NAIZ

Eraso sexistak salatzeko elkarretaratzea egin dute Baionako Merkatu plazan

Gaur amaituko diren Baionako bestetan bortizkeria sexistaren hainbat kasu izan direla –larrienetakoa ostiralean emazte batek salatu zuen bortxaketa– salatu dute igande eguerdian Merkatu plazan eginiko elkarretaratzearen bidez.

Baionako Merkatu plazan egin dute bortizkeria sexista salatzeko elkarretaratzea.
Baionako Merkatu plazan egin dute bortizkeria sexista salatzeko elkarretaratzea. (Guillaume FAUVEAU)

Itaia indarkeria matxistaren kontrako Baionako asanbladak bultzaturik eta bertze hainbat talde feministaren sostenguarekin, hala nola PAF, elkarretaratzea egin dute igande eguerdian Baionako Merkatu plazan.

Ekimen horren bidez salatu dute gaur gauean amaituko diren bestetan hainbat eraso matxista gertatu direla. Horietatik larriena, joan zen ostiralean emazte baten Baionako polizia etxean salatu zuen bortxaketa.

Emaztea Euskaldunen Plazan azaldu zen, ostiral goizean, aurreko orduetan gertatu zitzaionari buruzko oroitzapen zehatzik gabe, ‘Sud Ouest’ kazetak plazaraturiko informazioaren arabera.

Poliziak ikerketa abian duela baieztatu zuen, nahiz eta «erasoak guztiz frogatutzat ez jo» bortxaketa.

Prefekturak «baieztatu gabeko» beste eraso baten berri eman zuen ostegun goizean. Alta, lehenengo salaketa horri Fiskaltzak ez zion segidarik eman.

«Sinesten zaitugu» leloa zeukaten afixak azaldu ziren horren ostean besta eremuan, San Andresen, bortizkeria sexisten aurkako Maina izeneko zerbitzutik ez oso urrun.

Arratsaldeko 16.00etatik gaueko 21.00ak arte irekia da Maina zerbitzua Roland Barthes zabalgunean, Aturriko campusaren aurrealdean.

Emazteei harrera egitearren, egitura ezberdinetako profesionalak eta elkarte feministetan jarduten duten militanteak txandakatzen dira bertan.

Aurten lehen aldiz, Itaia indarkeria matxistaren kontrako Baionako asanbladak bere esku hartu du ordu txikietan ere behatze sistema martxan ematea, horretarako telefono zenbaki bat jarriz.

Mainaren xapitoaren kanpoaldean kontagailu moduko bat ezarri dute, bestetan izandako eraso kopurua eguneratzeko. Bertze hainbat elkarte feministak babestu duten elkarretaratzea deitu zuen, finean, erasoen salaketa karrikara eramateko.

Hain zuzen Merkatu plazan gauzatu da, gaur eguerdian, bortizkeria sexista salatzeko ekimena.