Espekulatzen hasita
Eskuin muturra Gobernu espainiarraren ezkaratzean egoteak sortzen duen kezka andanaren artean migrazio politika da gailentzen denetako bat. Pentsa, ultraeskuinak Moncloa iritsiko balu, Voxek lotsak erantzita haizatzen dituen diskurtso arrazistak instituzioetan sartuko lirateke eta, beraz, arrazakeriak egiturazko izaera hartuko luke; arrazistak lirateke ultrek kutsatutako administrazioetatik bultzatuko liratekeen politikak.
Mugetan kontrol gupidagabeak ezarriko lituzke PP eta Voxen arteko balizko gobernu batek, Ceuta eta Melillatik hasita. Altxatuko lituzke, espekulatzen hasita, sei metroko hesiak, eta kiribilduko luke beraien bueltan txarrantxa puntaduna, murrua igarogaitza izango dela ziurtatzeko. Hala eta guztiz ere, norbait ausartuko balitz hesiak gurutzatzera, zain izango luke Polizia espainiarra, «beroan» kanporatzeko.
PP eta Vox gai izango lirateke Mendebaldeko Sahara areago bakandu eta Maroko okupatzailearekin lankidetza sustatzeko; pertsona migranteen giza eskubideen kontra eskuz esku lanean aritzeko, afrikarrek mugak igaroko ez dituztela bermatzeko helburu bakarrarekin.
Kanarietarako bidean, Atlantikoan, alderrai geratuko liratekeen ontzietan leudeken pertsonak han utziko lituzke eskuinak, hiltzeraino jitoan. Eta hildakoak milaka zenbatuko lituzkete Hegoaldeko Mugetan.
Eta, kasu, Euskal Herrian ere, agian, atrebituko bailirateke, PP eta Vox, historikoki migrazio-bide izan den Irun eta Hendaia arteko zubiak ixten. Imajinatu, oinezkoentzako Etorbidea zubian hesiak, eta Santiagokoan polizia-kontrolak, Gobernu frantsesarekin elkarlanean. Imajinatu hildakoak Bidasoa ibaian!
Onartezina, litzateke, etsigarria.
Onartezina, jakina denez, espekulaziorik ez dagoelako goiko lerroetan, PSOE-Unidas Podemos Gobernuaren agintaldian gertatutakoak baizik. Eta etsigarria, uztailaren 23ko hauteskundeen emaitzek migrazio politikan irekiko dituzten aukeren artean ez dagoelako bat ona: heriotzen bidetik jarraitu edo heriotzen bidean areago sakondu.