NAIZ

Lata bilketa Brasilen: askoren bizirauteko bideak birziklapenerako eredu bihurtu du herrialdea

Milioi bat pertsona inguru aritzen da Brasilen latak biltzen eta, diru apur baten truke, birziklatzera eramaten. Askorentzat, hori da sostengu ekonomiko bakarra. Haien jarduna, baina, funtsezkoa izan da herrialdea aluminioaren birziklapenean mundu mailako eredu bihurtzeko.

Brasilen milioi bat pertsona inguru ibiltzen dira egunero latak biltzen.
Brasilen milioi bat pertsona inguru ibiltzen dira egunero latak biltzen. (Nelson ALMEIDA | AFP)

Latak biltzea da egun brasildar askoren ogibide bakarra eta horrek aluminioaren birziklatzean «aurrerapauso nabariak» ekarri dituela diote adituek. 2022 urtean ekoitzitako eta birziklatutako lata kopurua berdina izan zen Brasilen Recicla Latas ekoizle eta birziklatzaileen elkartearen arabera.

Adituen arabera, laten aluminioa birziklatzeak berogailu efektua sortzen duten gasen 15 milioi tona igortzea ekidin du. Pobrezia egoeran dauden biztanle askorentzat, gainera, lata horiek biltzea bilakatu da diru iturri nagusi.

Shirlei Aparecida de Souzak Sao Paulon ibiltzen da lata bila: «Egunero 20 erreal (4 dolar) irabazten ditut latak biltzeagatik. Diru horrekin oinarrizko elikagaiak erosteko dirua lortzen dut; arroz pakete bat, babarrunak edo haragia». Gainera, alabak 15 urte zituenetik berarekin ateratzen da biltzera eta jada «familia ohitura» bilakatu dela adierazi du Sao Pauloko bizilagunak.

Kasu batzuetan jendea kooperatibetan biltzen da eta elkarrekin aritzen dira latak biltzen, eta askotan ere bakoitzak berea biltzen dutela jakinarazi dute biztanleek. Beste material batzuekin alderaturik, latak biltzea askoz errentagarriagoa dela adierazi du Aline Sousa de Silvak, Biltzaileen Tokiko Elkarte antolatzaileetako batek. «Latek gehiago balio dute eta alde batetik bestera eramateko errazagoak dira», azaldu du Sousa de Silvak.

«Erraztasun horiek direla eta, biltzaileen arteko lehia nahiko handia da», jakinarazi du elkartearen antolatzaileak. Pedrok, 31 urteko brasildarrak, adierazi du «era zintzoan dirua irabazteko modua» dela.

Biltzaile guztiei esker, 2022an Brasilen ekoitzitako aluminiozko laten %100 birziklatzea lortu zutela jakinarazi dute adituek, hori dela eta, herrialdea «erreferente» bilakatu da. Industriak helarazitako datuen arabera, Ameriketako Estatu Batuetan laten %60 birziklatzen da eta Europaren kasuan, %73a.

Ingurunerako onuragarria izateaz gain, Recicla Latas elkarteko buru Renato Paquetek nabarmendu du latak bilketa horrek ekonomiarengan ere isla baduela. «Brasilek urtero 6.000 erreal irabaztea dakar», azaldu du. Hala ere, adituek ere ohartarazi dute biltzaile gehienek oraindik «modu prekarioan» lan egiten dutela.

Luiz Inácio Lula da Silva Brasilgo presidenteak ere biltzaile guztien lana balioan jarri nahi izan du. Hori dela eta, boterea hartzean Aline Sousa da Silva «herriaren ordezkari» izendatu zuen eta lehendakaritza-banda jartzeko ardura izan zuen pertsonetako bat izan zen.