NAIZ

Medikuntza eta Erizaintza Fakultate berriaren lehen harria jarri du Urkulluk, txistu artean

Euspel sindikatuko eta Ertzainak Indarbidez plataformako kideen oihu eta txistu artean jarri du Iñigo Urkulluk Bilbon eraikiko den EHUko Medikuntza eta Erizaintzako Fakultate berriaren lehen harria. «Errespetua» eskatu die EAEko lehendakariak protestan ari zirenei.

Bilbon ostiral honetan egindako agerraldia.
Bilbon ostiral honetan egindako agerraldia. (Monika DEL VALLE | FOKU)

Iñigo Urkullu lehendakariak Bilbon eraikiko den EHUko Medikuntza eta Erizaintzako Fakultate berriaren lehen harria jarri du ostiral honetan. Oihu eta txistu artean egin du, izan ere bertan izan dira Euspel sindikatuko eta Ertzainak Indarbidez plataformako kideak.

Protestan egindako zarata lehendakariaren hitzaldiaren hasieran eten da. «Benetan sentitzen dut horrelako ekitaldi instituzional batean izan diren deserosotasun horiek jasatea», esan du Urkulluk, eta bere buruari galdetu dio «zein lotura duen gaurko ekitaldiarekin manifestatzen aritu den kolektiboak» .

«Nolanahi ere, askotariko gizarte batean, errespetua da bizikidetzaren gakoetako bat, eta oraindik ikasteko asko dugula uste dut», adierazi du «errespetua» eskatu ondoren.

Joseba Saralegi Euspeleko bozeramaileak esan du protestarekin agerian utzi nahi izan dutela euren aldarrikapenak «bizirik» jarraitzen duela, eta aurreratu du, oporren ostean, mobilizazioei eutsiko dietela Lakua ertzainen ordezkariekin «negoziatzera eseri dadin».

Fakultate berria

Fakultate berriari dagokionez, Medikuntza, Erizaintza eta Fisioterapia ikasketak hartuko ditu eraikinak, 2026-2027 ikasturterako jardunean egongo dena. Eraikuntza lana Gasteizko Gobernuak bultzatu eta finantzatu du, 62,1 milioi euroko inbertsioa eginda.

Bere hitzaldian, Urkulluk nabarmendu egin du azpiegitura berriak osasunaren eta ikerketaren alorretarako dakarren «aurrerapauso erabakigarria», baita proiektuak oinarrian duen erakundeen arteko lankidetza sendoa ere.

«Bilboko Udalak, EHUk eta Eusko Jaurlaritzak osasun publikoaren eta kalitate goreneko euskal unibertsitate publikoaren aldeko apustu garbian jarraitzen dugu. Abangoardiako ikerketaren aldeko apustuan ere bai, eraikin berri honetan leku nabarmena izango baitu ikerketak», esan du.

Adierazi duenez, «herri honek onena nahi du, eta aurkezten ari garena bezalako inbertsioekin erakusten du. Gaur beste harri bat jarriko dugu elkarrekin eraiki nahi dugun bide honetan, herritarrentzat zerbitzu publikorik onenak aurkitu nahi ditugun bidean».

Osasun Zientzietako unibertsitate prestakuntzarako eta ikerketarako «abangoardiako azpiegitura» gisa definitu du eraikin berria eta, nabarmendu duenez, Medikuntza eta Erizaintza Fakultateko eskaintza akademikoa eta plazen eskaintza handituko ditu.

Izan ere, gune akademikoan egongo dira 75 ikasgela, bi ospitale birtual, ikerketarako eremuak eta 10.000 metro koadroko espazioa hainbat arlotako laborategietarako -anatomia, disekzioa, mikrobiologia, kirurgia, genetika- eta beste ekipamendu batzuetarako.