Iraitz Mateo

Kooperatiben erronka: gazteak, elkarlana, generoa

Historikoki kooperatibek izandako balioei eutsi eta erronka berriak zirriborratu zituzten Miramar Jauregian. Elkarlanaren potentziala sustatzeaz, erreleboa nola eman aztertzeaz, eta genero ikuspegia txertatzeaz gain, kooperatibak emakumeen ahalduntzerako espazio bilakatzeaz eztabaidatu zuten.

Kooperatiben etorkizunaz hitz egiteko osatutako mahai-ingurua, Donostian.
Kooperatiben etorkizunaz hitz egiteko osatutako mahai-ingurua, Donostian. (Jon URBE | FOKU)

Kooperatibismoaz hausnarrean ibili ziren pasa den ostiralean EHUk antolaturiko ‘La empresa cooperativa’ udako ikastaroan. Kooperatibismoaren ibilbidea errepasatu, egungo testuinguruan kokatu eta  etorkizunari begira jarri ziren Aitziber Etxezarreta Gezkiko zuzendariaren gidaritzapean, Rosa Lavin Konfekoop-eko zuzendaria, Ainara Udaondo Lanki kooperatiben ikerketa taldeko kidea eta Patxi Olabarria, Euskadiko Kooperatiben Goren Kontseiluko zuzendaria. Hiru erronka nagusi identifikatu, eta horien inguruan mintzatu ziren: interkooperazioaren beharra, belaunaldien arteko erreleboa eta berdintasuna genero ikuspegitik.

Interkooperazioa

Kooperatiben indartzerako, elkarren arteko lankidetza beharrezkoa dela ondorioztatu zuten hizlariek. Udaondoren ustez, elkartasunaren «adierazpide maximoa da», eta elkarlotura horietarako «irekiak» egotea beharrezkotzat jo zuen: «Irekita egon behar dugu interkooperazio forma berrietarako, ez soilik kooperatiben artean, baita administrazio publikoarekiko edo elkarte sozialekiko ere». Lavinen iritziz, interkooperazio hau nola egin pentsatzeak du lehentasuna: «Ez da erraza, egunerokoan guztiok desberdin ulertzen dugulako, baina ahalegindu beharra dago dimentsio handiagoa hartzeko. Handiagoak izateak muskulu gehiago izatea dakar, eta horrek, erronkei hobeto erantzutea».

Olabarria ere ados agertu zen, eta interkooperatzeko modu berriak etengabe bilatzen aritu beharra azpimarratu zuen: «Pandemian lortu genuen, zerbitzu komunitario bat ematea lortu genuen». Bestetik, egindakoak komunikatzeko erronka aipatu zuen: «Gehiago gara egitekoak komunikatzekoak baino, baina egiten duguna ere saldu egin behar dugu».

Gazteak eta emakumeak

Jarduera ororen kezka izaten da erreleboarena; kooperatibak ez dira salbuespen horretan. Hizlariek esan zuten uste baino gazte gehiago dabiltzala kooperatibetan. Baina beren buruari galdera bat egiteko beharrizana planteatu zuten: «Erakargarriak al gara gaztentzat?». Lavinen iritziz, kooperatiben beren ardura da gazteengana hurbiltzea, eta «iraganeko molde batzuk berrikusi» beharra nabarmendu zuen. Olabarriak azaldu zuen bere ustez gertu daudela, baina ez dutela lortzen konektatzea: «Gazteengandik gertu gaude, egungo kezka eta eskariekin bat egiten dugu, baina ‘klik’ bat falta zaigu, nola bat egin dezakegun asmatzea kostatzen zaigu».

Emakumezkoen eta gizonezkoen arteko berdintasuna bermatzeak lehentasuna izan behar duela aldarrikatu zuten hiru hizlariek. Lavinen iritziz, mugimendu kooperatiboa bultzatzailea izan da emakumeen ahalduntzean, eta kooperatibagintza emakumeen lanari esker sostengatzen dela azaldu zuen. Udaondok kooperatiben balioek eta feminismoaren balioek «bat egiten» dutela esan zuen, eta beraz, ikusgarritasun gehiago eman behar zaiela emakumeei.