NAIZ

Elba Verges Alaveseko jokalari ohia Eibarrera itzuli da, eta bi denboraldietarako sinatu du

27 urteko atzelariak armaginekin jokatuko du datorren sasoian, aurrez Alavesen aritu ostean. Kataluniarra 2021-2022 denboraldian lehiatu zen Lehen Mailan Eibarrekin. Klubak egin duen laugarren fitxaketa da.

Elba Verges Alaveseko jokalari ohia fitxatu du Eibarrek
Elba Verges Alaveseko jokalari ohia fitxatu du Eibarrek (@SDEibar)

Elba Verges atzelariak Eibarren elastikoa jantziko du berriro ere, pasa den sasoian Alavesekoa jantzi ostean. Vergesek bi denboraldirako sinatu du kontratua armaginekin. Atzelari kataluniarrak 2021-2022 denboraldian jokatu zuen Gipuzkoako taldean, armaginak Lehen Mailan zeudenean. Joan den denboraldian, baina, ikusita Eibar mailaz jaitsi zela, Alavesek fitxatu zuen.

27 urteko atzelariak eskarmentua du gorengo mailan; Alavesekin joan den denboraldian 2.360 minutu jokatu zituen eta lau gol sartu. Eibarrekin Lehen Mailan zegoenean ere, sasoiko neurketa guztiak hasieratik jokatu zituen. Aurrez Espanyolen ere aritutakoa da, eta Bartzelonako harrobian eman zituen lehen pausoak futbolari gisa. Nazioartean ere izan da: Frantziako Soyaux taldean jokatu zuen.

Vergesez gain, Eibarrek beste hiru jokalari fitxatu ditu, eta horietatik kataluniarra da bakarra Lehen Mailan eskarmentua duena. Leitner eskuin alboko atzelaria, Kakounan erdilaria eta Nati Cano aurrelaria dira besteak.

Denboraldiaurrearen hasiera, uztailaren 19an

Hurrengo asteazkenean, uztailaren 19an, hasiko dute denboraldiaurrea Yerai Martinen jokalariek. Klubak jada jakinarazi du zein izango diren liga hasi baino lehen jokatuko dituzten lagunartekoak.

- Abuztuak 5, Athletic Club B-Eibar (tokia eta ordua zehazteko)
- Abuztuaren 12an, Eibar-Osasuna, Errenterian, 19:00etan
- Abuztuak 16an, Athletic Club-Eibar (tokia eta ordua zehazteko)
- Abuztuak 19an, Deportivo Alaves-Eibar (tokia eta ordua zehazteko)
- Abuztuaren 22an, Eibar-UDG Tenerife Egatesa, Tafallan (ordua zehazteko)
- Abuztuak 26an edo 27an, RC Deportivo-Eibar (tokia eta ordua zehazteko)
- Abuztuak 30ean, Madril CFF-Eibar, Palentzian (La Nueva Balastera estadioa), 19:00etan
- Abuztuak 2an edo 3an, Euskal Herria Kopa