NAIZ

Udaleko garbiketa langileen artean hilean 400 euroko arrakala dagoela dio Donostiako EH Bilduk

Udal eraikinen garbiketa zerbitzuko langileen egoera prekarioa salatu du Donostiako EH Bilduk. Orduen murrizketak, ekipamendu falta eta soldata arrakala nabarmendu ditu Olaia Duarte zinegotziak. Udal Gobernuari udal-eraikinetako arduradunekin konponbiderako elkarrizketa abiatzeko eskatu dio.

Olaia Duarte ostegun honetan egindako agerraldian.
Olaia Duarte ostegun honetan egindako agerraldian. (EH BILDU DONOSTIA)

Donostiako udal eraikinen garbiketa zerbitzuko 184 emakume inguruk hilabeteak daramatzate jasaten duten lan-prekarietatea salatzen. Ostegun goizean, Donostiako EH Bilduk agerraldia egin du langile hauen egoera salatzeko; ekipamendu eskasa, ordutegi ezegonkorrak, aldi baterako kontratazioak eta lan bera egiten duten emakumeen artean 400 euroko soldata arrakala dagoela salatu dute.

Azaldu dute Udal Gobernuak zerbitzuaren lizitazio berri bat egin zuela 2023aren hasieran, baina enpresa lizitatzailea ez dela adostutakoa betetzen ari ziurtatu dutela. Baldintzak hobetu beharrean, 2018ko pleguarekin alderatuta zerbitzu-orduen murrizketa aplikatu dela jakin dute langileekin egindako bileren ostean, ostegun goizeko agerraldiaren arabera.

Ordu murrizketa horien ondorioak salatu ditu Olaia Duarte zinegotziak: «Beharrezko lan-denborarik gabe ezin izango da udal-eraikin askoren garbitasunaren kalitatea bermatu; langile askoren gaitasun ekonomikoa pobretu egingo da, eta zentro batetik bestera lan egitera behartuta egongo dira lanaldia osatu ahal izateko, kontziliazioa izugarri zailduz». Horrez gain, beste datu esanguratsu bat ere azpimarratu du, aurtengo otsailetik aurrera zerbitzuan sartu direnen eta lehenagotik zeudenen arteko soldata arrakala hilean 400 eurokoa da.

«Zenbakiak oso adierazgarriak dira», esan du Duartek, batzuen eta besteen soldaten arteko ezberdintasuna adibidetzat jarrita. «Hitzarmen kolektiboari atxikitako langile batek 1.598,647€ kobratzen ditu astean 35 orduko lanaldiagatik, eta Gipuzkoako sektoreko hitzarmenaren babespean egindako lizitazio berriarekin kontratatutako langile batek 1.180,97 € kobratzen ditu, lan bera eginda».

Bajan dauden emakumezko langileen kasuan ere aldea nabaria dela adierazi du: hitzarmenaren eraginpean daudenek %80 kobratzen dute, eta Gipuzkoako hitzarmenaren mende daudenek, berriz, %75. Galdera bat luzatu dio alkateari: «Aurreztutako "soberako" diru publikoa non gelditzen den jakin nahiko genuke, zan ere, Udalak langilearen hitzarmena den prezio bera ordaintzen du: 28,45 euro orduko».

Mozioa «non geratu den» galdegin du EH Bilduk

Duartek adierazi du hilabeteak daramatzatela egoera salatzen, langileek maiatzean publikoki Udal Gobernuari esku-hartzea eskatu ziotela. Eta Udal Gobernuak «ezikusiarena egiten» jarraitzen duela. Urrian onartutako mozioa «non geratu den» galdegin du Duartek; bertan, Udal Gobernuari inplikatutako udal eraikinetako arduradunekin «lehenbailehen» biltzeko eskatu zitzaion.

EH Bilduko ordezkariaren hitzetan, «onartezina da Udal Gobernu honek, zerbitzu publikoen azpikontratazio-politikaren ondorioz, emakume horien lan-baldintzen kontura dirua aurreztu nahi izatea, kolektibo feminizatu hori are gehiago prekarizatuz eta sektorean bertan arrakala sortuz».