Alaia Sierra

Berdintasuneranzko bidea, oztopoz betea eta orain mehatxupean

Bukatzen ari den legegintzaldia mugarri izan da Estatu espainolean berdintasunari dagokionez. Abortuaren legearen erreforma, sexu-askatasunaren bermeari buruzko legea eta Trans legea dira adibide nabarmenenak, baina, aldi berean, eskuinaren oldarraldia piztu dute.

Manifestariak 2021eko LGTBI Harrotasunaren Egunean Bilbon, Trans lege bat eskatuz.
Manifestariak 2021eko LGTBI Harrotasunaren Egunean Bilbon, Trans lege bat eskatuz. (Monika DEL VALLE | FOKU)

Gobernu espainolaren azken legegintzaldian berdintasunaren aldeko hainbat lege onartu eta indarrean sartu dira Estatuan. Esate baterako, ‘soilik baietz da baietz’ izenaz ezagutzen den sexu-askatasunaren berme integralari buruzko legea, Trans Legea eta Abortuaren Legearen erreforma.

Eskuinak bereganatu duen nagusitasuna eta Gobernura heltzeko dagoen arriskuak, baina, mehatxupean jarri ditu aurrerapen legal hauek. Eskuinak eta muturreko eskuin espainolek argi utzi dute lege horiek indargabetu egingo dituztela agintera helduz gero.

Alberto Nuñez Feijooren alderdiak, PPk, hauteskunde programan nahiz kanpaina hasi aurretik emandako elkarrizketetan ziurtatu du Trans Legea indargabetu egingo dutela Moncloara heltzen badira. Presidentegaiak berak argudiatu duenez, lege «minoritarioa» da hau eta PSOE-Podemos koalizio Gobernua mantentzeko onartu da.

Kritika zorrotz honen barruan eta PPren ikuspuntua laburbiltzeko, Nuñez Feijook honakoa baieztatu zuen Onda Cero irrati katearen mikrofonoetan: «Errazagoa da legez sexua aldatzea, gidabaimena ateratzea baino». Legea «adingabeen, gurasoen tutoretzaren, kolektibo feministen eta medikuen aurkakoa» dela ere esan zuen.

Jarrera hau indartzeko, alderdi honen kanpaina arduraduna den Borja Semperrek Eskoziako, Australiako eta Alemaniako legediak jarri zituen adibidetzat, besteak beste. Defendatu zuenez, herrialde horietan aitzindari izan ziren trans kolektiboaren mesederako legeak berregin edo bertan behera utzi dituzte «zientifikoki eta sozialki frogatzen ari delako adingabeei oso modu negatiboan eragiten dietela».

Adierazpen horrek, baina, ñabardurak dauzka. Eskoziaren kasuan, Erresuma Batuak erabaki zuen Holyroodeko Parlamentuak onartutako lege berria blokeatzea, Australiak ez du atzerapausorik edo aldaketarik izan bere legeetan eta Alemania legedi berri bat eztabaidatzen ari da agiri ofizialetan sexu-aldaketa errazteko.

Erantzuna: indargabetzeak eta helegiteak

Udal hauteskundeek PP eta Vox alderdiei boterea eman zieten Estatuko hainbat tokitan gertatutakoa Madrilen gertatu daitekeena ulertzeko lagungarri izan daiteke. Valentziarena da kasurik adierazgarriena. Hizkuntza eskubidearen eta memoria historikoaren aurkako erasoez gain, indarkeria matxistaren kontrako legeak «familia barruko» indarkeriaz ari diren arauekin ordezkatu dituzte, «biktima guztien arteko berdintasuna» bermatu behar dela argudiatuz.

Auzitegietako bidea ere baliatu du muturreko eskuinak. ‘Soilik baietz da baietz’ ezizenarekin ezaguna den legea iazko urriaren hasieran jarri zen indarrean eta Voxek konstituzio-kontrakotasun helegite bat aurkeztu zuen arauaren aurka. Zehazki, «oinarrizko printzipio juridiko eta konstituzional guztiak» urratzen dituela defendatu zuen Santiago Abascalen alderdiak. Izapidetzen ari dira Konstituzio Auzitegian aurtengo urtarriletik.

