Maider Iantzi
Aktualitateko erredaktorea / Redactora de actualidad

1826ko bertso sorta bat topatu dute, sei emakume haurdun utzi zituen doneztebarrari paratua

Ekaitz Santaziliak eta Ricardo Urritzolak 1826an Donezteben paratutako bertso paper batzuk aurkitu eta aztertu dituzte. Fermin Altxu Beristain maisuari jarriak dira. Sei emakume haurdun utzi zituen, eta horietako batek salatu egin zuen. Gipuzkeraz idatzia dago testua.

Dantzaldia Doneztebeko plazan, 1924ko San Pedro bestetan. Ezkerrean, La Unión kasinoa.
Dantzaldia Doneztebeko plazan, 1924ko San Pedro bestetan. Ezkerrean, La Unión kasinoa. (Ricardo MARTIN | KUTXA FOTOTEKA)

Ricardo Urritzolak aurkitu ditu 1826an Donezteben jarritako bertso paperak, Nafarroako Errege Artxibo Nagusian. Nafarroa erresuma zenez, justizia sistema propioa zuen eta, beraz, Nafarroan berean epaitzen ziren auziak. Artxibo horretan dago jasoa justizia sistemaren dokumentazio guzia. Urteak eman dituzte dena katalogatzen, XIX. mendeko auzien prozesuak katalogatzen bukatu dute eta oraintxe jarri dituzte horiek kontsultagai. Historia ttikia ezagutzeko aukera polita da artxiboa arakatzea eta horretan ari zela topatu du Urritzolak Fermin Altxu Beristain sei emakume haurdun utzi zituen maisuari paratutako 14 bertsoko sorta.

Denbora librean ikertzen du Urritzolak, lana amaitzean artxibora joatea maite du. «Zer garrantzitsua den bera bezalako pertsonen lana!», baloratu du Ekaitz Santaziliak, testua aztertu duen euskal filologoak. Iruindarra da Santazilia, Nafarroako Unibertsitate Publikoko irakaslea. Beti paper zaharren artean ibiltzen da, euskararen historia ikertzen. Berarekin mintzatu gara Altxuren historiaz eta aurkikuntza honen garrantziaz.

Doneztebarra zen Altxu, eskolako maisua. Aita ere irakaslea zuen, donamariarra. Sei emakume haurdun utzi zituen Ferminek, eta horietako batek salaketa jarri zuen. Garai hartan ezkontzatik kanpo haurdun gelditzea ez zen ongi ikusia. Emakume honek lana galdu zuen eta mantenua eskatu zuen haurra hazteko.

Herritarrei irakurtzen eta idazten erakusten ziela baliatuz, Doneztebeko Frantziska Etxenike, Maria Martina Andiarena ostatuko neskame donamariarra, Donamariako Aroztegiko Bitoriana Armasa, Iruñeko bi neskato eta bertzeren bat ere haurdun utzi zituen. Armasari ezkontzeko hitza eman zion.

Altxuren aurkako epaiketa egin zen, eta bertako dokumentuen artean daude hainbat doneztebarren adierazpenak. Lekuko batzuek emakumearen alde egin zuten, bertzeek gizonaren alde. Altxuk defendatu zuen harreman guztiak emakumeen oniritziarekin izan zituela eta ez zuela errurik.

Bertsoak komunikabide garrantzitsua ziren eta bai ahoz bai idatziz zabaldu ziren herritarren artean maisuaren ibileraren berriak. Gizona kexu agertu zen, bertso horiek iraingarriak zirela eta bere kontra erabili zirela erranez. Lau herritar ere salatu zituen, kopla kantari ibiltzeagatik: Geronimo Goñi, Martin Jose Etxenike, Martin Etxaideren mutila eta Kosme zurginaren semea.

