Maite Ubiria
Aktualitateko erredaktorea, Ipar Euskal Herrian espezializatua / redactora de actualidad, especializada en Ipar Euskal Herria

Auzoetako errebolta eta Bastillaren Hartzea

Bastillako kartzelak hautsi zituen matxinoen erregeak, azalpenik eman gabe, edonor presondegiratu zezakeela salatzeko asmoz. Erregimen zaharraren ezaugarri nagusia zen mugarik gabeko diskrezionalitatea jomugan ezarri zuen jende txiroaren altxamenduena. Egutegiak baditu kapritxoak. Auzo langileetako nerabe bat, Nahel M., tiroz hil zuen Poliziak, “Askatasuna, Berdintasuna, Anaitasuna” goiburu duen frantziar Errepublikak Bastillaren suntsiketa ardatz hartzen duen aberriaren ospakizuna baino aste batzuk lehenago.

Egungo Bastilla guztiak aintzat hartuta, joan zen ekainaren 30ean eginiko azkeneko neurketaren arabera, 73.699 herritar ziren frantses Estatuan giltzapeturik. Hexagonoko espetxeek duten gaitasunetik at, 16.000 pertsona ziren gatibu. Kartzela sistemaren dentsitate maila %121,7koa da, 2020an Europako Giza Eskubideen Auzitegiak zigortu zuen herrialdean. Lehorteari aurre egiteko ur kontsumoaren murrizketak eta beroteari loturiko osasun arriskuak ekiditeko egitasmoak aurkeztu berri dituen Gobernuak, hotz ala bero egin, ez du plan berezirik kartzela populazioaren etengabeko gorakadak dakarren berezko lanjerari erantzun bat emateko.

Frantses Barne Ministerioak eskaini zuen bilanaren arabera, 3.700 herritar, horietatik 1.160 adingabe, atxilotu zituen Poliziak Nanterreko gaztearen heriotzak piztu zuen haserre eztandak iraun zuen sei gau horien ondotik. Segurantza etxeek, berriz, 650 milioitan zenbatu dituzte erreboltak utzitako kalte materialak. Herriak hautsi zuen Bastillako pasadizoa ardatz duen aberriaren gorazarreari ekin aitzin, epaiketa azkarrak eta zigor eredugarriak promestu zituen Emmanuel Macronen Gobernuak, eta geroztik, espetxeak are gehiago betetzeko makinak atsedenik hartu gabe lanean jarraitzen du frantses Estatuan.

Izan ere, auzo langileetan txingarrek pizturik jarraitzen dute, uztailaren 14ko dantzaldi eta suziriek argazki distiratsuagoa irudikatzeko balio duten arren. Azkeneko hamarkadetan, sustrai sakonak dituen auzoen krisiak Hexagonoan garatu den ezabatze demokratikoaren prozesuarekin bat egin du, nahiz eta inozo samarra dirudien, arrakalak ikusita, ezinegonen batuketa orokorraren atarian gaudela pentsatzeak.

Beldurra sentitzeko eta sorrarazteko logikaren arabera jokatzen da partida gaur-gaurkoz. Eztandaren ondorioz nork irabaziko duen eta nork galduko duen, hori da eztabaida, enpresetako administrazio kontseiluen jitea hartu duen politikaren eremuan.

Kontsumorako pultsioa kosta ahala kosta asetzera gonbidatzen duten saltokiak zein arrazializatutako herritarrak alboratzen dituen sistema politikoa ordezkatzen duten eraikin publikoak sutan ikusi eta aste batzuetara, begirada taulategi politikoan ezarri da.

Lege sekurokratak, erretreta, langabeziari buruzko erreformak eta aldaketa klimatikoaren aurrean erantzunak gibelatzeko Macronek sustatu dituen egitasmo gehienak babestu dituen Errepublikanoak (LR) alderdiak, istiluen itzalpean, zalantzaz beteriko maniobra beldurgarria eman du abian; ideiak barneratzeaz haratago, eskuin-muturraren corpusarekin eremu bateragarriaren bila dabiltza. •