NAIZ

Elkarretaratzeak Zarautz, Mutriku eta Arrasaten, euskaraz aritzen diren udalak babesteko

Madrilgo Auzitegi Konstituzionalak pasa den astean hartu zuen erabakia gaitzetsi eta euskaraz aritzen diren udalei babesa adierazteko elkarretaratzeak egin dituzte hiru herrietan. 19.00etan elkartu dira Zarautzen; 19.30ean Arrasaten eta Mutrikun.

Euskararen aldeko elkarretaratzea Zarautzen.
Euskararen aldeko elkarretaratzea Zarautzen. (Jon URBE | FOKU)

Espainiar Konstituzio Auzitegiak EAEko Toki Erakundeen Legearen 6.2 artikuluaren zati bat bertan behera utzi zuen pasa den astean eta, horrekin, Araba, Bizkai eta Gipuzkako udalei euskara hutsez funtzionatzeko bidea itxi. Erabaki hau salatu eta hizkuntza eskubideak defendatzeko, elkarretaratzeak egin dituzte astelehen arratsalde honetan Arrasaten, Zarautzen eta Mutrikun.

Pasa den ostiralean Udalerri Euskaldunen Mankomunitateko (Uema) 125 alkate eta hautetsik agerraldia egin zuten Konstituzionalaren epaia salatzeko, eta adierazi zuten euskaraz jarraituko dutela lanean. Aldarrikapen horrekin bat egiteko aukera izan dute astelehen arratsalde honetan herritarrek, 19.00etan Zarautzen eta 19.30ean Arrasaten eta Mutrikun.

Euskaltzaleek deitutako protestak

Uemak jakinarazi duenez, tokiko euskara taldeek, euskalgintzak zein euskaltzaleek deitu dituzte agerraldiak, udalei babesa adierazteko eta, beste behin, Madrilgo auzitegiaren epaia salatzeko.

Arrasaten, herriko hainbat eragilek osatu duten hizkuntza eskubideen aldeko protokoloak egin du deialdia, «dauzkagun hizkuntza eskubideen defentsarako, behar ditugun pausoak eman ahal izateko» asmoz, agertu du Uemak ohar batean. Herriko plazan egin da agerraldia, 19.30ean.

Mutrikun, herriko hainbat euskaltzalek egin du deialdia, Udalari babesa emateko eta epai honek «euskara erabiltzeko eskubidea ez ezik euskararen ofizialtasuna bera ere auzitan jartzen» duela nabarmentzeko. Goiko plazan elkartu dira, 19.30ean.

Zarautzen, sortu berria den Zirika Euskara Taldeak deitu du protesta, Lege Zaharraren enparantzan, 19.00etan. Irailerako iragarri zuten taldearen aurkezpena eta lehen ekimena, baina pasa den asteko epaia «oso larria» dela iritzita, aurrera egitea eta kalera ateratzea erabaki dute.

Uemak esan duenez, Euskal Herriko beste zenbait herritan ere herri mailako zein eskualde mailako deialdiak egiteko asmoa agertu dute zenbait euskara taldek eta euskaltzalek.