Maider Iantzi
Aktualitateko erredaktorea / redactora de actualidad

DYA Gipuzkoa: anbulantziatik arlo sozialera aldatu da premia 50 urtean

Herritarrei laguntzeko jaio zen DYA Gipuzkoa duela mende erdi. Errepidera atera ziren, hor zegoelako beharra. Ez zen posible izanen aitzinera segitzea jendearen babesik gabe. Ez dira nekatuko eskerrak emateaz. Eta horixe da Donostiako Alderdi Ederreko ospakizun ekitaldiaren xede nagusia.

DYA Gipuzkoaren erronka nagusia zerbitzu sozialetan dago orain.
DYA Gipuzkoaren erronka nagusia zerbitzu sozialetan dago orain. (DYA Gipuzkoa)

«Zer nolako garaiak bizi ditugu? Non sumatzen dugu beharra? Galdera horiei erantzutea da gure lana. Arlo sozialera aldatzeko eta baliabide gehienak horra bideratzeko arrazoia hori izan da. Lehen anbulantzietan geunden erabat. Orain administrazioak nahiko ondo betetzen du eremu hori. Baina jendartean lan asko dago oraindik», dio Irene Tapia Irazoki DYA Gipuzkoako presidenteak.

Erronka handi bat dute: pertsona helduen eta mugikortasun arazoak dituztenen beharrei erantzutea. Horretarako bertze boluntariotza mota bat lortu behar dute. Orain artekoa anbulantziaren ingurukoa izan baita, osasun arloa gustuko dutenena. Orain jendartearekin sentsibilizatutako lagunengana heldu nahi dute. Hagitz esparru ezberdinak dira. «Garaiak aldatu dira eta ea gai garen egokitzeko», adierazi du Tapiak.

50 urte betetzen dituzte igande honetan, eta herritarrei eskerrak eman nahi dizkiete, aurrera jarraitzeko eta bertze hainbertze urte betetzeko ilusioz beteta daudela erran, gauza aunitz dituztelako egiteko. Boluntariotzan parte hartzera animatzeko ere baliatuko dute aukera. «Bakoitzak nahi eta ahal duena eman dezake, ez dago minimorik», argituz. Ospakizun egun honetan jendeak ikusi eta aditzea espero dute.

25.000 babesle, 280 boluntario

25.000 pertsonatik goitik laguntzen dute DYA Gipuzkoa diruz. Elkartea osatzen duten kide gehienak boluntarioak dira. 280 inguru dira, Gipuzkoa osoan banatuta. Horiek beren ikasketa eta lanetan daudenez, aste tartean sortzen diren zerbitzuei jarraipena emateko 30 bat langile daude.

«DYA Gipuzkoak 50 urte bete baditu herritarrei esker da», azpimarratu du lehendakariak.

Beti beharra dagoen lekuan egoten saiatzen dira. «Hasieran errepidean zegoen. Berehala lehen sorospenak erakusten hasi ginen. Zenbat ikastaro eman ote ditugun, eta horretan jarraitzen dugu oraindik».

Paseatzeko edo kafe bat hartzeko laguntza

Gizarte zerbitzuetan ere sartu ziren. «Duela hogei bat urte ikusi genuen jende asko zegoela etxetik atera ezinda, oztopo arkitektonikoengatik. Pentsaezina iruditu zitzaigun: bertan gelditzera kondenatuta daude? Baliabide batzuk erosi genituen, igo eta jaisteko eskailerak. Gaur egun hori da gure proiektu nagusia, behar handia dagoelako. Ez bakarrik lekualdatzen, igo eta jaisten; premia handia dago akonpainamenduak egiten. Nahiz eta ongi egon ibiltzeko, pertsona batzuk ez direlako ausartzen kalera bakarrik ateratzen. Laguntza behar dute paseatu, kafe bat hartu edo zinemara joateko».

Erreskatean ere aritzen dira, mendian galdu direnei laguntzen eta uholde edo elurteetan harrapatuta gelditu direnak ateratzen. Lur orotarikoak hartu zituzten horretarako. «Gogoratzen naiz asko ibiltzen ginela dialisia egitera joan behar zuten pertsonak eramaten elurra egiten zuenean».

«Ikusi gaitzatela»

Aste osoa daramate sare sozialetan jendearen zorion agurrak plazaratzen. Elkartea 1973ko uztailaren 23an erregistratu zenez, ekitaldi bat prestatu dute Donostiako Alderdi Ederren igande honetarako, 10.00etatik 14.00etara. Informazio postu bat jarriko dute alde batetik, eta postu solidario bat bertzetik, ekarpen bat egiteko aukera emanez oroigarri baten truke. Jendearengana hurbiltzen saiatuko dira.

«Marrazki lehiaketa bat proposatu genuen eskoletan, eta izugarria izan da parte-hartzea: milaka marrazki jaso ditugu». Ekitaldian bertan eginen dute sari banaketa, Alderdi Ederren. «Haurrek anbulantzia ikusi dute batez ere, herritar gehienek bezala. Baina besterik ere bai: gurpildun aulkia eramaten, mendian, uretan, bihotz-birika susperketak egiten... Gauza politak».

11.00etatik aurrera, karabana bat eginen dute elkartearen hainbat ibilgailurekin eta herrialde osoa zeharkatuko dute, herritarrek ikus dezaten igande hau DYA Gipuzkoaren eguna dela.