NAIZ

Donostian jokatuko da eskubaloiko Superkopa, Portugalgo txapeldunen berritasunarekin

Eskubaloiko Superkopa berritasun handi batekin jokatuko da aurten: Espainiako Ohorezko Mailako liga eta Kopa txapeldunez gain, Portugalgo txapeldunak ere lehiatuko baita. Hala, Malaga, Bera Bera, Benfica eta Madeirak neurtuko dituzte indarrak irailaren 8 eta 9an, Donostiako Gasca kiroldegian.

Giuliana ‘Shula’ Gavilan, jaurtitzeko prest, Malagaren aurkako partida batean, Gaska pabiloian.
Giuliana ‘Shula’ Gavilan, jaurtitzeko prest, Malagaren aurkako partida batean, Gaska pabiloian. (Jon URBE | FOKU)

Espainiako Eskubaloi Federazioak ostiral honetan jakinarazi du XXIII. Superkopa Donostian jokatuko dela, irailaren 8 eta 9an. Seigarren aldiz jasoko du txapelketa hau Gipuzkoako hiriburuak baina aurtengoak berritasun handi bat izango du; izan ere, estreinakoz, ‘Iberiar’ izaera izango baitu. Hala, Malaga Ligako txapeldunaz eta Bera Bera Kopako irabazleaz gain, Portugalgo Benfica eta Madeira ere lehiatuko dira. Bi talde portugaldar hauek EHF European Cup txapelketa jokatuko dute datorren denboraldian. 

Bera Berak, egungo Kopako txapeldun eta azken Superkopako irabazleak, Portugalgo liga eta Kopa irabazi dituen Sporting de Lisboa e Benfica taldea izango du arerio finalaurreko partidan. Beste finalerdian, Espainiako ligako txapeldun Malaga eta Madeirak –Portugaleko liga eta Kopan azpitxapeldun izan denak– neurtuko dituzte indarrak. Partida guztiak Jose Antonio Gasca kiroldegian jokatuko dira eta oraindik ordutegia zehaztu gabe dago.

Donostian egingo den seigarren Superkopa izango da eta zazpigarrena Gipuzkoan. 2008. urtean, Bera Berak Cementos La Unión Ribarroja (21-18) gainditu zuen Bidebietan, altxatutako aurreneko Superkopan. 2009-10an, Itxakok Bera Bera mendean hartu zuen Bidebietan (23-24) eta 2012an, leku berean, gipuzkoarrak aise nagusitu zitzaien nafarrei (42-18).

Hurrengo urtean, Bera Berak Gascara egin zuen jauzi Rocasari gol batez irabazteko (25-24), 2015ean leku berean errepikatu zuen garaipena (18-17). Superkoparen XX. edizioa, 2019an, Eibarren jokatu zen eta Rocasak luzapenean irabazi zion talde donostiarrari (32-31).

Emakumezkoen eskubaloian aurten egingo du estreinakoa iberiar izaerako Superkopak baina gogoratu behar da gizonezkoetan iaz jokatu zela lehen edizioa, Bartzelona garaile aterata.