Amalur Artola
Amalur Artola Kulturako koordinatzailea / coordinadora de Cultura

EH Bildu: «‘Egin’ ixtera ausartu ziren baina altxatu ginen; eta berriro altxatuko gara»

‘Egin’ egunkariaren atarian bilduta, EH Bildu eta bortizki itxitako egunkari eta irratiko langile ohiek gertaera hura gogoratu eta berriz ez gertatzeko eskuinari oinak gelditzeko beharrean jarri dute begia. Orduan auzolan erraldoiaren ondotik herria altxatu zen bezala, indarrak metatzera deitu dute.

‘Egin’ egunkariaren egoitzaren atarian bildu dira langile ohiak eta EH Bilduko ordezkariak.
‘Egin’ egunkariaren egoitzaren atarian bildu dira langile ohiak eta EH Bilduko ordezkariak. (Jon URBE | FOKU)

‘Egin’ egunkariaren itxiera bortitzetik 25 urte betetzen diren honetan, EH Bilduk gertakari hura gogora ekarri eta izan zituen ondorioak eta sortu zituen irakaspenak nabarmendu nahi izan ditu larunbat goiz honetan ‘Egin’ egunkaria zenaren egoitzan, Hernaniko Eziago poligonoan. Bertan bildu dira EH Bilduko ordezkariak eta Garzonen aginduz itxitako egunkariko langileak, ‘Egin’ itxi bazuten ere herri oso baten auzolanaren bidez berriro altxatzeko gauza izan zirela gogora ekartzeko.

Ekitaldian EH Bilduko Maialen Urzelai eta Gorka Elejabarrietak hartu dute hitza, euskaraz eta gazteleraz, hurrenez hurren. ‘Egin’ egunkari eta irratiaren itxiera «adierazpen askatasunaren eta informazio eskubidearen aurkako itxiera» izan zela ekarri dute gogora, «PPk antolatutako muntaia politiko» batetik abiatu ostean Baltasar Garzon epaileak eta polizia espainolak exekutatu zutena.

«Itxiera hura kolpe handia izan zen herri honentzat eta prentsaren aniztasunarentzat. Euskal kazetaritzak, indar politiko, sindikal eta sozialek salatutako erasoa izan zen, euskal gizarte osoak salatu zuen», nabarmendu dute, 1998ko uztailaren 19an Donostiako kaleak hartu zuen manifestazio erraldoia gogoan, «prentsa askatasunaren, atxilotutako kazetarian askatasunaren eta batez ere informazio eskubidearen aldeko aldarria egin zuen manifestazio hura».

Orduan Gobernu espainoleko presidente zen Jose Maria Aznarren hitzak ere gogoan izan dituzte ekitaldian, «uste zuten ez ginela ausartuko» oldarkor hura gogoan, eta ‘Egin’-en aurretik zein ostean, printzipio demokratikoen aurkako beste hainbat eraso egon zirela nabarmendu dute: «Ausartu ziren, noski. Herri honetan oso ondo ezagutzen ditugu Espainiako eskuindarren jarduteko moduak», baina gaurkoa ‘Egin’ egunkaria «izan zen guztia gogoratzeko eguna» dela nabarmendu dute.

Zentzu horretan, kazetaritza proiektu hura altxatzen jardun ziren bi pertsona ere gogoratu nahi izan dituzte. Josu Muguruza batetik, ‘Egin’-eko kazetari izana, diputatu akta jaso zuen egun berean Madrilen hil zutena. Eta orain gutxi zendutako Jabier Salutregi bestetik, egunkariko zuzendari izana, duela 25 urteko operazioaren ondorioz espetxeratua. Hainbatetan adierazi zuen bezala, kartzelaldi haren markak ez zituen sekula ahaztu Salutregik.

Muguruza eta Salutregi «euskal herritarrei informazioa emateagatik» zigortu zituztela salatu dute. «Josu eta Salu ditugu gogoan, baina baita Espainiako estatuaren errepresioa jasan zuten ‘Egin’-eko kazetari eta langileak ere», nabarmendu dute.

Eskuina geldiarazteko bozka

Amaitzeko, «Madrildik datorren haizeak» demokrazian eragin ditzakeen kalteetan jarri nahi izan dute begia, eta ‘Egin’-en itxiera bezalako «beste eraso batzuk» etor litezkeela ohartarazi dute. Zentzu horretan, uztailaren 25ean botoa ematean duen garrantzian jarri dute azpimarra.

‘Egin’-en itxieraren ostean euskal herritarren erakutsi zuten auzolanerako borondate eta trebetasuna ekarri dute gogora, guztion ahaleginaren bidez «txarrenari onena» atera eta «ahalegin kolektibo handi» baten bidez «imajina ezina» lortzeko gauza izan baitzen euskal jendartea: «Herri honetan sarritan egin dugun bezala, berriro altxatu ginen. Eta uztailaren 23an euskal herritarrek beste auzolan handi bat egiteko aukera izango dute, lan kolektiboa, espainiar eskuina geldiarazteko, oinarrizko eskubideak urratu nahi dituztenak geldiarazteko, duela 25 urte egin genuen bezala».

Auzolan horren bidez euskal ezker subiranistari «indar handiagoa» emateko aukera egongo dela nabarmendu dute, eta EH Bildu «gehiago eta hobea» den heinean euskal herritarren alde «gehiago eta hobeto» egin ahalko dela, «eskubideak zabalduz eta kendu nahi digutenak geldiaraziz».