Lizarralde 'Altxerri' familian hiru belaunaldi dira arrauneko zaletasunari segida eman diotenak

Lizarralde familiako hiru arraunlari daude Orioko traineruan: Mikel, Jon eta Aritz. NAIZek hirurak elkartu ditu, besteak beste, arrauna nola bizitzen duten ikusteko. Denboraldi honetan ematen ari diren mailarekin kritiko agertu dira. Larunbatean Sestaon izango da estropada (18.15ean).

Ezkerretik eskuinera, Aritz, Mikel eta Jon Lizarralde 'Altxerri' senideak, Orioko Arraunketa Elkartean.
Ezkerretik eskuinera, Aritz, Mikel eta Jon Lizarralde 'Altxerri' senideak, Orioko Arraunketa Elkartean. (Jon URBE | FOKU)

Orion arrauna da kirol erregea. Herriko balkoietan kolore horiko banderak besterik ez dira ikusten. Bizi egiten dute kirola herrian, eta Kontxa dute altxorrik preziatuena. Hura irabaztearekin amesten dute gehienek. Orioko Lizarralde ‘Altxerri’ familiak horietako asko irabazita ditu. Sendian arrauna errotuta dute, eta hiru belaunaldi dira zaletasunari segida eman diotenak. Lizarraldetarrek arrauna asko bizitzen dute, denbora asko eskaintzen diote eta seriotasun osoz hartzen dute.

Hiru senide daude Orioko traineruan: Mikel Lizarralde (Orio, 2001) eta Jon Lizarralde (Orio, 1999) anaiak, eta Aritz Lizarralde (Orio, 1994). Aritzen aitaren lehengusuak dira Mikel eta Jon anaiak. Joxe Ramon Lizarralde Orioko arraunlari ohiak, Mikel eta Jonen aita denak, bost Kontxa irabazita ditu, eta Juan Lizarralde Orioko patroi eta arraunlari ohiak –orain dela hamar urte zendu zen–, Mikel eta Jonen osabak, berriz, hamar ditu. Azken hori, Juan, Aritzen aitona da. Miguel Angel ‘Altxerri’ Orioko entrenatzaile ohia, Juanen semea, lehengusua dute Mikel eta Jon anaiek, eta Aritzek osaba du.

Mikelek, Jonek eta Aritzek oso argi zuten txikitatik arraunean bukatuko zutela. Helduena 15 urterekin hasi zen arraunean, 2009an: «Txikitatik familian arrauna gertutik ikusi dut, eta argi nuen non bukatuko nuen». Bide beretik, bi anaiek beti izan dute arraunarekiko «afizioa eta zaletasuna» eta biak batera sartu ziren klubera: Jon 14 urterekin eta Mikel 12rekin.

Jonek eta Mikelek ez zuten aukerarik izan haien senideak arraunean ikusteko, bakarrik argazkien-eta dauden bideo gutxi batzuen bidez. Aritzek, aldiz, izan du aukera bere osaba Miguel Angel ‘Altxerri’ ikusteko: «Behin bandera bat irabazi zuten eta zortea izan nuen udaletxera joateko. Gustura-gustura igo nintzen udaletxera osabaren gainean, orain ume txikiak igotzen diren bezala. Txikitatik ikusten duzu zerbait berezia dela, zure osaba telebistatik ikusten duzu, eta ohartzen zara irabazten duenean herri osoa hurbiltzen dela eta zuk zerbait handia bezala ikusten duzu, eta horrek bai edo bai bultzatzen zaitu arraunean hastera».

Kontxa, gauza ororen gainetik

Hirurek Kontxa dute amets, edozeren gainetik. «Arraunean hasitakoan, ametsa da lehenengo taldera igotzea. Baina umea zarenean, ez duzu hori pentsatzen; ametsa da Kontxa irabaztea. Eta espero dugu egunen batean betetzea», adierazi du Mikel senide gazteenak. Jonek gehitu du «onerako edo txarrerako» ‘Altxerri’ «etiketarekin» eta irabazi zuten guztiarekin, ez dakiela presioa den edo ez, baina «hiruren artean badakitela» Kontxa irabazi egin behar dutela.

«Aurretik dauzkagun hamar bat urte, eta hementxe egongo gara. Urte hobeak eta txarragoak izango dira, baina Kontxako Bandera irabazteko tokirik onenean gaude. Ez dut pentsatu nahi zer izango zen beste hamar bat urtetan ez irabaztea... Ondo bidean urteren batean etorriko da. Ez bakarrik Kontxa bat irabazteagatik, baita momentua bizitzeagatik ere. Arranplan zaletu bezala egotetik, arraunlari bezala egotera uste dut bizi beharreko gauza bat dela, eta espero dut bizitzeko aukera izatea», azpimarratu du Jonek.