Egilea zein den argitzeko dago

Bertso papera erakutsi ziotenean, Norberto Goienetxe errege-notarioaren letra ezagutu zuen Altxuk eta bera jo zuen egiletzat. Doneztebarra zen bera ere eta desberdintasun politikoak zituzten lehendik ere. «Eskribaua zen, dokumentu pila ditu idatziak. Guk ere konparatu dugu letra eta badu antza. Uste dugu oso posible dela berak idatzi izana».

«Arazo bat dago, ordea: euskara hori ez da inondik ere Doneztebekoa. Bertsoak gipuzkeraz daude, gipuzkera berezi batean gainera, jaso samarra, literarioa. Manuel Larramendi bultzatzaile izan zuen euskara mota hori ikusten dugu. Ez dira edonork egiteko moduko bertsoak, idazle jantziren batek baizik», azaldu du hizkuntzalariak.

Kaligrafia XIX. mendeko hasierako tipikoa da, eta egileak idazteko ohitura zuela nabari da. «Oso testu txukuna eta garbia da». Lehengo ortografiarekin idatzia dago, jakina, ‘K’-rik eta ‘H’-rik gabe adibidez, eta gaur egungo idazkerara ekarri dituzte bertsoak, testu zaharrekin ohitua ez dagoenak hobeki uler ditzan.

Bertsolaria kanpokoa dela iradokitzen dute zenbait kontuk: Santesteban aipatzen da eta bertakoek, orduan, Doneztebe erraten zuten. Gainera, Bertizaranan kokatzen duela dirudi, eta Doneztebe ez da sekula Bertizarana izan.

Zortzi urterako kondenatua

Santaziliak esplikatu duenez, epaiketetan behin-behineko epai bat ematen zen lehenbizi eta parte guztiek onartzen bazuten hor bukatzen zen auzia. Aldiz, bietako bat ez bazen ados epaiketak aitzinera jarraitzen zuen. Kasu honetan Fermin Altxu ez zegoen ados, eta azkenean lehendabizikoa baino epai gogorragoa jaso zuen. Ceutara zortzi urterako soldadu joatera kondenatu zuten, maisu aritzeko baimena galdu zuen eta epaiketaren gastuak ordaindu behar izan zituen.

Bitartean atxilotu eta kartzelan egon zen Iruñean. Bere aitak eskatu zuen libre uzteko, garai hartan presoen mantenua norberak ordaintzen zuelako eta gastu bat zelako familiarentzat.

«Emakumeenganako enpatia urria»

Bertsoek hainbat irakurketa interesgarri dituzte. Adibidez, «emakumeenganako enpatia urria» ikusten da, bereziki azken bertsoan. «Ojala banengoke ni harren larruan», kantari ibili ziren gizon batzuk herrian.

«Emakumeen rola nahiko pasiboa da bertso horietan, objektuak dira subjektu baino gehiago. Baina gero egia da epaiketan gauzak ez direla horrela: emakume batek jarri zuen salaketa, emakumeen testigantzak jaso ziren, eta Altxuk pagatu zuen egindakoa», adierazi du ikerlariak.

Balio soziolinguistikoa

Bertsoak jartzen ziren gauzen berri emateko, eta ahoz zein idatziz pasatzen ziren, eskuz esku. Hori inportantea da, pentsatzen dugu jendeak ez zekiela idazten eta irakurtzen baina hori ez zen beti hala. «Euskara ez zen soilik behe-behekoen hizkuntza izan, bazen komunitate elebidun inportante bat, errege eskribauena adibidez, euskara erabiltzen zuten idatziz ere, halako gauzetarako. Ipar Euskal Herrian Hegoaldean baino tradizio handiagoa izan da euskara idatziz erabiltzekoa, baina halako gauzei esker Hegoaldean ere bazela ikusten da».

Sarri, bertsoak auzibide zirenean, bertso horiek kantatzea debekatzen zen, eta batzuk erre eta bota egiten zituzten. Horregatik, bertsoen ondorioz sortutako prozesu batzuetan prozesu osoaren dokumentazioa gordetzen zen, baina bertsoak berak ez. Doneztebeko kasu hau zorte handia izan da.

