Nerea Lauzirika
Bilbo

EH Bildu da gazteen eskubide eta askatasunak «hoberen defendatzen dituen aukera politikoa»

Pello Zabartek eta Mertxe Aizpuruak EH Bildu «euskal gazteria ondoen ordezkatzen duena» dela adierazi dute Bilbon gaztez inguratuta egindako ekitaldi batean. Bizkaiko eta Gipuzkoako Kongresurako hautagaiek gazteriaren mesedetan bultzatuko dituzten neurriak azaldu dituzte.

Bilboko Euskadi plazan egin du ekitaldia EH Bilduk.
Bilboko Euskadi plazan egin du ekitaldia EH Bilduk. (N.L.)

Ekitaldia egin du EH Bilduk hainbat gaztek lagunduta, gaur goizean, Bilbon. Pello Zabarte Kongresurako Bizkaiko hautagaiak eta Mertxe Aizpurua Kongresurako Gipuzkoako zerrendaburuak hartu dute hitza eta botoa koalizio subiranistarentzat eskatu dute: «EH Bildu bozkatu behar da ordezkatzen gaituelako, euskal gazteria ondoen ordezkatzen duena delako».

Agerraldian parte hartu duten gazteek EH Bilduri botoa emateko konpromisoa berretsi eta gauza bera egitera gonbidatu dituzte Euskal Herriko gainontzeko gazteak. Zabarteren hitzetan, «gazteok politika publikoen eragina lehen pertsonan pairatzen dugu, han eta hemen hartzen diren erabakiek gure bizitzak baldintzatzen dituzte». Halaber, azaldu du askotan erabaki horiek ez dutela gazteen hitza kontuan hartzen eta haien nahi eta beharren aurkakoak izaten direla.

Etsipenetik ihesi, ordea, «aukera dugun toki guztietan» bultzatzen jarraitzeko asmoa agertu du, «kalean, udaletxeetan bezala, parlamentuetan eta noski, Madrilen ere bai». Era berean, Ernaik asteon aldarrikatutakoarekin bat eginez, Zabartek bozkatzeko gutxieneko adina 16 urtera jaistea galdegin du: «Lan egin ahal baldin badugu, harreman sexualak izan zein abortatu, zergatik ez bozkatu?».

Konformismoaren aurka mintzatu da Zabarte: «Euskal Herria zazpi lurraldez osatutako nazioa dela aldarrikatzen dugu, LGTB kolektiboaren desirak eta askatasunak muturreraino defendatzen ditugu, gure lurra eta planetaren etorkizunak kezkatuta, honen oreka eta oparotasuna bermatu nahi ditugu».

Halaber, Bizkaiko hautagaiak gaineratu du «belaunaldi gisa pairatzen dugun prekarietatea» ez dutela onartzen. Ildo berean, etxebizitza eskubidea eta hezkuntza zein lan eskubide duinak aldarrikatu ditu: «Feminismoa oinarri, euskara ahoan eta independentzia helburu lanean ari garen gazteak gara eta mezu argi bat dugu, argi entzun gaitzatela: ez dugu atzera pauso bat bera ere onartuko gazteon eskubide eta askatasunetan».

Aizpuruak Euskal Herriari ematen dioten «bizitasuna» eta «bultzada» eskertu die gazteei. Era berean, Zabartek zerrendatutako arazoei erantzuna emateko beharraz aritu da: «EH Bildu horretarako prest dago eta anbizio horrekin aurkezten da gazteen aurrean ere».

Gipuzkoako hautagaiak kontatu du sarritan galdetzen dietela Madrilen zer egiten duten, eta normaltzat jo du, politika instituzionala maiz oso urruti gelditzen dela iritzita. Azaldu du Madrilen «gustatuko litzaigukeena baino askoz gehiago erabakitzen» dela eta hori horrela den bitartean EH Bilduk erabakiak «norabide egokian hartu daitezen» lan egingo duela.

Etxebizitza Legea jarri du adibidetzat, «zeinak gazteek gurasoen etxetik alde egiteko dituzuen zailtasunak konpontzeko asmoa duen», alokairuen prezioak mugatzea ahalbidetzen baitu eta inmobiliarien gastuak jabeen gain utzi.

Halaber, gogora ekarri du «gehien dutenek dagokiena ordaindu dezaten banka, energetika eta aberastasun handiei zergak igo» diezazkieten lan egin dutela: «Eta euskara eta euskal kulturaren aldeko inbertsioak lortu ditugu, plataforma digitaletan zein bestelako komunikazio bideetan gure hizkuntzak merezi duen tokia izan dezan».

Bidea egiteke

Orain arteko bide beretik jarraituz, inkonformismoa oinarri, eskubide eta askatasun gehiago lortzeko lanean jarraituko dutela azaldu du Aizpuruak: «Lanpostu duinak nahi ditugu eta gutxieneko soldata 1.200 eurokoa izatea; 45 eguneko kalte-ordaina berreskuratu nahi dugu, ezin zaielako dohainik atera langileak kaleratzea; buru osasunerako aurrekontua handitu dadin lan egingo dugu eta Lehen Arreta indartzeko helburuarekin MIR plaza kopurua handitzea borrokatuko dugu».

Era berean Klima Aldaketari eta Trantsizio Energetikoari buruzko Legea berrikustea bultzatuko dutela ziurtatu du, «planeta bakarra dugulako eta ez delako bidezkoa hurrengo belaunaldien etorkizuna hipotekatzea». Halaber, garraio publikoan egun indarrean dauden deskontuak eta doakotasun neurriak legez ezartzeko konpromisoa hartzen du, baita Mozal Legea bertan behera gera dadin lan egitea ere.