Santurtziko San Juan de Dios estropada haizerik gabe hasi da. Getxo ondoan dago, baina atzokoarekin konparatuz, baldintzek ez zuten zerikusirik. Gainera, gaurko probak berezitasun bat zuen: emakumeen luzeak laburragoak ziren, baina 4 luze eta hiru ziaboga zituen eta orokorrean estropada luzeagoa zuten aurretik.
Haizerik gabeko estropada izanda, hasiera batean, kaleak kontuan hartu gabe, egoera denentzat berdintsua zen. Baina Donostiarrak bikain aprobetxatu du hirugarren kalea arantza handi bat kentzeko eta garaipena eskuratzeko. Gogoratu behar da duela aste batzuk lehiatu gabe geratu zela "Torrekua"ko patroiari pisua ahaztu egin zitzaiolako. Gaurkoan, gainera, tentsioa eta emozioa egon da azken unera arte, donostiarrek 3 segundoko zigorra jaso baitute estropadan zehar arraunak gurutzatzeagatik. Hala ere, denbora nahikoarekin helmugaratu dira lehenengoak eta, ofiziala egin denean, negarrez ospatu dute Nerea Perez patroiaren arraunlariek garaipena.
Arraun Lagunaki segundo bateko alde atera diote eta Donostiako beste traineruak lider jarraituko du, Oriori beste puntutxo bat ateraz. Mirotzak hirugarren izan diren bitartean, Tolosaldeak ezin izan dio laugarren postuari eutsi, aurreko txandan Hondarribia azkarragoa izan baita.
Izan ere, lehen txanda horretan, "Ama Guadalupekoa", bigarren kaletik –berdeek ez zuten kale hau nahi–, hasiera-hasieratik oso nagusi agertu da. Miren Garmendia patroiak bikain gidatu ditu, beste behin, bere arraunlariak eta argi utzi dute ohorezko txandan aritu nahi dutela eta horregatik borrokatuko dutela estropada bakoitzean.
Ziaboga bakoitzean aldeak handituz joan dira "Ama Guadalupekoa" ontzikoek. Hibaikak ez du arazorik izan txandako bigarren postuari eusteko, eta atzean lehia polita izan dute Tiranek eta Cabok, postuak txandakatuz. Azkenean, Tiranentzat izan da hirugarren postua, bi segundogatik besterik ez.
San Juan de Dios Santurtziko Bandera:
1. Donostiarra 12:51.08
2. Arraun Lagunak 12:54.98
3. Orio 12:58.68
4. Hondarribia 13:09.44
5. Tolosaldea 13:12.50
6. Hibaika 13:30.50
7. Tiran 13:45.28
8. Cabo 13:48.80
Sailkapen nagusia:
1. Arraun Lagunak 50 puntu
2. Orio 47
3. Donostiarra 39
4. Tolosaldea 39
5. Hondarribia 31
6. Hibaika 21
7. Cabo 15
8. Tiran 9