Interview
Josu Etxaburu eta Fermi Rubiralta
Gure Eskuren bozeramailea eta ANC Euskal Herria-ko kidea

«Eraldaketa sakonik ez bada, zaila da espainiar Estatuak erabakitzeko eskubidea onartzea»

Gure Esku eta ANC dira, hurrenez hurren, Euskal Herrian eta Katalunian erabakitzeko eskubidearen aldeko aldarrikapenaren erreferenteak. Josu Etxeburu eta Fermi Rubiralta mugimendu horietako kideek, uztailaren 23tik aurrera eskabide horren egoera zein izan daitekeen aztertu dute.

Gure Eskuk eta ANCk 2022ko uztailean Pirinioetako Bidea ekimena antolatu zuten.
Gure Eskuk eta ANCk 2022ko uztailean Pirinioetako Bidea ekimena antolatu zuten. (Andoni CANELLADA | FOKU)

Hurrengo uztailaren 23an espainiar Estatuko hauteskundeak egongo dira, eta erabakitzeko eskubidea berriro eztabaidaren erdian kokatu da. Zentzu honetan, zer proposatzen dute zuen mugimenduek aurrera jarraitzeko?

Josu ETXABURU: Bai guk bai ANCk oso bide argia jarraitzen dugu. Aurten 10 urte betetzen ditugu herri ekimen gisa eta hasiera batean planteatzen genituen leloek oraindik gazte jarraitzen dute: herri bat gara eta erabakitzeko eskubidea daukagu. Hori esanda, gure ekimena ez da bakarrik aldarrikatzearena, gauzatzearena ere bada. Horregatik guk proposatzen duguna da demokrazian sakontzea jendea ahalduntzeko.

Josu Etxaburu, erdian ikurriña eskutan, Gure Eskuren ekitaldi batean.

Hurrengo hauteskundeetara begira eta M28ko emaitza kontuan harturik, espainiar eskuinen garaipena aurreikus daiteke. Zein izan behar da erantzuna Euskal Herritik eta Kataluniatik, ofentsiba horren aurrean?

J.E.: Datozen hauteskundeak etorriko diren moduan, ez dakit zenbateraino garrantzitsua izango den hori, gu etxerako lanak eginda harrapatzea baizik. Gure herri izaera jarri behar dugu mahai gainean, era batera edo bestera, hurrengo legegintzaldian lurraldetasunaz behin eta berriro hitz egiteko aukera asko ditugulako. Gure bi herriek ezberdin arnasten dute, eta hori nabarmena da aldiro egiten diren hauteskundeetan. Herri izaera badagoela eta eskuin muturrak ez duela lekurik ikusten ari gara, eta gizarte heldu baten seinalea da hori.

«Gu etxerako lanak eginda harrapatzea da kontua, gure herri izaera jarri behar dugu mahai gainean»

 

Fermi RUBIRALTA: Nazio errealitatea hauteskundeen bitartez agerian geratu da. Ez da kasualitatea espainiar Estatuan indarra daukan eskuin muturrak Katalunian eta Euskal Herrian lekurik ez izatea. Berriro ere mahai gainean jartzen da zein motatako mapa irudikatzen den nazio gisa bozkatzeko momentuan. Gabezia horretan kolokan jarri da Madrilen egon den Gobernu progresista.

Gehiengoa lortzeko, PSOE eta Sumar alderdien Gobernu batek alderdi independentisten babesa beharko luke ziur aski. Ondo ikusiko zenukete azken legegintzaldian bezalako akordio bat?

F.R.: Maiatzak 28ko emaitzek demostratu zuten modu ezberdin batean hartu zela akordio hori Euskal Herrian eta Katalunian. Adibidez, EH Bildu, Gobernuari sostengu osoa eman diona, botoetan igo egin da azken hauteskundeetan. Eta aldiz, Katalunian, ERC edo Junts-en datuak oso kaskarrak izan dira, batez ere Esquerrarenak, Gobernua sustatzeko gehien inplikatu dena. Horren ondorio izan daiteke ez dela aldarrikatu urriaren 1eko emaitza, zintzilik geratu dela iheslari eta errepresaliatuen egoera... Hala edo nola, gai horiek atera behar dira hurrengo «Gobernu progresistari» babesa emateko.

Puntu honetan kokatzen da PSOEk eta ERCk azken lau urteetan osatutako negoziazio mahaia. Ulergarria da mahai horretan erreferendumarena ez diren beste zenbait gairi buruz hitz egitea?

J.E.: Beldur bat dago, erabakitzeko ariketa hori gauzatzeari beldurra diote, herriari galdetzeari. Horregatik oraindik bide luzea badugu kultura demokratikoan sakontzeko. Gure Eskutik sinetsita gaude erabakitzeko eskubidea guztion eskubidea dela, eta ez dagoela galdetzea baino gauza osasuntsuagorik.

F.R.: Errealitatea ikusita, zaila da espainiar Estatuak erabakitzeko eskubidea onartzea, oso eraldaketa sakonik ez bada.

Fermí Rubiralta.

Zein izan behar da herritar mugimenduen papera bidegurutze honetan?

F. R.: Katalunian 2017an ikusi zen: jendeak, herri ekimenen bidez, ez badu prozesua bultzatzen, ez dago zer eginik. Eta gizarte zibila izan behar da bultzatzaile nagusia, hau da, Gure Esku edo ANC bezalako elkarteak, eta alderdi politikoak atzean ibili behar dira. Hau da ‘proces’ osoa markatu duena.

«Katalunia eta Euskal Herriaren arteko zubiak gero eta handiagoak dira, gero eta batuago gaude»

 

J. E.: Herritarrik gabe ez dago burujabetza prozesurik. Halere, hori esatea errazagoa da egitea baino eta kalean konturatzen ari gara. Gizartea aldatuz doa eta tentsio puntu horri eustea da tokatzen dena. Gainera, batez ere hauteskundeetan, asko entzuten da «herri akordioak» egin behar direla, baina horiei benetako zutabea falta zaie: herritarron indarra.

Eta, hain zuzen, askoz hobeto litzateke bi herriek bere indarra batzea. Zer suposatu dezake Euskal Herriak eta Kataluniak elkarrekin aurrera egiteak erabakitzeko eskubidearen alde?

F.R.: Momentu honetan, zubiak gero eta handiagoak dira, gero eta batuago gaude. Azken finean, gure esparrua berdina da: Europar Batasunean bi herri gaude, bi estatu berdinen menpe. Batzen gaituzten puntuak baino ez badaukagu, eta fronte horiek elkarrekin zabalduko ditugun momentua helduko da.

J.E.: Nuklearra den elementu bat izango da elkarlana, Espainiako hauteskundeetan gertatzen dena gertatuta. Historikoki, bi herrien arteko lotura aspalditik dator, eta orain azpimarratu behar dugu, elkarlan hori egokitzea tokatzen zaigu.