Etxean aholkurik jaso al dute? Arrauneko detaile teknikoak baino gehiago, hirurek bat egin dute esanez balioen aldetik eman dizkietela aholku gehien. «Diziplina, motibazioa eta esfortzua» zer den irakatsi dietela nabarmendu dute.

Jon eta Mikel anaiek joan den igandeko Orioko estropadan, bigarren tostartean, batak ababorrean eta besteak istriborrean arraun egin zuten, denboraldian zehar ere beste zenbait estropadetan egin duten antzera. Biek bat egin dute esanez «polita» izan zela, baina familiarentzat edota gurasoentzat politagoa dela, haientzat baino: «Lehengo asteburuan anekdotikoki batera geunden, baina ez gara konturatzen. Guk irabazi nahi dugu eta, ondoan anaia edo beste taldekide bat izan, horretara ohituta gaude. Nahiz eta gurasoentzat berezia izan», azaldu du Jonek.

Aritz: «Txikitatik ikusten duzu zerbait berezia dela, zure osaba telebistatik ikusten duzu, eta ikusten duzu irabazten duenean herri guztia gerturatzen dela»


Arrauna bizi egiten dute eta, goi mailako kirola izanik, ehuneko ehuna ematen dute. Harreman ona dutela adierazi dute bi anaiek, eta ez dutela inongo arazorik batak besteari gauzak «zuzentzeko». Izan ere, biek «irabazi nahi» dute. Eztabaidak badituztela aitortu dute, baina «diziplina handiko kirolariak» direnez, ez dute arazorik horretan. Hori bai, Mikel anai txikienak adierazi du bera «ez dela nor, esperientzia handiagoa duten arraunlariei zuzentzen hasteko, asko irabazi duten horiei».

Etxean, nahi izan edo ez, arrauna beti da hizketarako gaia: nola doazen entrenamenduak, astebururako dituzten sentsazioak, estropada jokatu eta geroko sentipenak... Aritzek aipatu du nekagarria dela etxean edo lagunekin beti gai horren inguruan hitz egitea, familiakoak aparte, zaletuak ere badirelako. Hala ere, arraunlariak adierazi du badakitela «horrela dela eta horrela izaten jarraituko duela, Orion behintzat».

Jonek esan du «aita nahiko kritikoa» izaten dela haiekin, betiere «kritika konstruktiboa» eginez. Mikelek gehitu du denboraldia nahi bezala ez doanean, askotan etxean ez dutela arraunaz hitz egin nahi izaten. Tarteka, haserretu ere egiten dira, «egiten dituzten galderak desbideratuta egoten direlako benetan gertatzen ari denaren aldean».

Denboraldi hasierari, «autokritika»

Oriok ez du nahi bezala hasi denboraldia, ez daude haien maila onenean. Iaz laugarren amaitu zuten, eta aurten, oraingoz, seigarrenak dira. Hirurek autokritika egin dute, eta adierazi ez dakitela «zertan huts egiten ari diren». Mikel txikiena hasi da hizketan. «Ez dugu eman beharko genukeen maila eman, are gehiago ikusita nola joan den negua. Ez dakigu non huts egiten ari garen. Fisikoki oso ondo gaude, ergometroan emaitza onak atera dira. Beste urteetako emaitzekin alderatuta, fisikoki azken urteetako emaitzarik onenak ditugu. Hala ere, horrek ez dizu irabaztea bermatzen».

Jon zorrotzago aritu da, eta nabarmendu du «itxaropena» zegoela, baina ez direla «espero zena» betetzen ari. «Arraunak onerako eta txarrerako hau du: azaroan hasten garela eta uztailera arte hemen gaudela, kartoletan, besteen erreferentziarik gabe. Talde oso ona dugu, eta ez dut demagogiarik egin nahi, baina halaxe da. Hasiera txarrak eragin du konfiantza baxua izatea. Noraezean gabiltza, ez dugu aurkitu zertan huts egiten ari garen».

Mikelek hitza hartu du berriz, eta Jon Salsamendi prestatzaileari babesa emate aldera. Orioko arraunlariak adierazi du emaitza txarren ondorioz, Salsamendik kritikak jaso dituela; material kontuengatik, trainerua ez dagoela ondo... «Jonek irabazi duen guztia ezagututa eta egin duen ibilbidea kontuan hartuta, bidegabea iruditzen zait halakorik esatea. Berak badaki oso ondo nola prestatu behar den traineru bat. Baloiak kanpora botatzea dela iruditzen zait, aitzakiak jartzea», nabarmendu du Mikelek, eta gaineratu «arazoa kolektiboa» dela, nahiz eta Salsamendi izan «arduradun nagusia».

