NAIZ

Izen berrituarekin aurkeztu dute erremonteko «urteko txapelketarik garrantzitsuena»

Eusko Label babesle nagusia izango dela, bihar hasiko da 41. Buruz Buruzko erremonte txapelketa. Ligaxkan sei pilotari arituko dira eta aurretik bi kanporaketa jokatuko dituzte, bihar eta larunbatean. Galarreta pilotalekuan jokatuko dira partida guztiak.

Erremontistak Chillida Lekun eginiko aurkezpenean.
Erremontistak Chillida Lekun eginiko aurkezpenean. (ORIAMENDI)

Chillida Lekun, Hernanin, Galarreta frontoitik hurbil aurkeztu dute astearte honetan 41. Buruz Buruko erremonte txapelketa, aurten izen berrituarekin, babesle nagusiaren aldaketa eman ondotik. Urteko txapelketarik garrantzitsuena Eusko Label deiturarekin ezagutuko da hemendik aurrera.

Sei pilotarik jokatuko dute, eta bihar hasiko da aurreligaxka Galarretan. Bertan Azpiroz eta Larrañaga lehiatuko dira nor baino nor, eta irabazleak larunbatean Juanenea zain izango du. Larunbateko garaileak ligaxkarako sailkapena lortuko du eta orduan Ansa II.a, Barrenetxea IV.a eta Urriza, egungo txapelduna, gehituko dira txapelketara.

Ligaxkan denek denen aurka jokatuko dute, eta lehenengo postuan sailkatzen den pilotaria zuzenean finalera sailkatuko da. Bigarren eta hirugarren sailkatuek finalerdia jokatuko dute.
Ligaxkan sei partida izango dira: abuztuaren 10ean, 12an, 17an, 19an, 24an eta 26an. Finalerdia irailaren 2an jokatuko dute Galarretan eta finala irailaren 9an izango da.

Puntuazio sistemak erabakiko du ligaxkako sailkapena. Partidak 30era izango dira eta garaileak lau puntu batuko ditu; 29tik 27 tantora egiten dituenak bi puntu lortuko ditu; 26tik 24 tantora egiten duenak puntu bat eskuratuko du; 23tik 17 tantora ez da punturik banatuko; eta 16 edo tanto gutxiago egiten dituenak puntu negatiboa izango du.

Bi erremontisten artean berdinketa gertatzen baldin bada, haien arteko partidaren irabazlea sailkatuko da aurretik. Hiru-lau erremontistek berdintzen badute, emaitza globala kontuan hartuko da.

Partida guztiak Hernaniko Galarreta pilotalekuan izango dira. Lehenengo partida, bihar, 16.30ean hasiko den jaialdian jokatuko dute Azpirozek eta Larrañagak.