NAIZ

Amurrioko Udalak euskara teknikari lanpostua desagerrarazi duela salatu dute

Amurrioko Udal Gobernuak hizkuntza normalkuntzako teknikari postua «desagerrarazi» duela salatu du EH Bilduk. «Erabaki arbitrarioa da, eta atzerapauso izugarria suposatzen du euskararen normalizaziorako», kritikatu du. Era berean, Aiaraldeko Euskalgintzaren Kontseiluak «oso larritzat» jo du erabakia

Amurrioko Udaletxea.
Amurrioko Udaletxea. (AIARALDEKO EUSKALGINTZAREN KONTSEILUA)

EH Bilduk salatu duenez, Amurrioko Udal Gobernuak hizkuntza normalkuntzako teknikari postua «desagerrarazi» du. Subiranisten iritziz, «erabaki arbitrarioa da, eta atzerapauso izugarria suposatzen du euskararen normalizaziorako».

«Ahaztu egiten zaie euskara ere hizkuntza ofiziala eta gutxitua dela eta, beraz, hizkuntza normalkuntzako teknikariaren plaza funtsezkoa dela Amurrion. Euskararen kontrako beste eraso bat da, udalekuak euskaraz egitea beharrezkoa da, baina ez nahikoa; hizkuntza politika erreal eta eraginkorrak behar ditugu herrian», nabarmendu du Jon Berganza Urruela EH Bilduko zinegotziak, komunikabideei bidalitako ohar batean.

Ohartarazi duenez, «hori ez da EAJ-PSE Gobernuak Amurrioko Udalean egin duen amortizazio bakarra. Era berean, zerbitzuak murriztu dira Arte Eskolan, eta bi plaza kendu dira, Errusiako portzelana eta patchwork tailerrak bertan behera utzi ondoren». «Plazen amortizazioa justifikatzen duten irizpide argiak ezartzea eskatzen dugu. Izan ere, horrela jokatzeak ez du bermatzen ez gardentasuna ez aukera berdintasuna, eta ateak irekitzen ditu azpikontrataziorako eta, beraz, pribatizaziorako», adierazi du.

Aiaraldeko Euskalgintzaren Kontseiluaren erantzuna

Aiaraldeko Euskalgintzaren Kontseiluak «oso larritzat» jo du erabakia. «Amurrioko Udalak emandako pausua baina, atzerapausua baino zerbait larriagoa dela uste dugu: Udal batek, alde bakarrez, ez epaile batek behartuta, euskararen normalkuntzarako teknikari lanpostua ezabatzea euskararen beraren eta euskararen normalkuntzaren aurkako eraso bat dela uste dugu. Udalaren erabakiak, guk dakigula, ez du aurrekaririk eta gure aburuz bide arriskutsu bat irekitzen du», adierazi du.

«Hori dela eta hainbat ekimen eramango ditugu aurrera eta horren berri emango dugu dagokionean. Hasteko eta behin, kexa bana erregistratu ditugu Euskal Herriko Hizkuntza Eskubideen Behatokian eta Esko Jaurlaritzaren Hizkuntza Eskubideak babesteko Zerbitzuan, Elebiden. Premiazko bilera eskaera erregistratu dugu Amurrioko Udalean, alkatearekin eta euskara zinegotziarekin premiaz biltzeko eskatuz eta erabakia larritzat joz. Horrez gain Euskal Herriko Euskalgintza Kontseiluarekin harremanetan gara», gaineratu du.

Dioenez, egun Amurrion propio euskara teknikaririk ez da Udalean; arlo soziokulturaleko teknikari batek bere lanorduen erdia darabil euskara arlorako; eta «Eusko Jaurlaritzak, Amurrio bezalako 10.000 biztanletik gorako herri baterako, duen euskalduntze mailarekin, lau langileko euskara saila izatea aholkatzen du».

Eraknde horren arabera, Amurrion egun euskararen normalkuntzara eskaintzen diren giza baliabideak «ez dira nahikoak, Udalaren Euskara Planak ez dira ezta urrundik ere betetzen. Iaz, adibidez, Euskara Plan berria idazteko langile bat kontratu behar izan zuten 6 hilabeterako, baina langile horrek ez du jarraipenik izan. Egoera hobetu beharrean okertu egin da Udalak hartutako erabakiarekin. Aiaraldeko Euskalgintza Kontseiluak aspalditik eskatzen du Amurrion euskara teknikaria izatea, beharra nabarmena baita».