Jon: «Kontxako bandera irabazteko tokirik onenean gaude. Ez dut pentsatu nahi zer izango zen beste hamar bat urteetan ez irabaztea»

Estropadetan ez dituzte sentsazio onak izan orain arte. Eta entrenamenduetan? «Denetarik» erantzun du Aritzek. Azken batean, estropadetan «maila ona ez ematean, entrenamenduetan ere zalantzak sortzen dira». Eta, alderantziz, pare bat estropada on eginez gero, entrenamenduetan «nahi gabe ere burua erlaxatuago dago eta sentsazioak hobeak» izaten dira.

Jonek harago jo du, eta nabarmendu estropadetako beroketetan trainerua «dezente hobeto» ibiltzen dela, gero estropadetan «erakusten» dutena baino. Baina aldamenean aurkariak jarrita eta irteerako tentsioan, «arraunean egiten jakin behar» dela gaineratu du.

«Talde bezala ez gara ondo ari. Urduritasuna sartzen zaizu eta ikusten duzu, errespetu osoarekin, zure aldamenean egon behar ez luketen aurkariak zure ondoan daudela, eta hor denak egiten du behera. Entrenamenduetakoa estropadetan islatuz gero, goian irabazteko lehian ibiliko garela inolako zalantzarik ez dago», adierazi du Jonek.

Joan den asteburuko estropadei begira, Bilboko erlojupekoan bosgarren egin zuten. Jonek nabarmendu du «esperantza handiak» zituztela, iaz errioan eta erlojupekoan «konfiantza handia» zutelako, eta, hain justu, Bilboko iazko erlojupekoa irabazi zutelako. Jonek adierazi du, kontuan hartuta egun duten «konfiantza falta», oro har «estropada nahiko txukuna» atera zitzaiela. Hori bai, hurrengo egunean «errealitatearen beste kolpe bat jaso» zuten itsasoan.

Izan ere, joan den igandean Orion jokatu zuten estropadan zortzigarren egin zuten. «Itsasoan nahiko komeriekin gabiltza, batik bat poparean. Larunbatean animoak gora igo zitzaizkigun bezala, igandean asko jaitsi ziren», aipatu du Jonek.

Eta zer esaten die Salsamendik? «Kanpokoaz ahazteko eta geure buruarengan konfiantza izateko», adierazi du Aritzek, eta gaineratu «seguru» dagoela ez dutela eman haien «ehuneko ehuna» eta haien maila «hobea» dela. Baina, haren hitzetan, hori «esatea alferrik da», gero egiten ez badute.

Aldi berean, Mikelek uste du «talde hain konpletoa» izanda, «irabazteko presioa» dutela, eta Salsamendik esaten diela presio horrek sortzen duen «antsietatea» izan daitekeela egoera horren arrazoietako bat. Horrez gain, Jonek nabarmendu du entrenatzailea saiatzen ari dela «taldea bat eginda egon dadin, bere larritasunean».

Mikel: «Ez dakigu non ari garen huts egiten. Ergometroan oso emaitza onak atera dira […] Horrek ez dizu bermatzen irabaztea»

Orioko harrobitik gorengo taldera igo den azkena Mikel bera da. Orain dela bi urte, 2021ean. Horren inguruan, gazteenak nabarmendu du Orion udara eta negu guztian egoteko «erregulartasuna» izan behar duzula urte guztian zehar: «Hemen hasi nintzenean segituan igo nahi nuen lehen taldera eta motibazio horrek laguntzen dizu entrenatzen, elikadura zaintzen... eta hori da behin finkatuta zaudenean gehiena kostatzen dena».

Jonek gogora ekarri du Salsamendik esandakoa: «Orio beti izan da eta beti izango da proiektu irabazle bat, eta inori ez zaio postua oparituko». Orioko arraunlariak «diziplina, griña eta dedikazioa» aipatu ditu ezinbestekotzat, eta begi keinua egin die harrobiko mutilei: «Hemengo mutilen garapena gertutik jarraitzen ari gara eta kalitate handiko mutilak daude. Kritikarik egin gabe, haientzako gomendio moduan: diziplina handia izan dezatela, lanean umil jarrai dezatela, eta merezi duenari, orain edo geroago, aukera iritsiko zaio».