Lege honen aurka jotzeko abiapuntua zigorren berrikuspenak izan dira. Erreforma indarrean sartu zenetik joan den otsailera arte Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan 104 epai errebisatu ziren eta Nafarroan zazpi, zeinetatik bi balioetsi ziren.

Bestalde, Konstituzio Auzitegian ere PPk Trans Legearen aurka aurkeztutako helegitea eta Voxek Abortuaren Legearen erreformaren kontrako beste bat daude martxan.

Gogorarazi beharra dago, honen harira, 2010ean haurdunaldia borondatez etetea ahalbidetzen duen legea errekurritu zuela gaur egun Feijook zuzentzen duen alderdiak.

2013an, PP gobernura iritsi eta bi urte beranduago, ‘Kontzebitutakoaren bizitza babesteko lege aurreproiektua’ onartu zuen Ministroen Kontseiluak. Horren arabera, adingabeek euren gurasoen onarpena behar zuten abortatzeko; emakumearen edo umekiarentzako arriskua egotekotan posible zen abortatzea 22. astera arte; osasun arloko kontzientzia eragozpena arautzen zen eta emakumeak baiezkoa emateko «informazioa eta aholkularitza» jaso behar zuen aldez aurretik, beste neurri batzuen artean.

Bidean geratu daitezkeenak

Aurrerapenik egon bada ere, hauteskundeak orain egiterakoan, berdintasunaren aldeko beste hainbat lege onartu gabe geratuko dira: Pertsonen Salerosketaren Aurkako Legea, Familien Legea, Proxenetismoaren Aurkako Legea, Parekotasun Legea eta Arrazakeriaren Aurkako Legea.

Gainera, Genero Indarkeriaren Aurkako Estatu Hitzarmenaren irizpenaren erreforma ere zintzilik geratuko da.

Familien Legearen helburua lana eta familia bateragarri egitea erraztea da. Horretarako, honako neurri hauek jasotzen ditu lege-proiektuak: familia ugaria eta guraso bakarreko familiak maila berean jartzea, senideak zaintzeko baimenak eskaintzea, hazierarako errenta (seme-alaba bakoitzeko 100 euroko diru-laguntza) eta izatezko bikoteen eta bikote ezkonduen eskubideak berdintzea. Eskubide Sozialen eta Agenda 2030 Ministerioak bultzatutako proiektu hori Kongresuan dago oraindik, oniritzia jaso gabe, larrialdiko prozeduraren bidez garatzea onartu zen arren.

Pertsonen Salerosketaren Aurkako Legea Berdintasun Ministerioak bultzatu zuen hasieran, baina azkenean Justizia Ministerioaren eskuetan geratu zen. Ministroen Kontseiluak joan den azaroan onartu zuen aurreproiektua eta, Moncloaren arabera, «modu integralean jorratzen du salerosketa eta esplotazio mota guztien aurkako borroka, sexu eta lan esparrutik organo trafikora».

Onartuta dagoen beste aurreproiektu bat Parekotasun Legea da. Honen arabera, Exekutiboak, enpresa handietako administrazio kontseiluek, elkargo profesionalek eta sari publikoen epaimahaiek beren kideen artean gutxienez %40 ordezkaritza txikiagoa duen sexuakok izan beharko dute. Gainera, hauteskunde legean ‘kremailera zerrenden’ derrigortasuna ezartzen du. Honen bidez, hauteskundeetarako zerrenda guztietan gizonak eta emakumeak txandakatuta joan beharko dira. Hala ere, zerrenda mota hauek PSOE eta Podemos bezalako partidu batzuek erabiltzen zituzten, partiduen kuoten barruan. Baita Estatu frantsesak eta Afrikako eta Hego Amerikako beste hamaika estatuk ere.

Orain amaituko den legegintzaldian berdintasunerantz urrats garrantzitsuak eman dira, baina horrek eskumaren oldarraldia areagotu du, boterera heltzen bada bertan behera utziko dituela agindu baitu.

Hortaz, hainbat dira eskuin espainolak gobernura iristekotan kolokan egongo liratekeen aurrerapenak eta lehenengo urratsak egin dituzten beste arau batzuk, PPk eta Voxek gobernatzen duten toki batzuetan ikusi ahal izan den bezala. Estatuan eta baita Euskal Herrian ere eskubideak jokoan daudela errealitatea da.