Lidertzarengatik lehian jarraituko duela argi eta garbi utzi du Oriok larunbat honetan Getxoko ur zailetan. Irteeran izandako zailtasunei aurre egin eta gero, hegan egin dute «mirotzek» garaipena lortu eta Arraun Lagunaki puntu bat kenduz.
Izan ere, lehen kaletik (estropadako txarrena, irteerarako behintzat), Nadeth Agirre patroiak bi aldiz askatu behar izan du estatxa, haizeak eta olatuek egiten zuten indarrarengatik. Tolosaldeko patroiak ere askatu behar izan du, Arraun Lagunak eta Donostiarra ontziak zain zeuden bitartean.
Behin irteera emanda, Oriok hegan egin du. Lehen luzean 8 segundoko galera zuen Arraun Lagunak liderrak eta Nadeth Agirrerenek ez dute hutsik egin estropada eta bandera irabazteko. 13 segundoko alde atera diete donostiarrei helmugan.
Aipatzekoa da emakumeen estropada nahiko gorabeheratsua izan dela. Lehen txandan, kale bateko estatxarekin arazoak izan dituzte ere, ura oso mugitua baitzegoen. Estatxa kateatuta geratu da eta askatu behar izan dute, beste berri bat jarriz. Eta, ondoren, irteera gelditu behar izan dute, Tiran eta Hibaika lehenago atera baitira. Bi traineruek 3 segundoko zigorra jaso dute.
Txandari dagokionez, Hondarribia jaun eta jabe izan da hasieratik. Hibaikak hasiera gorabeheratsua ordaindu du, eta lehen luzean hondarribiarrek denbora asko atera diete bere aurkariei. «Lanean jarraitzen dugu», esaten zien Miren Garmendia Hondarribiko patroiak bere arraunlariei, eta hauek ez dute erritmoa jaitsi. Ziabogan 17 segundoko aldea atera dio Hibaikari, eta bigarren luzean, nahiz eta errenteriarrak pixka bat gerturatu, berdeen patroiak indarrak eman dizkie taldekideei eta, olatu ona hartuz, helmugaraino oso nagusi izaten jarraitu du "Ama Guadalupekoa" ontziak.
Lehen kaletik aterata, laugarren kaletik sartu da Hondarribia, eta beste hiru traineruek gauza bera egin dute.
Euskotren Liga - Getxoko XV. Bandera
1. Orio 11:23.06
2. Arraun Lagunak 11:36.76
3. Tolosaldea 11:41.80
4. Donostiarra 11:49.06
5. Hondarribia 11:54.10
6. Hibaika 12:24.08
7. Cabo 12:44.94
8. Tiran 12:58.84
Euskotren Liga - Sailkapen nagusia
1. Arraun Lagunak 43 puntu
2. Orio 41
3. Tolosaldea 35
4. Donostiarra 31
5. Hondarribia 26
6. Hibaika 18
7. Cabo 14
8. Tiran 7