NAIZ

LAB da Nafarroako hauteskundeen epe trinkoan gehien hazi den sindikatua

Nafarroako hauteskunde sindikalen epe trinkoaren datuen arabera, LAB da gehien hazi den sindikatua. LABek zabaldu dituen datuen arabera, UGT lehen postuan mantentzen da, baina tartea gero eta murritzagoa da.

Administrazio Foralean hauteskundeak egin ziren egunean harturiko irudia.
Administrazio Foralean hauteskundeak egin ziren egunean harturiko irudia. (NAFARROAKO GOBERNUA | EUROPA PRESS)

Maiatzaren amaierako datu ofizialek adierazten dutenez, LAB da Nafarroako hauteskunde sindikalen epe trinkoan gehien hazi den sindikatua, sindikatu honek jakitera eman duenez.

Urte hasieratik maiatza amaitu arte herrialdeko ordezkaritza sindikalaren %45 berritu da. UGT da ordezkari gehien lortu duena, 1.612rekin, aurreko urtean baino 23 gehiago eta %24,25eko ordezkaritzarekin. Bigarren tokian CCOO dago, 1.588 ordezkarirekin, 30 gehiago eta %23,89rekin. ELA da hirugarrena, 1.540rekin, 37 gehiago eta %23,16rekin. Laugarren postuan LAB kokatzen da 1.176 ordezkarirekin. Igoera handiena izan duen sindikatua da, 61 gehiagorekin. Ordezkaritzaren %17,69 du.

LABen emaitzak «oso onak» izan dira Foru Administrazioan (lehen indarra izatea berretsi du eta ordezkaritza zabaldu egin du, 77 delegatura helduz), NUPen, udaletan, Eskuhartze Sozialean (gehiengo osoa), ikastoletan (ia ordezkaritza osoa), adinekoen egoitzetan, Torraspapel bezalako indusrietan eta zerbitzu pribatuetako enpresa handiena den Auzolagunen.

Lurraldeka, LAB oso indartsu azaldu da Mendialdean eta «beste sindikatuen parean» Iruñerrian. Honekin batera, LABek nabarmendu du Erdialdeko eta Erriberako enpresa esanguratsuenetan (Fustiñanako Rios Renovables, Buñuelgo SAT Yesh Fresh edo Tuterako Piher) lehen aldiz sartu dela eta bi eskualde hauetan espazioa irabazten ari dela. Milagroko Gelagrin eta Vegetales de Navarran, Sesmako Ingeteam-en edo Tuterako Torre Monrealen lehen indarra da.

UGTrekiko tartea murrizten ari da

LAB eta UGTren arteko tarea murrizten ari dela ere azpimarratu du. 2010ean 17,77 puntukoa zen, UGTk %30,28ko ordezkaritza zuelako eta LABek %12,51ekoa. Orain, berriz, tartea 6,56 puntukoa. UGTk %24,25 du eta LABek %17,69. «Erregimenaren parte izan den eredu sindikalaren gainbehera eta LABek ordezkatzen duen kontrabotere sindikalismoaren arrakasta adierazten du datu horrek», nabarmendu du.

Ildo honetan, 2010ean UGT eta CCOOk Nafarroako ordezkaritzaren %55,59 zuten eta egun %48,14era jaitsi da. «Hau da, bi sindikatu horiek ez dute nafar langileen gehiengoa ordezkatzen eta beraz bi sindikatu horiekin osatutako Elkarrizketa Sozialeko Kontseilua bertan behera geratu beharko litzateke, eta sindikatu guztiak aintzat hartuko dituzten eta lan harremanetarako esparru propioa eratzen lagunduko duten tresna eraginkorrak sortu behar dira. Era berean, Nafarroako Lan Epaitegia bezalako guneak demokratizatu beharra dago, gaur gaurkoz PSN-Geroa Baik ontzat eman baitute CENek eta UGTk LABi ezarritako betoa», aldarrikatu du LABek.