Joseba Iturria
Periodista deportivo. Real Sociedad y ciclismo
Interview
Alex Aranburu
Movistar taldeko txirrindularia

«Tourra oso gogorra da, baina gustura gabiltza eta saiatuko gara garaipen bat lortzen»

Ezkio-Itsasokoa bere bigarren Tourrean protagonista izaten ari da eta iaz puntu beharrarengatik kanpo gelditu ondoren ondo dagoela adierazten du, nahiz eta lehenengo egunetik dena okertu Enric Masen erorketagatik. Hortik aurrera garaipena lortzeko ihesaldiak bilatzen aritu dira denak.

Alex Aranburu 12.a sartu zen Saint Gervais-Mont Blancen helmugan etapa handia egin ondoren.
Alex Aranburu 12.a sartu zen Saint Gervais-Mont Blancen helmugan etapa handia egin ondoren. (GETTY SPORT / MOVISTAR TEAM)

Alex Aranburu bikain aritu da berarentzako egokiak ez diren Alpeetako etapetan. Atzo erlojupekoaren ibilbidea egin ondoren NAIZi bere iritzia eman zion.

Iaz Tourrik gabe gelditu zinen. Gogorra da, baina merezi du hemen egotea, ezta?

Bai, oso gogorra da, oso azkar ibiltzen ari gara eta nabaritzen hasi gara egunak aurrera doazela, baina gustura gabiltza. Sufritzen ari gara, baina aukera polita da. Tourrean egotea Tourrean egotea da eta saiatuko gara garaipen bat lortzen.

Gaurko erlojupekoa nola ikusten duzu egin ondoren?

Bi zati dauzka bi igoerarekin eta oso gogorra da, baina guretzat beste atseden egun bat izango da. Bi faboritoen artean, nire ustez, erlojupekoa izango da segundo batzuk edo beste aterako dituena eta horrek lasterketa markatuko du. Ikaragarria da. Bi hauek beste maila batean daude, baina guk gure eginbeharrak ditugu, gurean zentratu behar gara eta ea etapatxo bat lortzen dugun.

Igandean lan bikain eta ikusgarria egin zenuen 12.a iritsita mendiko etapa batean…

Bai, etapa polita egin nuen, ez zen niretzako modukoa, baina hanka onekin nindoan. Ihesaldian egotea zaila zen, lortu nuen eta bukaerara arte ahal zen hobetoen egiten saiatu nintzen. 30 txirrindulari ginen hasieran, ihesaldia txikitzen joan zen eta bukaeran ahal zen posturik hoberena egiten saiatu nintzen. Gehienak eskalatzaileak ziren eta ezin izan nuen postu hobea lortu.

Egun asko neramatzan ondo sentitzen, baina oso zaila da ihesaldia hartzen asmatzea. Ionek irabazi zuen etapan ere ihesaldia hartu nahian ibili nintzen, baina beste taldekide batzuek hartu zuten. Borrokan ari gara, sentsazioak onak dira eta aste honetan espero dut hankek laguntzea.

Larunbatean ere saiatu zinen ihesaldian sartzen aurretik oso gutxi zeudenean...

Etapa pixka bat aldrebes hasi zen erorketaren ondorioz; Antonio Pedrero erori zitzaigun, bat gutxiagorekin atera ginen eta gero ihesaldi handi bat egin zen lehen portuan. Hiru taldekide sartzea lortu genuen, Matteo, Gorka eta ni, eta gero, etapa aurrera joan zen heinean, ihesaldia selekzionatzen joan zen, baina hanka onak izan nituen eta egunero berriro saiatuko gara.

Harrigarria izan zen egun horretan Jumbok egin zuena.

Denok harrituta utzi gintuzten. Ez ziguten minutu bat baino gehiago utzi, aurrean oso-oso azkar genbiltzan, baina atzean ere bai. Dena kontrolatu zuten, ez zien ezerk ere balio. Etapa oso gogorra izatea nahi zuten eta gu harrapatu gintuztenean uste dut tropelean 25-30 lagun egongo zirela, dena txikitu zuten egun guztian zehar. Ez dakit hurrengo egunetan zer ikusiko dugun.

Bost taldekide gelditu zarete bakarrik. Ihesaldiak harrapatzea zaila da, baina bostekin are eta zailagoa, ezta?

Gure helburua ihesaldiak hartzea da eta ihesaldietatik etapa garaipenagatik borrokatzea, baina Antoniok 3-4 saihets ditu hautsita eta Ruben tripetatik gaizki zebilen eta ezin izan zuen etapa bukatu. Orain bost gara eta zailagoa izango da, baina bide berean jarraitu behar dugu. Indarrez justuago gaude eta irteerak ere oso gogorrak dira, baina saiatuko gara ahal dugun guztia egiten.

Animoz nola zaudete? Euskal Herrian bizitakoa polita izan zen, baina Masen erorikoaren ondorioz dena okertu zen…

Hasieratik eroriko batekin hasi ginen eta larunbatean Antonio eta Ruben etxera joan ziren. Baina, nire ustez, ilusioa daukagu eta larunbatean, nahiz eta bost lagun izan, hiru ihesaldian sartu ginen. Horrela jarraitu beharra dugu, intentzioarekin eta borrokatzen. Egunero saiatuko gara eta zortea badago errematatzen saiatuko gara. Ez dakigu zein ihesaldi iritsiko den. Larunbatean pentsatzen genuen ihesaldia iritsiko zela eta ikusi genuen zer pasa zen. Pelotoiak agintzen duen gauza bat da.

Limogesen, Issoiren eta igandean 12-13. sartu zinen 55 UCI puntuak lortuz…

Ez gara ari puntuei begira. Ihesaldietan borrokatzen saiatzen ari gara, garaipen baten bila gabiltza. Ondo goaz, Issoiren ezin izan genuen hartu, baina gero atzeko talde horretan Gorkak eta besteek esprintean sartzen lagundu zidaten eta hirugarren egin nuen.

Dena kontra daukazue, baina zuentzat era polita da Pellok eta Ionek garaipena lortzea…

Bai, ilusio handia egiten du. Harreman ona daukagu betidanik eta Ionekin erlazio berezi bat daukat, etxean askotan batera ibiltzen garelako. Ez da guk irabaztea bezala, baina gutako batek irabaztea da.