Interview
Dani Perez
Zierbenako entrenatzailea

«Baldintzek lehen koskan jarri gaituzte: gozatzen ari gara, baina errealistak izan behar dugu»

Zierbena Eusko Label Ligako liderra da Hondarribiarekin puntuetan berdinduta. Dani Perez (Vigo, 1979) entrenatzailearen ustetan, haien «lekua Bermeo, Donostiarra eta Hondarribiaren atzetik egotea da». Bizkaitarrak ikusten ditu «beste guztien gainetik». Galiziarra ‘Galipoen’ maila igotzera etorri da.

Dani Perez Zierbenako arraun elkarteko instalazioetan.
Dani Perez Zierbenako arraun elkarteko instalazioetan. (Raul BOGAJO | FOKU)

Oraindik asko dago jokoan, liga hasi besterik ez baita egin. Baina Zierbena lider da Hondarribiarekin puntuetan berdinduta –31 puntu– eta hori seinale ona da. Dani Perez Zierbenako entrenatzaileak azpimarratu du haien helburua lehen bost sailkatuen artean sartzea dela, eta Bermeok «nahi duenean irabazten» duela, «askorengatik, gainera». ‘Galipoek’ aurten fitxatu dute Perez, Meiran bost urte egin ostean. Galiziarrak hogei urte daramatza arrauneko entrenatzaile gisa. Tiran eta Astilleron ere egondakoa da.

Larunbat honetan jokatuko dute laugarren jardunaldia Bilbon: ligako erlojupeko bakarra izango da –emakumezkoak 17.25ean hasiko dira eta gizonezkoak 18.21ean–. Igandean Orion arituko dira –emakumezkoak 11.25ean eta gizonezkoak 12.15ean–.

Liderrak zaretela esango balizute liga hasi baino lehen, sinetsiko zenuke?

Inola ere ez. Proiektua aurten hasi da Juan Zunzunegik klubean aro bat egin ostean [zortzi urte]. Lorpen asko eskuratu zituzten, bai txapelketetan bai ligan. Iaz beste entrenatzaile bat egon zen, eta ez zitzaien nahi bezain ondo atera. Orain bigarren aldi berri bat hasten da berriro ere, eta horrek ziurgabetasuna eta konfiantza falta eragiten du helburuak jartzeko. Gure xedea lehenak izatea baino askoz ere xumeagoa zen. Ibilbide orri berarekin jarraitzen dugu, nahiz eta txapelketako baldintzek lehen postuan jarri gaituzten. Gozatzen ari gara, baina errealistak izan behar dugu, eta badakigu edozein unetan dagokigun postuan jarriko garela.

Esaten duzunean txapelketako baldintzek jarri zaituztela gorengo koskan. Zein dira horiek?

Arraunean aldagai asko daude estropada baldintzatzen dutenak: estropada eremua, kaleak, haize aldaketak… Coruñako lehen jardunaldian aldagai horiek mesede egin ziguten, eta aurkari zuzenei, esaterako Bermeori, faborito nagusia denari, baldintzak kontran ipini zitzaizkion. Zentzu horretan objektiboak gara eta badakigu berandu baino lehen Bermeo ligako lehen postuan jarriko dela, behartu samar baitago irabaztera. Hala ere, egia da Donostian bigarren jardunaldian berriro ere ondo egin genuela eta lidergoari eutsi diogula.

Hirugarren jardunaldian lortu zenuten posturik kaskarrena, hain justu, zuen etxean, Zierbenan.

Gure plangintzaren barruan sartzen da. Proiektu berria da, entrenatzaile berri batekin, multzoan aldaketa dezente egon dira, alor teknikoan ere aldaketak daude… Azkenean badakizu urte batzuk behar dituzula dena finkatzeko, eta normala da irregularrak izatea. Hala ere, irregularrak izanda eta egun txarrak izango dituzula jakinda, uste dut ez zela emaitza txarra izan. Zierbenak aurten izan ditzakeen helburuen barruan sartzen da lehen bost traineruen artean sailkatzea. Kontua da lehen bi jardunaldien ondoren distira galtzen duela, baina uste dut ez dela ohikoa izango lehen bi sailkatuen artean egotea. Horretarako beste talde batzuk daude.

