NAIZ

Klima larrialdiak kaltetu ditzakeen lekuak babesteko tresna garatu du Tecnaliak

Tecnaliak garatutako tresna Europan egon daitezkeen klima eta ingurumen erronka nagusiei aurre egiteko ekimen handi baten parte da, eta dagoeneko martxan dago zaurgarriak diren zenbait eremutan.

Savaren arroa (Europako hego-ekialdea) klimarekiko kaltebera da.
Savaren arroa (Europako hego-ekialdea) klimarekiko kaltebera da. (Andrej ISAKOVIC | AFP)

Tecnalia ikerketa eta garapen teknologikorako zentroak, Unescoren laguntzarekin, klima aldaketarekiko kalteberak diren eremu historikoak berreskuratzeko plataforma bat abiarazi du. Arriskuan dauden eremu historiko eta kulturaletan erresilientzia hobetzeko irtenbideen katalogo bat duen sistema bat da, Tecnaliak berak atzo jakinarazi zuenez.

Euskal Herriko Unibertsitateak eta EGIS enpresak ere plataformaren garapenean parte hartu dute, eta, batez ere, tokiko agintariei, hiri-planifikatzaileei, kontserbazioko profesionalei, lehen laguntzak emateaz arduratzen diren langileei –suhiltzaileak, medikuak, poliziak–, kultura-ondarearen jabeei eta administratzaileei zuzenduta dago.

Tecnaliak zehaztu zuenez, plataformaren helburua «eremu historikoak ingurune historiko erresilienteago, zirkularrago, adimentsuago eta inklusiboago batera eraldatzen laguntzeko tresnak ematea da», betiere «kontzientziak, egokitzapenak eta arriskuen aurkako prestaketek ematen duten aukera aprobetxatuz».

Tecnaliak garatutako tresna Europan egon daitezkeen klima eta ingurumen erronka nagusiei aurre egiteko ekimen handi baten parte da, eta dagoeneko martxan dago zaurgarriak diren zenbait eremutan, hala nola Ravennan (Italia), Seferihisarren (Turkia), Dordrechten (Herbehereak), Sava ibaiaren arroan (Europako hego-ekialdea) eta Baixa Limia-Serra do Xures parke naturalean (Galizia).

Leku hauek guztiak ikaskuntza-sare baten bidez konektatuta daude, eta, sare horri esker, etengabe trukatuko dituzte ezagutzak, esperientziak eta kudeaketa-jardunbide egokiak, eta horri esker ikaskuntza-prozesurik onenak eskuratuko dira.