NAIZ

Zaballan, Martutenen eta Basaurin greba egin lezakete funtzionarioek lehen aldiz

Basauriko espetxeko funtzionarioek jakinarazi dutenez, zenbait batzar egin da kartzela honetan, bai eta Zaballan ere, lan jardunaldiaren inguruan dituzten desadostasunak aztertzeko, eta greba egiteko aukera mahai gainean dago.

Martutenen protesta egin zuen jada ELAk 2022ko otsailean, Lakuak eskumena hartu ondoren.
Martutenen protesta egin zuen jada ELAk 2022ko otsailean, Lakuak eskumena hartu ondoren. (Andoni Canellada | Foku)

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan diren hiru espetxeetako funtzionarioek lehen aldiz greba egin lezakete. Mehatxua, behintzat, mahai gainean du Lakuako Gobernuak astelehen honetatik. Beren lan baldintzak salatzen dituzte, edo zehatzago, lan jardunaldien inguruko desadostasunak.

Basauriko espetxean ordezkaritza duten hiru sindikatuk (ELA, CCOO eta CSIF) eman dute egoera honen berri, komunean ateratako prentsa ohar baten bitartez. Bizkaiko kartzelan jada batzar batzuk egin dituztela jakinarazten dute. Zaballan ere bildu omen dira funtzionarioak. Eta Martutenen gauza bera egitekoak dira.

Ekainaren 23an ELAk, CCOOk eta CSIFek Lakuako Gobernuari idatziz helarazi zioten beren aldarrikapena. Bereziki negoziazio mahaia «ahalik eta lasterren» deitzeko eskaera egin zuten. «Nazka eginda eta oso haserre» dira diote, beren lan baldintzak okertu omen direlako. Librantzak eta opor egunak hartu ahal izateko «legez kanpo orduak» egin behar dituztela ziurtatzen dute, «peonada» direlakoak.

Zehazten dutenez, «peonada» horiek egiteari uko egin diotenez presaka hamar lanpostu bete behar izan ditu Administrazioak, bitarteko langileen bitartez. Astelehen honetan bertan hasi dira lanean hauek eta egun honetan publiko egin dute beren haserrea sindikatuek.

Erabaki honek beste bi ondorio izan dituela salatzen dute. Batetik, hutsuneak betetzeko abian zegoen prozesua gelditu da. Bestetik, funtzionario hauei «lan zama handiagoa» ekarri die, hamar langile berri horiek ez dutelako lan honetan eskarmenturik «ez eta beharrezko gutxiengo formakuntza ere».