Liga hasi baino lehenagoko elkarrizketa batean esaten zenuen «bigarren lerroko» talde bat izango zinetela. Orain lehen lerroan zaudete.

Bai, oraingoz bai, eta disfrutatzen ari gara, oinak lurrean ditugula eta jakinda edozein unetan Bermeo, Donostiarra eta Hondarribi aurretik jarriko direla. Hori izango zen normalena. Saiatuko gara haien gertu egoten borrokan, eta disfrutatzen; jakinda, gure lekua haien atzetik egotea dela. Horrez gain, gure mailan egon daitezkeen gainerako traineruen aurretik egoten saiatuko gara: Getaria, Cabo, Orio... Orio ez da oso ondo hasi, baina hor goian egongo da. Saiatuko gara beti lehen bost sailkatuen artean egoten.

Helburu duzue ohorezko txandan egotea eta banderen lehian?

Ohorezko txandan egotea ahalik eta gehien eutsi behar diogun helburu bat da; jakinda Oriok maila igoko duela, oraintxe bertan puntuei dagokionez urrun egon arren. Banderen lehian egotea? Lehenik, guk estropadan dena oso ondo egin behar dugu; eta gero, hori posible egiteko aukera emango diguten baldintzak izan behar ditugu. Igandean Bermeok erakutsi zuen ondo badabil, guztien gainetik dagoela. Orduan, banderen lehian egotea ez dago gure esku bakarrik.

«Banderen lehian egotea? Lehenik, guk estropadan dena oso ondo egin behar dugu; eta gero, hori posible egiteko aukera emango diguten baldintzak izan behar ditugu»

Coruñan ateratako eskifaia Donostian aldatu zenuen, baina Zierbenan Galiziako berdina izan zen, arraunlari bat izan ezik. Emaitzak oso bestelakoak izan dira. Zeren arabera hartzen dituzu erabaki horiek?

Esan daiteke denok berriak garela hemen eta arraunlariak ezagutzen ari naizela. Kirolari bat ondoen ezagutzen duzu txapelketetan, ez egunerokoan. Nire ardura da denei aukera bat ematea erakutsi dezaten zer egiteko gai diren, alde batera utzita neguan eta udaberrian alor fisikoan erakutsi didatena. Orain da momentua ikusteko entrenamenduetan garatu duten alor fisikoa lehiaketan teknikoki aprobetxatzeko gai diren ala ez. Nire asmoa da ahalik eta txandakatze gehien egitea hasieran, behintzat, eta denek izatea auketa tostartean postu bat irabazteko estropadarik garrantzitsuenetan. Denek sentitu behar dute proiektuaren parte direla, eta urte amaieran lortu duguna guztion lana dela, eta ez gutxi batzuena bakarrik.

Multzoa asko aldatu da. Hamar joan eta bederatzi etorri dira. Aipatu zenuen ez zela erraza arraunlari guztiak batera joatea. Oraingoz ematen du lortzen ari zarela, ezta?

Emaitzei dagokienez bai. Baina, gero, estropadak telebistaz ematen dituztenez, pixka bat zehatzago aztertu ditzakegu gauza batzuk, eta oraindik alor teknikoan asko hobetu dezakegu, eta talde moduan ere bai. Behin eta berriz esaten diet arraunlariei lehiaketak asko lagunduko digula horretan. Estropadak egin ahala multzo gisa hortzak berdintzen joango gara, eta xehetasun teknikoak doitzen. Eta horrek errendimendua igoko du. Ziur aski aurkariek ere hobetuko dute; baina, taularen erdialdetik gora, ziurrenik gu gara eskifaian aldaketa gehien egin dituen taldea. Alde horretatik, motibazio gisa balio behar digu, hobetzeko tarte handiagoa dugulako; eta, bestalde, gure erantzukizuna ere badelako autokritikoak izatea eta astez aste alor horiek hobetzen joatea.

Jokatu diren hiru banderetan hiru irabazle ezberdin egon dira. Lehiatua al dago liga?

Pasa den igandeko eta Euskadiko Txapelketako emaitzak ikusten badituzu, esango nizuke Bermeok nahi duenean irabazten duela, askogatik, gainera. Orduan, agian Bermeoren atzetik dauden postuetan dago lehia. Hori litzateke logikoena, Bermeo multzo oso sendoa delako, eta haien bigarren urtea delako talde gisa. Uste dut haiek direla faborito nagusiak. Agian Hondarribia ere hor sar daiteke aldaketak egon arren, talde fidagarria delako. Hala ere, zaila da Bermeori banderek ihes egitea.

