NAIZ

AHTaren zundaketen aurka mobilizatu dira Araban eta trazadura egokitu dezatela eskatu

Arabako Haranetan egin nahi dituzten zundaketak salatzeko elkarretaratzea egin dute igande honetan Ribabellosan eta tren publiko eta sozialaren proiektua aztertu eta kontrastatu dezaten exijitu diote Gobernu espainolari.

Elkarretaratzea egin dute Ribabellosan AHTaren zundaketak salatzeko.
Elkarretaratzea egin dute Ribabellosan AHTaren zundaketak salatzeko. (Arabako Haranak Trenaren Alde)

«Arabako Haranetan beste orbain batek dakarren trazadura aztertzera bideratutako prospekzioak» salatu dituzte igande honetan Ribabellosan egin duten kontzentrazioan tren publiko eta sozialaren aldeko plataformek.

Adierazi dutenez, plataformek aurkeztu duten azterlan teknikoa eta alternatiba «egungo trenbidearen egokitzapenean eta hobekuntzan oinarritzen da» eta eragindako kontzejuen eskaerak jasotzen ditu, Garraio Ministerio espainiarrak proposatutakoa baino «1.000 milioi euro gutxiagoko kostu ekonomikoarekin eta Burgos – Gasteiz artean 10 minutuko zigorra soilik ezarrita».

Plataforma hauek nabarmendu dutenez, tren sozialak «abantaila handia du: merkantzia eta pertsonen trafiko mistorako erabili daiteke. Egungo azpiegitura «modernizatu eta egokituta» segurtasunari eta hiri-integrazioari dagokionez ere hobekuntzak ekarriko lituzkeela aipatu dute.

Hortaz, 2022ko urtarrilean Garraio Ministerio espainolak Burgos, Gasteiz, Iruñea eta Castejon arteko ibilbidearen egokitzapenari eta modernizazioari buruzko azterlan bat egiteko bideratutako 200.000 euroko arurrekontu-partida exekutatzea eskatu dute.

Ordezkari politikoei eta espainiar Kongresurako Arabako eta EAEko hautagai guztiei trazadurari eta alternatibari buruz «jarrera argia» izan dezatela eskatu diete, eta herritarrei mobilizatzeko deia egin diete, «proiektu honen aurrean benetako irtenbideak daudelako». 

«Nekatuta gaude gu bigarren mailako arabar gisa tratatzeaz», amaitu dute.