Lotte Kopeckyk Tourreko lehen etapa irabazi du erasoa jota Durtol mendateko gorenean

SD Worxeko txirrindulariak bere lehen garaipena lortu du Tourrean. Bederatzi kilometroren faltan jo du erasoa eta bakarrik zeharkatu du helmuga. Tropela 40 segundora iritsi da eta esprintean Kopeckyren taldekide Wiebes gailendu da. Hirugarrena Koole izan da. Ane Santesteban onenekin iritsi da.

Lorena Wiebes SD Worxeko txirrindularia Frantziako Tourreko lehen etapako garaipena ospatzen.
Lorena Wiebes SD Worxeko txirrindularia Frantziako Tourreko lehen etapako garaipena ospatzen. (@LeTourFemmes)

Lotte Kopeckyk jantziko du maillot horia, bera izan baita indartsuena, eta argiena. Durtol mendateko pankarpera heldu aurretik jo du erasoa, eta tropelak ezin izan dio harrapatu. Bakarrik helmugaratu da Belgikako Txapelduna. Sekulako denboraldia ari da osatzen SD Worxeko txirrindularia: hemezortzi lasterketa korritu ditu, eta horietatik hamar irabazi ditu. Gaur izan da denboraldiko hamargarrena, eta Frantziako Tourrean irabazi duen lehena.

Izan ere, iazko Tourrean gertu izan zuen garaipena behin baino gehiagotan, baina ez zuen loria dastatzerik izan. Gaur jaso du saria. 40 segundora iritsi da tropela; esprintean bigarren egin du Kopeckyren taldekide Lorena Wiebesek (SD Worx) eta hirugarren Charlotte Koolek (Sunweb).

Kopeckyk eraman du garaipena, baina SD Worx taldearen estrategia ezin hobea izan da. Durtol mendatea igotzen hasi direnean Marlen Reusser (SD Worx) jarri da tropelaren buruan, erritmoa bizituz. Hor hasi da tropela mehetzen eta 20 txirrindulari geratu dira lasterketa buruan. Azken metroetan jo du erasoa Kopeckyk, eta inork ez dio jarraitu.

Tartea handitzen joan da, eta tropela saiatu da belgikarra harrapatzen, baina ez da egon adostasunik txirrindularien artean. Eta, denbora murriztu ordez, igotzen joan da. SD Worxek etapa irabazteaz gain, bigarren postua ere eraman du Lorena Wiebesekin.

Tourreko lehen etapan jada erakutsi du SD Worxek talderik indartsuenetariko bat dela, indartsuena ez bada. Zazpikotea osatzen duten txirrindularien artean, Marlen Reusser Suitzako Txapelduna da, Kopeckyk Belgikakoa, Demi Vollering Herbeheretakoa, eta Chirstine Majerus Luxemburgokoa.

Gainera, etapa amaitu osteko adierazpenetan, Kopeckyk adierazi du taldeak bi estrategia zituela: berak erasoa jotzea Durtol mendatean edo Lorena Wiebesek esprinta lehiatzea. Bietan garaile atera dira: Belgikako Txapeldunak eraman du etapa, eta Wiebesek bigarren egin du esprintean.

Gaurko etapak itxura lasaia zuen: 123,8 kilometroko ibilbide laua, eta azken 11 kilometroetan Durtoleko mendatea (1,7 kilometroko igoera eta % 7,2ko pendiza).  Mugimendurik egotekotan, hor espero zen. SD Worxek hartu du agintea tropelean, eta 20 txirrindularik eutsi diote Reusserren erritmo biziari. Tartean zueden Veronica Ewers (Education First), Mavi Garcia (Liv Racing), Elise Chabbey (Canyon), Katarzyna Niewiadoma (Canyon), Demi Vollering (SD Worx), Annemiek van Vleuten (Movistar) eta Liane Lippert (Movistar). Ane Santesteban ere onene multzoan zegoen.

Faboritoen artean, Silvia Persico (UAE) eta Claire Steelsek (Israel) 23 segundoko atzerapena izan dute, eta Juliette Labousek (Team DSM) 43koa, Italiako Giroan bigarren geratu zena.

Biharko etapa menditsua izango da, sei mendate igo beharko dituzte, eta litekeena da sailkapen nagusiko txirrindularien artean mugimenduak egotea.