Larunbatean Bilbon erlojupekoa izango duzue, estropada ezberdina.

Bai, aurrekoen oso bestelakoa izango da. Itsasadarrean eta itsabeheran oso estropada gogorra eta fisikoa izango da. Osagai teknikoek beti dute garrantzia, baina fisikoek, honetan, are gehiago. Ikusi dudanaren arabera, agian itsasaldiak eragina izango du emaitzetan.

Igandean Orion, itsasoan.

Bai, itsasoan, baina zulo handia duen erreka batean. Eguraldiaren aurreikuspena ikustea gustatzen zait astea pixka bat aurreratuago dagoenean, baina Orion itsasoa pixka bat mugituz gero, eta aurreko eguneko neke fisikoa pilatuta, estropada gogorra izango da. Ez fisikoki, baina bai teknikoki.

Iaz Meiran egon zinen. TKEra igo zenuen taldea eta Zierbenera joan zinen. Erabaki gogorra izan al zen?

Bai, oso gogorra izan zen. Lan arloari zegokionez emazteari ondo etortzen zitzaion, baina gero pentsatzen duzu alabengan, bereziki zaharrenean: zazpi urte zituela bat-batean euskara ikasten jartzea, maila pertsonalean aldaketak suposatzen duen guztiarekin… Niretzako aldaketa oso garrantzitsua zen; urte asko neramatzan talde batean nengoen, horrek zeuzkan gauza on eta txarrekin. Izan ere, une bat iristen da non taldeek aldaketak behar dituzten. Erabaki behar nuen maila mantentzea helburu zuen talde batean geratzea edo aro aldaketa garrantzitsu bat behar zuen talde batera joatea, helburu anbiziotsuagoak lortzeko asmoarekin.

Alde horretatik ez nuen zalantzarik. Baina familiari begiratuta, asko kostatu zitzaidan erabakia hartzea. Emaztearen laguntza izan nuen, eta hark eman zidan azken bultzada baietz esateko. Alaben ikasturtea amaitu zenean lasaitu ederra hartu nuen. Dena ondo joan da. Orain lanaren arloari dagokio, eta horrela jarraitzen badugu, uste dut erabakian asmatu dudala.

Nola ikusten duzu Meira ligan?

Oso zaila dute, baina ikusi zen pasa den igandean gauzak ondo eginda gaitasuna dutela mailaz ez jaisteko, eta uste dut beste traineru batzuekin batera zuzenean ez jaisteko borrokan egon daitezkeela. Wattioetan nahiko justu doaz, baita fisikoki ere, baina mentalki oso indartsuak dira, eta asteburukoa da horren adibiderik garbiena. Larunbatean atzean geratu ziren eta oso emaitza txarra izan zuten. Baina igandean borrokatzera atera ziren eta hor ibili ziren borrokan, Oriorekin ere. Mentalki sendoak dira, eta ez dira aurkari erraza izango.

Zer ikasi duzu hogei urte hauetan entrenatzaile gisa?

Buf, asko ikasten da. Alor teknikoan zein fisikoan. Etengabe eguneratzen joan behar duzu. INEFeko (Gorputz Hezkuntzako Institutu Nazionala) gradua amaitu nuenetik orain arte gauzak asko aldatu dira. Alor teknikoan ere konturatzen zara talde bakoitzak neurri ezberdinak behar dituela, bakoitzak bere indarguneak eta ahulguneak dituelako. Halaber, estropada bakoitza oso desberdina dela ikasten duzu, eta bakoitzean neurri jakin bat behar duzula.

Pertsona talde baten kudeaketa ere oso garrantzitsua da. Kirolari multzo bat izateaz gain, pertsona multzo bat ere bada, eta bakoitzak bere buruhausteak izaten ditu. Eta haien larruan jartzen ikasi behar duzu. Uste dut urteekin arraunlariei hitz egiteko moduan biguntzen joan naizela, ez paternalistagoa izanda, baizik eta haien larruan gehiago jarrita. Beti ere, goi mailako txapelketa batean lehiatzen ari garela ahaztu gabe.