AFP

Kurdistango Aqrah hiriko etxeak harriekin eraikitzen dituzte, aldaketa klimatikoaren mesedetan

Kurdistanen kokatuta dagoen Aqrah hirian, zementuaren ordez harria erabiltzen dute etxeak eraikitzeko. Material honekin aldaketa klimatikoak dakartzan ondorioak «leuntzea» eta hiriaren «izaera mantentzea» lortzen dute biztanleek.

Aqrah hiriko harrizko eraikina.
Aqrah hiriko harrizko eraikina. (Safin Hamed | AFP)

Irakeko Kurdistanen kokatutako Aqrah hiriko etxeak eraikitzeko erabiltzen duten material nagusia harria da. 1991 urtean hirian zementua debekatzea eta harriarekin hiria berreraikitzea erabaki zuen Gobernuak, aldaketa klimatikoaren ondorioei «aurre egiteko». NBEren arabera, Irak klima aldaketaren ondorioak jasateko arrisku handiena duen herrialdeetako bat da.

Aqrah hirian 10.000 biztanle bizi dira eta Kurdistango hiri gehienetan bezala, tenperaturak nabarmenki igo dira eta ur eskasia gero eta larriagoa da. Horregatik, «antzinako teknikak berreskuratzea» erabaki dute bertako biztanleek, tenperaturen igoerari aurre egiteko helburuarekin.

Hiriko alkatearen arabera, harrizko etxeak klima aldaketak dakartzan ondorioen aurrean «iraunkorragoak» dira. «Zementuak beroa atxikitzen du, tenperaturak igotzea eragiten du eta ingurunea kutsatzen du», azaldu du Baland Reda Zubaire alkateak. Horrez gain, harrizko etxeen bitartez, hiriaren «tradizioa eta izaera mantentzea» lortzen dute eta hau turismoa erakartzeko bidea izan daitekeela uste du alkateak.

Mendietako kareharria

Eraikinak berreraikitzeko inguruko mendietan dagoen kareharria erabiltzen dutela adierazi du Jamil Siddikek, berreraikitze lanean dabilen 63 urteko ingeniariak. Hiritarrek «erraz» erabili dezaketen materiala dela adierazi du. «Asko dago eta merkea da», azaldu du. Horretaz gain, kareharria isolatzaile oso egokia dela adierazi du Siddikek: «Zementuzko blokeek 20 zentimetroko lodiera dute, aldiz, harrizkoek, 40 eta 60 zentimetro artekoa».

Horregatik, kalean bero handia egiten badu ere, etxeak fresko mantentzen dira. Hori ere onuragarria da hiritarrentzat, askok ez baitute aire giroturik behar. «Etxean soilik aire-hozkailu txiki bat daukat, horrek balio dit eta merkeagoa da», adierazi du Bewar Majeedek, hiriko biztanleetako batek.

Hala ere, nahiz eta hiria berreraikitzea biztanleentzat eta ingurunearentzat onuragarria izan, Aqrah-ko egoera ekonomikoak eraikuntza lanen jarraikortasuna baldintzatzen duela adierazi du alkateak. 2011tik 2014ra 25 etxe eta meskita bat zaharberritu zituzten, baina 2014ko krisi ekonomikoa dela eta gelditu egin behar izan zutela azaldu du Zubairek.