NAIZ

Gari Arruarte eta Gorka Loran, baldintzapean aske ia 20 urteko zigorraren ostean

2003ko abenduan atxilotu eta kartzelaratu zituzten Gari Arruarte eta Gorka Loran, eta gaur asteartetik baldintzapean aske dira. Bata zein bestea hernaniarrak dira, gaurkoan ere aske gelditu den Itxaso Zaldua bezalaxe.

Presoak etxeratzeko aldarria, Iruñean Sanferminen bezperetan.
Presoak etxeratzeko aldarria, Iruñean Sanferminen bezperetan. (Jagoba Manterola | Foku)

Baldintzapeko askatasuna lortu dute Garikoitz Arruartek eta Gorka Loranek, hernaniarrak biak, ia 20 urtez luzatu den zigorraren ostean. Izan ere, 2003ko abenduaren 24an atxilotu zituzten, sarekada berean. Honela jakinarazi du Etxeratek astearte honetan.

 

 

Gari Arruartek Almerian bete du kartzela zigorraren zati handi bat. Hortik Soriara lekualdatu zuten 2020. urtean. Hurrengo urteko apirilean Euskal Herriratuko zutela iragarri zuten, hasieran Iruñera ekarriz. Eta 2022ko urrian onartu zion hirugarren gradua Lakuako Gobernuko Justizia sailak, Martuteneko espetxeko Tratamendu Batzordeak hala eskatuta.

Gorka Loran ere oso urruti izan zuten gatibu denbora luzez, Algecirasen hain zuzen ere. 2020. urtean Dueñasera hurbildu zuten, eta geroago Zaballara ekarri. Iazko apiriletik hirugarren graduan egon da.

Egun honetan bertan hirugarren hernaniar bat gelditu da aske, Itxaso Zaldua, Auzitegi Nazionalean epaitua izan ostean. Hiru urtez behin behineko espetxealdian izan dute.