarekin.

Nola da posible itxuraz Espainian Gobernu ezkertiarrenaren garaian agenda eskuindarrak hainbesteko indarra hartu izana? Motz gelditu da Gobernua?

Egia da, gauza gehiago egin zezakeen Gobernuak ikusita zer gehiengo zituen ganberan. Zeren, ganbera horretan nagusitzen zen ezker plurinazional bat, eta horrek bidea ireki zezakeen gauzak indar gehiagorekin egiteko. Eta eskubideak zabaltzeko, izan ere, hori eginez gero, espazio gutxiago izango luke eskuinak. Motel, beldurti, ibili da Sanchezen Gobernua. Askotan esan diogu tribunatik: gauza gehiago egiteko aukera dagoenean, ez egitea, atzerapausoa da. Eskuinak uzten zaizkion espazio guztiak hartzen ditu eta hori gertatu da. Guk hasieratik ohartarazi genuen arrisku hori zegoela, baina beldur horretan erori dira.

«Askotan pentsatu izan dut hauteskundeen aurretik bakoitzak esan beharko lukeela zer egingo duen eta, gero, notario baten aurrean edo, esandakoak bete ote dituen egiaztatu. Askok ez lukete gaindituko froga hori; gu, aldiz, oso lasai aterako ginateke bertatik»

PSOEri babesa eman zioten alderdien artean, EH Bildu izan zen maiatzaren 28an hazi zen bakarra. Zer irakurketa egiten duzu horren inguruan?

Aspalditik ikusten den joera bat da, hauteskundez hauteskunde indartsuago gaude eta jendearengan sinesgarritasuna lortu dugula ari gara ikusten. Sinesgarritasun hori lortu dugu Madrilen eta hemen ere lortu da, besteak beste herrietan egindako lanari esker. Sinesgarritasuna da identifikatzen gaituen gauzetako bat eta esango nuke horri esker bat egiten duela jendeak gurekin. Jendeak, behar duen hori, guk egiten dugunarekin islatuta ikusten du. Bestalde, uste dut gardentasuna eta garbiak izatea garrantzitsuak direla; jendeak ulertzen du zer egiten dugun eta zergatik egiten dugun, badaki esaten duguna egiten dugula. Normala izan beharko luke horrek, baina ez da ohikoena politikan. Askotan pentsatu izan dut hauteskundeen aurretik bakoitzak esan beharko lukeela zer egingo duen eta, gero, notario baten aurrean edo, esandakoak bete ote dituen egiaztatu. Askok ez lukete gaindituko froga hori; gu, aldiz, oso lasai aterako ginateke bertatik.

Maialen ANDRES/FOKU
Maialen ANDRES/FOKU

Koalizio Gobernuak zertan asmatu du eta zertan egin du kale?

Koalizio Gobernuak asmatu du hainbat lege planteatzen eta asmatu du, baita ere, gurekin eta ERCrekin negoziatzen. Zeren, horrek gauzak hobetzea ekarri du, erdibidean geratzen ari ziren hainbat lege eta egitasmoren edukiak herritarren mesederako hobetu ditugulako. Ez du asmatu motz geratu delako, lehen aipatu dugun zentzuan. Eta beste gauza asko oso gaizki egin ditu. Zerbait azpimarratu beharko banu, Sahararekiko hartutako jarrera aipatuko nuke; Saharako herria alde batera utzi du. Barkamenik ez duen akatsa da. Beste hainbat akats ere egin ditu, gehienetan, ez delako ausartu aurrerapausoak ematen, lan erreformarekin, adibidez.

Ziur aski, Sanchezek zuen babesa beharrezkoa izango du presidente izaten jarraitzeko; hala ere, etengabe EH Bildurengandik urruntzen saiatzen ari da. Zapatero dirudi alde horretan pedagogia egiten ari den bakarra. Tranpan erori da PSOE?

Hauteskunde kanpainan gaude eta testuinguru horretan kokatzen ditut orain esaten diren hainbat gauza, ez dut uste hauteskundeak pasatu ondoren horrela hitz egingo duenik. Lehenago ere hartu zuen halako jarrera zurrun bat eta gerora ikusi zuen bere kontra egin zuela horrek. Gobernu honek egindako lorpenak azaldu nahi baditu, kontuan izan behar du gurekin egindakoak direla. Egia da Zapatero askoz argiagoa izaten ari dela, hori aitortu behar zaio. Sen ona jartzen ari den pertsona da, nolabait.

