Nerea Lauzirika
Bilbo

Eragileak eta alkateak batera, «euskararen aurkako oldarraldi judizialaren» kontra

Euskalgintzaren Kontseiluak deituta, Euskalgintzako eragileek eta udal ordezkariek agerraldia egin dute Bilbon, «euskararen aurkako oldarraldi judizialaren» kontra. Salatu dute Euskal Udal Legearen 6.2 artikulua ezezten duen epaiak «euskara eta euskal hiztunak mespretxatzen» dituela.

EAEko Auzitegi Nagusiaren aurrean egin dute agerraldia.
EAEko Auzitegi Nagusiaren aurrean egin dute agerraldia. (Marisol RAMIREZ | FOKU)

Euskalgintzaren Kontseiluko idazkari Alizia Iribarrenek irakurritako adierazpenean Euskal Udal Legearen 6.2 artikulua ezezteko Konstituzio Auzitegiaren epaiaren aurka agertu dira Euskalgintzako eragileak eta baita Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako udal ordezkariak ere. Bilbon dagoen EAEko Auzitegi Nagusiaren aurrean egin dute agerraldia.

Besteak beste, Amagoia Mujika Berria egunkariko zuzendaria, Kike Amonarriz Topaguneko burua, Eusko Ikaskuntzako Iñaki Zabaleta, Ikastolen Elkarteko Nekane Artola eta Euskal Herrian Euskarazeko Intza Gurrutxaga izan dira agerraldian. Halaber, Donostiako, Bilboko, Galdakaoko, Errenteriako eta Hernaniko alkate diren Eneko Goia, Juan Mari Aburto, Iñigo Hernando, Aizpea Otaegi eta Xabier Lertxundik ere hartu dute parte.

Iribarrenek epaia «euskararen normalizazio eta biziberritze prozesuari oztopoa jartzea» dela adierazi du, bide horretan udalek abian jar ditzaketen hizkuntza politikak «guztiz mugatzen» baititu. Halaber, azaldu du euskararen aurkako erasoa ez ezik, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako gehiengo sozialaren kontrakoa dela, azken Inkesta Soziolinguistikoaren arabera, gizartearen gehiengo zabalak babesten baititu euskararen normalizazioa helburu duten politikak.

Mobilizazioak, azaroaren 4an

Horrela, Euskalgintzaren Kontseiluko idazkariak azaldu du epaia «oldarraldi judizial zabalago baten parte» dela, euskara bezalako hizkuntza gutxituak jomugan dituena. Horregatik, azaroaren 4an egitekoak diren manifestazioarekin bat egiteko deia luzatu du, «oldarraldi honen aurka, baina, batik, bat, euskararen normalizazio eta biziberritzearen alde».

Otaegik EH Bilduko hautetsien izenean adierazi du epaiaren nondik norakoak ondo ezagutu arte itxarongo dutela zer egin erabakitzeko. Era berean, horrelakorik gerta ez dadin eraiki behar den ziurtasun juridikoaren inguruan hausnartzeko beharra azpimarratu du, autogobernua baliatuz hartutako erabakiak ez eraisteko tresnak izateko.

Aburtok EAJko alkate eta zinegotzien izenean hartu du hitza eta epaia autogobernuaren aurkako erasotzat jo du. Halaber, euskara «altxorra» dela nabarmendu du: «Ez ditu merezi epai honek dakartzan ideologizazioa eta mespretxua».

Amonarrizek, bestalde, azaldu du euskararen aurkako lehen epaia ez bada ere, honek «garrantzi kualitatiboa» duela, euskara hutsean funtzionatzea galarazten baitie horretarako baldintzak dauzkaten udalei. Hala ere, poza agertu du erantzuna sozial eta politikoa ikusita.