1826an ezezagun batek Fermin Altxuri paratutako bertsoekin pozarren daude bi ikerlariak. «Oso bertso politak dira. Informazio ona ematen dute euskararen historia ikertzen dugunontzat ere, ikusten dugulako Doneztebe batean gipuzkerako bertsoak egon daitezkeela, ez bakarrik tokian tokiko mintzoa. Idazkera jasoa Doneztebera ailegatu izana soziolinguistikoki inportantea da: euskara mugitzen zen, jendea mugitzen zen. Norberak bere txokoko euskara egitea eta hori bakarrik entenditzea nahiko berria da, euskararen gainbeheraren ondorioa. Euskara biziago zegoenean ez zen halako arazorik».

Sare sozialetan oihartzun handia izan du bertso sortak, Bertsozale Elkartekoek ere interesa agertu dute. Orain, artikulu zientifiko luzeago bat prestatzen ari dira datorren urtean argitaratzeko. Bertan jarriko dute lekuko bakoitzak zer erran zuen, xeheago kontatuko dute Altxuren historia, eta euskarari buruzko datu gehiago emanen dituzte.

Horra bertso sorta:

1. Kanta berri eder bat

paratzen naiz hasi,

Bertiza(ra)ngo ballean

desaten ikasi.

Egia esan gabe

ez nezake utzi:

hango gazteria txit

gustora da bizi.

2. Santestebanen dute

maisua Don Fermin.

Eskola paratua,

ez du batere min.

Gizon abila dana

badakigu berdin;

prodigio handiak

omen ditu egin.

3. Eskribatzen omen du

asko eta garbi.

Halakoak behar du

‘enseñanza’ jarri.

Gizona lan hobetan

ez diteke ari;

herrian omen dauzka

lau dama ernari.

4. Maisu on izatea

ez da txit milagro;

aprendiz urteak goiz

zituen igaro.

Haren kontuak ongi

jakinean nago:

Pamplonan izan ditu

beste bi le(he)nago.

5. Esku arina du ta

pluma es pizuba.

Bere ofizioan

guziz jakinzuba.

Nahiz dala mansoa ta

orobat izua,

damak eskolatzeko

hura zer maisua!

6. Eskola jarri zuen

berak hala nahita,

edozeinek es baitu

hartarako gaita.

Nafarroa guzian

siñalea baita,

ezkondu baino le(he)n da

sei umeren aita.

7. Maizuari ezanik

amodio pina,

eskolara joaten

zitzaion Martina.

Agirian daukate

hango lan egiña.

Orduan gozo zana

orain txit da mina.

8. Mari Martin gaisoa,

horra zure ditxa.

Maizu jakinzunakin

kuidados zabiltza.

Maite izan bazindu

gizon prestu giza,

etzizun ukatuko

emandako hitza.

9. Egin zuen orduan

zurekiko lana.

Laizter abiatu zan

beste batengana,

baita logratu ere

deseo zebana:

dama gazte bat, zeina

dan Bitoriana.

10. Ikusirik hain gazte,

guri eta mardul,

Bitoriana zuen

hartu bere lagun.

Halako parajean

nahi litzake jardun;

hura ere tristeak

ezin logratu du.

11. Dama Bitoriana,

begirik ez buzti:

maizuak maite zaitu,

ez halere gutxi.

Zurekin ezkondurik

nahi zukean bizi,

baldin le(he)nagokoak

baliote utzi.

12. Egin ezkeroztanik

horrenbezte neke,

errenta seguru bat

gizonak nahi luke.

Trabajatzen omen du

anitz eta merke:

sabela omen dio

Frantziskari bete.

13. Nafarroan ez dago

halako mutilik:

nunbaiten ere badu

beste bat ixilik.

Gordea egon arren,

ateak itxirik,

noizbait agertuko da,

hil edo bizirik.

14. Sei andre omen dauzka

gaur bere karguan.

Ea nor arkitzen dan

halako graduan!

Inork ez du berdintzen

Espainia barruan:

ojala banengoke

ni harren larruan.