Zein izan da Kongresuan bizi izan duzun momentu politikorik zailena?

Hasiera-hasieran izan zen nire bataioa, inbestidura saio hartan. Tribunatik egin nuen lehenengo interbentzioa zen, berria izateak dakarren urduritasun horretatik abiatu nintzen, eta espero nuen saioa katramilatsua izango zela, baina marra guztiak gainditu zituzten. Irainak entzuten nituen etengabe, moztu egiten ninduten, Voxekoek batez ere, baina baita PPkoek ere. Baina uste dut lortu nuela beraiek nahi ez zuten hori: esan beharreko guztiak esan nituen. Orduan ez zuten lortu nahi zutena eta ez dute lortu legegintzaldi osoan.

«Lurraldetasunaren gaia zerra-hortzak bezala mugitzen da, baina beti hor dago eta hor egongo da konpontzen ez den bitartean»

Beti gelditzen dira gauzak kaxoian... legegintzaldi honetan zintzilik geratu diren lege edo neurri horien artean, zein berreskuratuko zenuke lehentasunez?

Badira gauza batzuk... Familien Legea aipatuko nuke, negoziatzeko saioetan jada sartuta geundelako eta ikusten genuelako aukera lege hori, beharrezkoa den legea, hobetzeko. Bada beste bat, Euskal Herrian eragin handia izango lukeena eta hau ere martxan zegoena, Ekonomia Sozialeko Legea. Kooperatibei eta ekonomia sozialeko ekimenei laguntzera etorriko litzateke hau. Eta Zinemaren Legea, bagenituelako aukerak euskarazko ekoizpenak babestuko zituzten emendakinak negoziatzeko.

Kaxoian gordeta dago lurraldetasunari buruzko eztabaida?

Uste dut kaxoi hori erdi irekita dagoela. Lurraldetasunaren gaia zerra-hortzak bezala mugitzen da, baina beti hor dago eta hor egongo da konpontzen ez den bitartean. Herri bezala dugun sentimendu hori errealitatean gauzatuko da, hori gertatuko da eta Espainian onartu behar dute hau horrela izango dela. Alderdi-bitasunetik gentozen, baina gaur egun ez dago horrelakorik. Errealitate nazionalak gailentzen dira Kongresuan, argazkia erabat aldatuta dago. Lehen oso gutxi ginen, baina independentismoa sartu da, presentzia du eta erabakigarria da. Eta hau izango da argazkia datozen urteetan ere.

Eta bitartean?

Autogobernuaren defentsa egitera derrigortuta gaude. Ez bakarrik defentsa, baizik oraindik eskuratzeke ditugun eskumenak lortu behar ditugu, bai Nafarroan eta baita EAEn ere. Zentzu honetan ere eman ditugu pausoak; enpresa handiei zerga berriak ezartzeko eskumena eskuratu genuen eta hau gure ekimena izan zen. Nafarroan, aspalditik adostu zen trafikoaren eskumena eta azkenean gauzatu da transferentzia. Aurrerantzean ere jarraituko dugu betearazten bete behar dena, estatutuak esaten duena.

Eskuinak gobernatuko badu, Madrilen parte hartzeko modua berraztertuko du EH Bilduk?

Animoa berdina izango da, eskuinari aurre egitea eta erantzuteko prest gaude. Gogorragoa izango litzatekeela? Bai, baina herri honek badaki eskuinari nola erantzun eta EH Bilduk herriaren bultzada izango du, horren zalantzarik ez dut. Lehen aipatu dugu pedagogia gehiago egiten ari dela Zapatero, eta gogoan dut inbestidurako lehenengo saio hartan esan nuela Estatu espainiarrean pedagogia demokratikoa falta zela. Gu saiatu gara pedagogia demokratiko hori sartzen, baita PSOErengan ere. Baina ez du erabat ikusi zein zen arriskua eta orain hor dago, ate-joka.