Donostian goibel esnatu da eguna baina hezetasuna azalean sentitzen da. Askorentzat ere, zirrara berezi bat, tximeletak urdailean gaueko emaitzaren zain. Goizeko 10ak pasatxo dira eta duela gutxi entzun da Zurriola aldean, bozgoragailuen bidez, hondartza-zerbitzua abiatu izanaren mezua. Ordubete lehenago, isilago ireki dituzte hautesontziak Xabier Zubiri institutoan.
Hor egon da NAIZ, egun berezi honek dakarrenaren zantzu batzuen bila. Izan ere, inoiz ez dira hauteskundeak udako garai honetan burutu: espainiarrak bi aldiz egin dira ekainean, baina uztailean inoiz ez, eta EAEkoak bai, hilabete honetan egin ziren 2020. urtean, baina bi aste lehenago (uztailaren 12an) eta beste ezaugarri oraindik ezohikoagoak tarteko (pandemia garaian).
Ikastetxera hurbiltzean, lehenengo egiaztapen bitxia. Euskal Herriak Espainiakotik nabarmen bereiztutako hautaketa egingo du egun honetan, hori gauza nabaria da, baina hautes-lekuaren inguruan euskara eta gaztelerarekin batera hirugarren hizkuntza bat asko entzuten ari da: frantsesa. 10ak baino lehenago, egia esan, udatiar gehiago izan da hortik paseatzen edo autoa aparkatu nahian, Xabier Zubirira sartzen ziren botuemaileak baino. Goizak aurrera egin ahala, bai, mugimendu gehiago izan da bozketa lekuan.
Barruan, bigarren egiaztapen bat. Begi bistan gelditzen da eta sarreran laguntza ematen ari diren alderdi ezberdinetako ikuskatzaileek baieztatu digute: adineko jendea izan da gehienbat orain arte botua ematera hurbildu dena. Gazte gutxi momentuz.
Ez da honetatik ondorio garbirik atera behar, hala ere, bozketa egunak luze joko duelako oraindik. Eta aurreko gaua ere luze-luzea izan delako: Donostiako alde honetan bertan, Jazzaldia zela eta; hiritik oso gertu, Errenteriako Madalenak; musika kontzertu ugari nonnahi... Momentuz Donostiako alde honetan ikusten diren gazte gehienak kirolean ari dira: hondartza-volley-ko txapelketa jokoan da 200 metru eskasera, pilotari astintzen dabiltza beste batzuk Sagueseko frontoian, ondoko Ulia mendian gora beste zenbait...
Posta bidezko botuen zain
Ikuskatzaileek esan dutenez, dena normal joan da momentuz, ohi baino jende gutxiagorekin. Egunak osagai berri bat ekarriko du, ordea, beren lana zailduko duena; posta bidez emandako bozak dexente gehiago dira uztailaren 23. honetan.
Jada 11.00ak direla, momentuz ez dituzte ekarri, beranduxeago espero dituzte. 20etan boza presentzialki emateko denbora tartea bukatzen denean, hautesontzietan sartuko dituzte botu horiek, eta besteekin batera zenbatuko dituzte. Gauzak honela, azkeneko egiteko hori ohi baino zertxobait gehiago luza daitekeela uste dute, baina ez gehiegi.
EH Bildu, PSOE eta Sumarreko ikuskatzaileak dira ikastetxe honetan batetik bestera dabiltzanak. Vox-ekoren bat ageri da momentu batean, baina giroa pixkat ikusi eta alde egin du segituan. PPkorik ez da azaldu, eta hau ere albiste dirudi Espainia mailan gaurkoan alderdi bozkatuena izan daitekeela kontuan harturik.