Maite Ubiria

Suak kiskali zuen basoaren eremua irekiko dute hiru urteren buruan Angelun

Badira hiru urte sute batek triskantza handia eragin zuela Angeluko Pinudian (Pignada). Birlandaketaren lehenengo fasea amaitu ondoren, Txiberta auzoko basoa bisitatu ahalko da, bere osotasunean, uztailaren 19tik landa, betiere oihanaren zaintza bermatzeko baldintzak errespetatuz.

Claude Olive auzapezak aukeztu du Angeluko Pignadan hetsia zen eremua berrirekitzeko plana.
Claude Olive auzapezak aukeztu du Angeluko Pignadan hetsia zen eremua berrirekitzeko plana. (Patxi BELTZAIZ)

2020ko uztailaren 30ean pizturiko suteak suntsiketa handia eragin duen Txibertako Oihanean, Angelun. Oren batzutan 145 hektara kiskali zituen suak itsas pinuez osaturiko basoan.

Hiru urte beranduago, 45.000 zuhaitz berri landatzeko egitasmoaren lehenengo fasea amaituta, suak gehien kaltetu zuen eremua berriro ere zabalduko dute.

Uztailaren 19tik landa angeluarrek zein bisitariek basoaren iparraldean kokatzen den eremuan dauden xendrak berriz ere zapaltzeko aukera izanen dute.

Oroitzearren, sutea gertatu eta hilabete batera, erre ez zen basoaren hegoaldeko zonaldea ireki zuten. Bertako eremua ere segurtatzeko hautua egin zuten udal agintariek, jendea bertatik arazorik gabe ibil zedin.

Hala ere, udal ordenantza baten bitartez, hainbat neurri, muga eta betebehar ezarri zituzten. Garrantzitsuena, gauean ohanean ibiltzea debekatu zuten.

Oihanaren iparraldeko sailean 76 bat hektara erre ziren

Ondoko aste erdiaren aurretik berriz ere jendearen erabilpenari zabalduko dioten iparraldean dagoen baso sailean 76 bat hektara suntsitu zituen suak eta abantzu zuhaitz guztiak erre zituen. Zutik iraun zuten gutxi batzuk ondoren bota behar izan zituzten, gaitzek jota zirelako.

Sute handia gertatu zenetik basozainak, suhiltzaileak edota udal langileak baizik ez dira ibili suak kalte handiena egin zuen eremu horretan.

Izan ere, zuhaitz kimuak babesteko hesiak ezarririk, ibiltari arruntek ahalko dute laster bidexka horietatik igaro. Hala iragarri du uztailaren 13 honetan Claude Olive Angeluko auzapezak.

Berrirekitzea ahalik eta badintza egokienetan eman dadin informazio panelak eman dituzte bereziki babestu behar diren eremu horietan zein oihanaren sartu-irteera guztietan.

Paneletan emandako aholku sorta horren bidez ibiltarien gida moduko bat osatu dute, basoan bizi diren landareak eta animaliekiko errespetu keinuak hobeste aldera.

Hala, basoaren garbitasuna zaintzea galdetzen zaie bisitariei. Bistan dena, sua piztea, berdin barbakoa egiteko edo zigarroa erretzeko, debekatua izanen da.

Basoaren zaindariak, bizikletaz

Uztailetik hasita eta irailaren 10 arte basoa eta bisitarien arteko bitartekari lanak egiteko sei laguntzailek jardungo dute Pignada eta Lazaret oihan eremuen artean.

Bizikletaz aurrera eta atzera ibiliko dira basoaren zaindariak, goizeko 08.00etatik eta arratsaldeko 19.00ak arte luzatuko den zerbitzua emanez.

Ibiltarien kezkak argitzeko hitzorduak proposatuko dituzte, bestalde, Baso Etxean. Bertan aurkeztu dute gaur sutearengatik kaltetuena izan zen eremua berriz ere zabaltzeko egitasmoa.

Edonola ere, tenperatuak goia joko balu, iazko udaran gertatu zen bezala, Angeluko Pinudia behin-behinean hesteko agindua eman dezake Udalak.

Itsas pinuak eta leger haritzak landatu dituzte, gehienbat berreskuratzeko bidean dagoen Pignadan. Arestian aipatu bezala 45.000 ale landatu dituzte orotara. Era berean 800 bat zurtoin altuko zuhaitz ale eman dituzte bidexketatik gertuen dauden eremuetan.

Horren gehigarriz ondoko negutik aurrera bertze hainbat espezie landatzeko asmoa badute. Hiru mota ezberdineko haritzak, urkiak edota robiniak emango dituzte, oihan berriaren aniztasuna bermatzeko eta, bide batez, aldaketa klimatikoaren aurrean baso sendoagoa izateko.

Horren aurretik, banbu landarearen etengabeko hedatzeari aurre eginen diote, alde batetik landare eta sustraien garbiketarekin jarraituz eta bestetik itsas pinuak landatuz han non landare inbaditzailea kasik espezie bakarra bilakatu den.