NAIZ

Itziar Ituñok eta Hikak ‘Bidaia-Die Reise’ estreinatuko dute Alemanian

Marcus Englert konpositore alemaniarrak 2021. urtean Itziar Ituño euskal aktorea gonbidatu zuen ‘Bidaia-El viaje-Die Reise’ kantatzera. Hortik sortu zen Hika Teatroak, hamabi artisten partaidetzarekin, uztailaren 21ean Lauchheim hiriko Sclhoss Kapfenburg jaialdian estreinatuko duen ikuskizuna. 

Alemania eta Euskal Herriko diziplina anitzeko hamabi artista igoko dira oholtzara, uztailaren 21ean, Lauchheim hiriko Sclhoss Kapfenburg Gazteluko jaialdian ‘Bidaia-Die Reise’ ikuskizunaren estreinaldian.

Eta zer da ‘Bidaia’? «Ellen Mc Arthur edo Gilen Humboldt bezalako bidaiari handiez hitz egiten du. Egungo Europaz eta hura zeharkatu eta inguratzen duten hamaika muga eta hesiez hitz egiten du. Marcusen partiturez eta Itziarren emozioen paisaiez hitz egiten du», dio Hika teatroak.

Marcus Englert musikari eta konpositore alemaniarrak irakaslea da Schäbisch Gmünd-en. 2023ko abuztutik aurrera, ordea, Bilboko Deussche Schulen musika irakaslea da. 2021eko urtarrilean Itziar Ituño euskal aktorea gonbidatu zuen ‘El viaje / Die Reise’  kantua abestera. Hau egin ondoren,  Englert-ek abentura handiago batean murgiltzeko bulkada sentitu eta Euskal Herria eta Alemaniaren arteko bidaia eszenikoa irudikatu zuen eta horretan dihardu azken bi urtetan. 

Itziar Ituño, Alemanian egindako entsaio batean. (HIKA TEATROA)

 

Alemaniako musikariez gain, Itziar Ituño bera gonbidatu zuen lehenik parte hartzera proiektuan. Xabier Zeberio biolin jotzailea eta haren taldea Allos Quartet gehituko zitzaien laster batean. Jarraian lotu ziren Amaia Elizaran, Eneko Gil/Gorka Durán dantza interpreteak. Eta euskal folklorearen erritmoak Basauriko Dangiliske taldeak eskaini zituen, Janire Egaña eta Itziar Ituñoren bitartez.
 
Azkenik, Hika Teatroarekin jarri ziren harremanetan, alegia Agurtzane Intxaurragarekin, konpainiaren zuzendariarekin, eta hark bere gain hartu zuen  ikuskizunaren ekoizpena, zuzendaritza eta dramaturgia eszenikoaren sormen lana.